60/40 da seguruenik gehien erabiltzen den inbertsio estrategia. Estrategia honetarako aurrezkiak bitan banatzen dira: aurrezkiaren %60 errenta aldakorrean inbertitzen da, eta gainerako %40 errenta finkoan.

Banaketa honen helburua bataren arriskua bestearekin konpentsatzea da. Adibidez, errenta aldakorra oso hegakorra da, eta errenta finkoa egonkorragoa, beraz noizbait dirurik beharko bagenu errenta finkoa saldu genezake galera saihesteko. Errenta finkoa, ordea, ez litzateke hain aproposa izango inflazioa igoz gero. Kasu horretan errenta aldakorra izango genuke babes gisa, askoz hobeto moldatzen baita inflazio garaietara.

Gerta daiteke denbora aurrera doan eran gure inbertsioen banaketa aldatzea. Kasu horretan inbertsioa berrorekatu egiten da. Adibidez, demagun burtsan urte ona izan dela, eta errenta aldakorraren balio igoera dela eta, errenta aldakorraren zatia inbertsio osoaren %75 izatera iritsi dela. Orduan errenta aldakorraren gehiegizko %15 hori saldu, eta errenta finkoa erosiko dugu, berriro 60/40 banaketa berreskuratzeko. Horrela, batetik irabaziak egonkortzen ditugu, eta bestetik erosketak bataz besteratzen ditugu. Ohikoena gutxienez urtean behin berrorekatzea da.

100 ken adina deitutako estrategia 60/40ren aldaera bat da. Aurrezki guztiak errenta aldakor eta finkoan banatzen ditu baita ere, baina beti banaketa berdina mantendu beharrean gure adinaren araberako banaketa egiten du. Hain zuzen, errenta aldakorrera bideratutako ehunekoa 100i gure adina kenduta emango lukena litzateke. Gainerakoa errenta finkora joango litzateke. Eta adina aldatuz doanez banaketa adinaren arabera berrorekatuko da baita ere.

Estrategia honen atzean dagoen ideia gure bizimoduan izan ohi dugun portaera da. Gazteak garenean lan egiteko gaitasun handiagoa dugu, eta normalena lanaren etekinetatik bizitzea da. Garai honetan inbertsioak saldu behar izateko arriskua txikiagoa da, beraz, ez dugu hainbeste kezkatu behar errenta aldakorraren hegakortasunaz. Horrela, garai aproposa da errenta aldakorrerako, eta epe luzera bere errentagarritasunaz ahalik eta gehien baliatzeko. Adinean aurrera goazen eran, ordea, epea laburtuz doa, eta etekin egonkorrak ziurtatzea komeni zaigu. Horretarako, jakina, hobe errenta finkoa.