Twinvest estrategia kostu bataz besteratzearen hobekuntza gisa ikus daiteke. Twinvestekin ere hutsetik hasten gara, aldiero diru kopuru bera aurreztuz, baina aurrezten duguna erabat errenta aldakorrean inbertitu beharrean aldi bakoitzeko kopuru hori bitan banatzen da, dibertsifikazioa hobetuz. Hain zuzen, zati bat errenta aldakorrean inbertitzen da, eta bestea gordailuetan uzten da. Gainera, aldiroko aurrezkiaren banaketa aldatu egiten da.

Lehen aldian aldiroko kopuruaren %75 erabiltzen da akzioak erosteko, gainerako %25a gordailuetan utziz. Adibidez, demagun hiru hilean behin 500 euro aurreztea erabaki dugula. Orduan lehen aldi horretan 500 x 0,75 = 375 euro erabiliko genituzke akzioak erosteko, gainerako 500 – 375 = 125 euroak dirutan gordez.

Hortik aurrera, ordea, akzioen hasierako erosneurriaren aldaketaren alderantzizko proportzioak emango digu errenta aldakorrera bideratu beharreko zatia. Beraz, lehen aldiz akzioak erosten ditugunean akzio bakoitzaren erosneurria zenbatekoa den gogoratu beharko dugu hurrengo aldi guztietan.

Adibidez, demagun lehen aldi horretan akzioak 5 euro balio zituela. Balio horrekin 75/25 banaketa egin dugunez hurrengo batean berriro 5 eurotan badago orduan 75/25 banaketa erabiliko dugu baita ere. Baina, adibidez, akzioak 6 euro balio baditu orduan 5 x 75 / 6 = %62,50 bideratu beharko dugu errenta aldakorrera. Hau da, 500 x 0,625 = 312,50 euro. Baina, adibidez, 4 euro balio baditu orduan 5 x 75 / 4 = %93,75, hau da, 500 x 0,9375 = 468,75 euro.

Alderantzizko proportzio honi esker askoz gehiago erosten da akzioen erosneurria jeisten denean, eta gutxiago erosneurria igotakoan, bataz besteratzea askoz nabarmenagoa eginez.

Gerta daiteke, ordea, akzioen balioa asko jeisteagatik aldiroko aurrezkia behar adinekoa ez izatea. Adibidez, aurreko adibidearekin jarraituz, demagun akzioa 3 eurotara jeitsi dela. Orduan 5 x 75 / 3 = %125 erabili beharko genuke akzioak erosteko, hau da, 500 x 1,25 = 600 euro. Kasu honetan bi aukera dauzkagu: aldiroko kopurura mugatu, ala faltako litzatekena gordailuetan daukagunarekin aterata osatu. Hau da, gure aurrezkia hiru hilean behin 500 eurokoa zenez horixe erabiliko genuke gehienez aldiero. Ala, aurrezkiaren zati bat gordailuetan dugula aprobetxatuz, falta diren 600 – 500 = 100 euroak gordailutik atera, eta errenta aldakorrera pasa, horrela estrategia zorrotz jarraituz. Bi aukerak dira onak; norberaren lehentasunen arabera erabaki daiteke.

Bestalde, Twinvest estrategiak badu amaiera ere. Hain zuzen, errenta aldakorrera bideratu beharreko zatia %25era iristean estrategia amaitutzat ematen da. Zati hori hainbeste gutxitzeko akzioaren balioak asko igo behar izan du, beraz, irabaziak jasotzeko aprobetxa daiteke. Edo nahi izanez gero beste Twinvest bat hasteko. Edo beste estrategia bat. Norberak nahi duena.