Inbertsio funtsen gastuak azaldu genituenean funtsek kudeatzaile bat izaten dutela ikusi genuen. Kudeatzailea funtseko aurrezkiak behar bezala inbertitzeaz arduratzen da, beraz, bere erabakiak oso garrantzitsuak izango dira funtsaren errentagarritasunari begira.

Kudeatzaileak funtsaren inbertsio politika jarraitu beharko du, noski, baina politika hori oso zehatza izanik ere, beti egin beharko du aukeraketa bat. Eta horretarako, enpresak aztertu, aurreikuspenak osatu, inbertsioen garapena jarraitu, eta abar egingo du. Jakina, lan guzti horrengatik ordainsaria jasoko du, inbertsio funtsaren gastu gisa azalduko den kudeaketa gastua, hain zuzen. Horrela, kudeaketa gastua kudeatzailearen jakinduriaz baliatzeko ordaintzen dugun gastua bezala ere ikus daiteke. Inbertsioak gure kabuz egin beharko bagenitu auskalo zer emaitza lortuko genukeen, beraz, hobe dakien bati ordaindu inbertsioak aproposak suertatuko direla ziurtatzeko.

Baina kudeatzaileen lana benetan da ona? Asmatzen dute beren inbertsioekin? Kudeatzaileek horrela dela erantzungo digute, noski, eta hori frogatzen duten hainbat datu erakutsiko dizkigute. Baina ikus dezagun adibide bat, ea egia den.

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Bankia BP
RV España
%18,4 %17,4 %31,7 %9,3 %-36,4 %33,0 %-13,9 %-7,1 %4,0 %30,8 %6,30
Bankinter
Bolsa España
%18,1 %17,3 %28,8 %11,2 %-23,8 %34,5 %-19,4 %-11,7 %5,7 %30,7 %7,17
Bestinver Bolsa %30,0 %27,1 %37,4 %4,8 %-35,2 %34,6 %3,7 %-12,7 %14,9 %29,7 %10,84
Caja Laboral Bolsa %16,5 %16,1 %27,9 %6,5 %-34,2 %33,3 %-13,1 %-8,8 %2,0 %20,9 %4,68
Foncaixa Bolsa Gestion España %16,6 %22,3 %33,3 %14,3 %-44,3 %27,6 %-3,2 %-13,5 %7,7 %29,2 %6,05
GVCGaesco Bolsalider %24,9 %16,7 %38,4 %0,8 %-36,7 %24,0 %-20,3 %-15,0 %-7,6 %29,0 %2,57
ING Direct
F. Naranja
IBEX 35
%19,3 %20,4 %34,2 %9,3 %-36,8 %36,2 %-13,9 %-8,5 %1,5 %26,3 %6,24
Kutxabank Bolsa %18,8 %18,1 %28,3 %6,9 %-33,8 %31,5 %-11,5 %-8,2 %4,2 %24,8 %5,87
Popular BP
Bolsa España
%16,4 %18,3 %32,4 %2,5 %-37,7 %33,7 %-13,1 %-9,8 %-0,8 %24,2 %4,16
Renta 4 Bolsa %17,3 %18,4 %26,3 %9,8 %-36,5 %33,0 %-11,8 %-7,6 %0,1 %27,5 %5,40
Santander
Acciones Españolas
%18,5 %19,1 %30,1 %8,2 %-37,2 %33,9 %-13,7 %-10,1 %1,4 %25,4 %5,12
IBEX 35 %17,4 %18,2 %31,8 %7,3 %-39,4 %29,8 %-17,4 %-13,1 %-4,7 %21,5 %2,52

Aurreko taulan Espainiko errenta aldakorrean inbertitzen duten hainbat inbertsio funtsek azken 10 urteetan izan duten errentagarritasuna ikus dezakegu: urtetik urtera, eta UTB baliokidea. Azken lerroan, Espainiako burtsaren bilakaera neurtzeko erabiltzen den IBEX 35 indizearen aldaketak ikus daitezke.

Emaitza oso garbia da: ia funts guztiek IBEX 35ek baino emaitza askoz hobeak lortu dituzte. Eta ez da harritzekoa, azken hamarkadan IBEX 35en emaitza ez baita beste mundukoa izan. Horra hor, bada, kudeatzaileen gaitasuna frogatuta.

