Inbertsio estrategiak azaltzerakoan arriskuei aurre egiteko dibertsifikazioak zuen garrantzia ikusi genuen. Batez ere, aurrezkiak inbertsio mota desberdinetan banatzea komeni zela ikusten genuen, baina mota beraren barruan baita aukera desberdinetan ere. Bestalde, komisioei aurre egiteko, ikusi dugu baita ere inbertsio bakoitzeko gutxieneko kopuru bat erabiltzea komeni dela. Baina, orduan, ez al da sekulako dirutza beharko aurrezkiei etekina ateratzeko? Adibidez, 60/40 estrategia erabili nahi badugu, errenta finkoko inbertsio bakoitzeko 5.000 euro komeni badira, eta dibertsifikatzeko 10 jaulkipen desberdin behar baditugu, orduan 50.000 euro behar ditugu gutxienez errenta finkoaren zatirako, eta 125.000 euro estrategia osorako. Eta nork du aurrezki guzti hori? Zorionez, askoz kopuru txikiagoekin estrategia berberak erabiltzea ahaltzen diguten tresnak aurki ditzakegu: inbertsio funtsak.

Inbertsio funtsak inbertsore multzoak dira, beren aurrezkiak batu eta inbertsio jakin batzuk egiteko bildu diren inbertsore multzoak. Gainera irekiak izan ohi dira, hau da, edonor gehitu daiteke inbertsio funts batera. Horretarako aski izango da funtseko partaidetzak harpidetzea.

Funtsetako partaidetzak enpresetako akzioak bezala ikus daitezke: balio aldakorra dute, funtsaren inbertsioen bilakaeraren araberakoa. Baina akzioen kasuan saltzaile bat behar bada funtsen kasuan ez da horrela. Nahi adina partaidetza harpidetu daitezke, eta nahi den aldi guztietan; ez dago mugarik. Eta funtsa uzteko aski izango da partaidetzak itzultzea; nahi denean, eta nahi diren kopuruan. Erosle beharrik gabe hemen ere.

Ehundaka inbertsio funts daude, eta berauei esker aurrezki gutxirekin ere gure inbertsio estrategia betetzeko gai izango gara. Izan ere, gure aurrezkia beste inbertsore batzuenarekin pilatuta kopuru handiagoak osatuko dira, eta horri esker komisioen eragina gutxitu ahal izango dugu. Hala ere, kontu izan behar dugu funtsak aukeratzean, ez baitute denek balio. Horrela, inbertsio funts bat ondo datorkigun ala ez jakiteko, gutxienez funtsaren inbertsio politika eta gastuak begiratu beharko ditugu.