Funts bakoitzak gastu desberdin ugari izan ditzakenez, funtsen arteko alderateka errazteko, inbertsio funts bakoitzari bere TER kalkulatzen zaio. Funts baten TER funts horrek urtean zehar dituen gastu arrunten batura da, eta funtsaren balioaren ehuneko gisa adierazten da. Beraz, inbertsio funts batek zenbat eta TER txikiagoa eduki, orduan eta gastu gutxiago izango ditu, eta interesgarriagoa izan daiteke inbertsio gisa.

Bestalde, funts baten TER ezagutzeak funtsaren egokitasuna aurreikusteko ere balio diezaguke. Adibidez, demagun funts baten inbertsio politika Euroguneko epe motzeko errenta finkoan inbertitzea dela, eta bere TER %2 dela. Errenta finkoa ezagututa badakigu datozen urteetan inbertsio politika horren etekinak oso mugatuak izango direla, funtsaren kudeatzailea munduko hoberena izanda ere. Seguraski etekin guztiak gastuetan joango lirateke, gainera. Beraz, funts hori oso inbertsio kaskarra litzateke.