Inbertsio funtsen etekinak funtseko aurrezkiekin egindako inbertsioenak dira: aurrezkiak gordailuetan jasotzen badira, interesak; errenta finkoan inbertitzen bada, kupoiak; errenta aldakorrean bada, dibidenduak; eta abar. Eta errenta finkoa edo aldakorra erosi eta saltzen badira, orduan ondare irabazi edo galerak ere lortuko dira.

Inbertsio funtsaren etekinak, ordea, ez zaizkie zuzenean funtsaren partaideei banatzen. Horren ordez normalean funtsean bertan pilatzen dira, berauek ere inbertitu eta etekin gehiago lortzeko. Horri esker funtsaren balioa handituz joaten da etengabe. Jakina, inbertsioetan galerak eduki badira funtsaren balioa txikiagotu egingo da, eta baita gastuen eraginez ere. Beraz, funtsaren balioa aldiero aldatuz doa inbertsio eta gastuen arabera.

Inbertsio funtsaren balioa partaidetza guztien artean banatzen denez partaidetza bakoitzaren balioa erabil dezakegu funtsaren errentagarritasuna neurtzeko. Eta etekinak jaso nahiko bagenitu aski izango genuke partaidetzak itzuli eta aurrezkiak berreskuratzearekin. Azken batean, akzioekin bezalatsu da.

Normalean inbertsio funtsek egunero argitaratzen dute bere partaidetzaren balioa, eta ordutegi zehatz bat izaten dute harpidetzak eta itzulketak balio horrekin egiteko.

Bestalde, badira baita ere etekinak partaideen artean banatzen dituzten funtsak. Honelako funtsek, aldi batean pilatzen joan ondoren, partaidetza guztien artean banatzen dituzte etekinak. Hori egiterakoan, noski, partaidetzaren balioa banatutako etekinen arabera txikiagotzen da. Akzioen dibidenduen antzekoa litzateke hau.

Funts ohikoenak etekinak etengabe pilatzen dituztenak dira, metaketa funts izenez ezagutzen direnak, alegia. Besteei, hau da, noizean behin etekinak banatzen dituztenei, banaketa funts deitzen zaie.