Inbertsio estrategia bat gure aurrezkiak inbertitzeko gida bat da, aurrezki guztiak inbertitzeko gida bat. Beraz, ez du zentzurik aurrezkiak estrategia desberdinetan banatzeak. Bat aukeratu behar dugu, erosoen sentiarazten gaituena, eta dena estrategia horren arabera inbertitu. Jakina, dauzkagun aurrezkien arabera ez digute estrategia guztiek berdin balioko. Adibidez, aurrezten hasi berriak bagara zentzu handiagoa izango dute kostu bataz besteratzeak eta Twinvestek zorro iraunkorrak baino. Eta aurrezki multzo eder bat badugu orduan hobe 60/40 eta horrelakoak. Hala ere, adibidez, posible da Twinvestekin hasi, eta behin amaierara iritsita, edota aurrezki multzo polit bat lortuta, inbertsioa zorro dibertsifikatuko estrategia batera aldatzea. Baina horrelako aldaketaz aparte ez da komeni noiznahi estrategia batetik bestera mugitzen aritzea. Estrategia guztiak epe luzera inbertitzeko pentsatuta daude, epe motzeko arriskuak kontuan hartuz gainera. Beraz, ez kezkatu noizbait inbertsioek aldi txar bat izaten badute, utzi urteetan lasai, segi aurrezkiak pilatzen, beharrezkoa denean berrorekatu, eta estrategiak egin dezala bere lana. Horixe da aurrezkiei etekina ateratzeko modurik hoberena.