Ezta hurrik eman ere! Harrigarria da horren taula soilak bere baitan izan ditzaken gezur eta faltsukeria pila. Eta okerragoa da horrelakoxe taulak erabiltzen dituztela inbertsio funtsak saldu nahi dizkigutenek.

Lehen gezurra funtsaren izenean egoten da ia beti. Bolsa, España, eta horrelako hitzak edukita Espainiako errenta aldakorrean bakarrik inbertitzen duten inbertsio funtsak izatea espero genezake. Baina ez da horrela izaten. Egia da inbertsioen gehiengoa Espainiako errenta aldakorrean egiten dutela, baina inbertsio politika aztertu, eta Espainiako errenta aldakorraz gain beste edozertan ere inbertitzeko aukera edukitzen dutela ikus dezakegu. Eta orduan, zergatik alderatzen dute beren errentagarritasuna IBEX 35ekin? Alderaketa zuzena izateko beren inbertsio aukera guztiak jasotzen dituen indize bat erabili beharko lukete.

Hurrengo gezurra kudeatzailearen meritua azaltzerakoan egoten da. Urte mordo bateko emaitzak batu, eta azkenean beti irabazle. Baina urtetik urtera aztertzen badugu egoera hain erosoa ez dela ikus dezakegu. Nola liteke horrelako aldaketa handiak edukitzea urte batetik besterako errentagarritasunean? Urte txar bat eta sekulako jipoia gure aurrezkientzat. Egia da IBEX 35 ere oso gorabeheratsua izan dela, baina zertarako dago orduan kudeatzailea?

Baina benetan gezur itzela dena IBEX 35en berezkotasun batetaz egiten duten erabilera da. Zerrendako inbertsio funts guztiak metatze funtsak dira, hau da, beren etekinak funtsean bertan pilatzen dituzten funtsak. Beraz, funtsen inbertsioek dibidenduak ematen badituzte dibidendu horiek funtsera doaz, eta, ondorioz, funtsaren errentagarritasuna handitzen dute. IBEX 35 indizea, ordea, akzioen balioetaz osatuta dago, eta, beraz, ez du dibidendurik jasotzen, dibidenduak banatzean akzioen balioa gutxitu egiten baita.

Dibidenduak azaldu genituenean IBEX 35eko enpresek bataz beste urtean %4 edo gehiagoko dibidenduak banatzen zituztela ikusi genuen, beraz, funtsen errentagarritasuna alderatzerakoan IBEX 35i dibidenduak gehitu beharko litzaizkioke gauzak behar bezala egiteko. Eta hor hasten dira kudeatzaileen estuasunak, bapatean IBEX 35eko enpresetan inbertitze hutsak %2,52ko UTB eman beharrean %7 baino gehiagoko UTB ematen baitu.

Baina, orduan, zertarako kudeatzaile bat? Zergatik ez kudeaketaz ahaztu, eta zuzenean IBEX 35eko enpresak erosiko dituen funts soil bat? Gainera, horrelako funts baten kudeaketak ezin du batere zaila izan, eta kudeaketa gastuak ezerezean behar lukete, funtsaren errentagarritasuna ahalik eta gutxien kaltetuz. Eta dibertsifikazioa ziurtatuta izango genuke, gainera.

Horixe da, hain zuzen, kudeaketa aktibo eta pasiboaren artean dagoen aldea. Inbertsio funts batek kudeaketa aktiboa duela esaten da inbertsio hoberenak aukeratzen saiatzen den kudeatzailea duenean. Aldiz, kudeaketa pasiboa duela esaten da kudeatzaileak indize edo zerrenda jakin bat jarraitu besterik egiten ez duenean, aukeraketa lanetan aritu gabe.

Goiko taulako ia funts guztiak kudeaketa aktibokoak dira. Salbuespen bakarra ING Direct Fondo Naranja IBEX 35 da, IBEX 35 indizea jarraitzen duen funts pasibo bat. Eta harrigarria badirudi ere, hoberenetakoa da. Eta hori %1eko kudeaketa gastuak dituen arren —gehiegizkoa kudeaketa pasiboko funts batek sortzen duen lanerako—.

Jakina, kudeatzaile onak ere badaude. Adibidez, txundigarria da Bestinver Bolsa funtsaren emaitza. Egia da Espainiako errenta aldakorraz gain Portugalekoan ere inbertitzen duela, baina hala ere. Lastima Bestinver Bolsako orain arteko kudeatzaileek duela gutxi funtsetik alde egin izana.