Itxura batean inbertsio funtsengatik ez dugu gasturik ordainduko. Hau da, funts bateko partaidetzak harpidetzean, mantentzean edo itzultzean ez digute zuzeneko komisiorik ordaindu araziko. Beraz, gasturik ez dutela irudituko zaigu. Baina gauzak ez dira horrela. Inbertsio funtsek gastuak dituzte, eta uste baino handiagoak gainera. Gertatzen dena gastuak zeharkakoak izaten direla da. Hau da, gastuak zuzenean guri ordaindu arazi beharrean —adibidez errenta finko eta aldakorreko eragiketetan gertatzen den bezala—, inbertsio funtsean pilatutako aurrezkietatik kentzen dira. Hortaz, garbi eduki: inbertsio funtsek badituzte gastuak.

Inbertsio funtsen gastuetako bat zaintzarena da. Zuzeneko inbertsioekin gertatzen den bezala, inbertsio funtsetako inbertsioak ere erakunderen batean gorde behar dira —gordailuzaina—, eta horrek zaintza gastuak sortzen ditu. Ez da gastu handia izaten, normalean funtsaren balio osoaren %0,1 inguru urteko, baina gastua azken finean. Ez dugu ahaztu behar, gainera, nahitaezkoa dela gastu hau txikia izatea, gastuen eragina gutxitzeko ari baikara inbertsio funtsak aztertzen.

Inbertsio funtsen beste gastu bat kudeaketarena da. Funtsek aurrezkiak inbertsio politikaren arabera inbertituko dituen pertsona edo talde bat izaten dute, funtsaren kudeatzailea, alegia, eta kudeatzaile honek bere lanarengatik kobratu egiten du, noski. Honi kudeaketa gastua deitzen zaio, eta inbertsio funtsen gastu handienetakoa izan ohi da. Kontu handiz begiratu behar dugu gastu hau, sekulako astakeriak ikusten baitira. Adibidez, oso ohikoa da funtsaren balio osoaren %2 kobratzea urtean, kudeatzailearen lana hutsalaren hurrena izan arren.

Zenbait inbertsio funtsetan harpidetza eta irteera gastuak ere egoten dira, hau da, funtseko partaidetzak harpidetu edo itzultzeagatik ordaindu beharrekoak. Ez da ohikoa, baina hobe horrelako kontuekin adi ibiltzea.

Lortzen diren irabazien gaineko komisioak ere aurki daitezke zenbaitetan. Hau da, irabazien zati bat kudeatzailearentzat eman beharra. Baina hau ere ez da oso ohikoa.

Beraz, kontu izan inbertsio funtsen gastuekin. Ezkutuan geratu ohi dira, eta askotan daudenik ere ez gara konturatuko, baina kalte handia eragin diezaiekete gure aurrezki eta etekinei, eta arrazoi nahikoa izan daitezke funts bat edo beste baztertzeko.