Inbertsio funtsen arriskuak funts horren inbertsioek dituzten berberak izango dira, noski. Baina horietaz gain badira inbertsio funtsek berezkoak dituzten beste zenbait arrisku.

Adibide sinpleena gordailuetan inbertitzen duen inbertsio funtsa genuke. Gogoan baduzue gordailuek 100.000 euro arteko bermea zuten Gordailuak Bermatzeko Funtsaren bidez. Bada, inbertsio funts batek gordailuetan inbertitzen badu akabo berme hori. Izan ere, bermea pertsona bakoitzeko da, baina inbertsio funtsek ez dituzte gordailuak banan bana partaideen izenean irekitzen, baizik eta dena batera jartzen dute. Horrela eginda kopuru handiak bildu, eta interes hobeak lortzeko gai izaten dira, baina Gordailuak Bermatzeko Funtsaren bermea ezerezean geratzen da.

Beste arrisku bat kudeatzaileari lotutakoa da. Baina ez kudeatzaileak lor ditzaken emaitzei lotutakoa, baizik eta kudeatzailearen jokabide maltzurrari lotutakoa. Adibidez, duela urte gutxi oso ezaguna egin zen Bernard Madoffen kasua. Bernard Madoff Estatu Batuetako kudeatzaile arrakastatsuenetako bat zen, eta bere funtsek izugarrizko etekinak lortzen zituzten. Gerora jakin zenez, ordea, inbertsioak ez ziren benetakoak; horren ordez partaideen aurrezkiak bere onerako erabili, eta kudeakeda datuak faltsutzen zituen. Egia jakin zenerako partaideek ia aurrezki guztiak galdu zituzten.

Ez dira ohikoak horrelako kasuak, baina badaezpada ez gehiegi fidatu sekulako etekinak iragartzen dituzten funts exotikoekin. Gainera, funtsaren enpresa kudeatzailea Espainiako bada, beti begira dezakegu FOGAINek babesten duen ala ez, eta gutxienez 100.000 eurora arte babestuta geundeke kudeatzailea maltzurretan maltzurrena izanda ere.

Kudeatzaileekin lotutako beste arrisku bat kudeatzaile aldaketarena da. Inbertsio funtsen kudeatzailea enpresa bat izaten den arren enpresa horretako talde jakin batek kudeatzen du funts bakoitza. Beraz, inbertsio funts bat bere kudeaketarengatik aukeratu badugu, hobe dugu funtsaren kudeatzaile taldea ez dela aldatu ziurtatzea, nahiz eta enpresa kudeatzaile berarekin jarraitu. Adibidez, oso ezaguna izan da azken hilabete hauetan Bestinver enpresa kudeatzailearekin gertatutakoa. Zuzendaritzarekin izandako hainbat gorabeheren ondoren bertako kudeatzaile ospetsuenek Bestinver utzi dute, eta zalantza da orain nagusi Bestinverrek kudeatzen dituen funtsen etorkizunean.

Azkenik funtsen inbertsio politiketan egoten diren aldaketak daude. Funts bakoitzak inbertsio politika jakin bat izaten duen arren, gertatu ohi da politika horretan kudeatzaileek noizean behin aldaketak egitea. Adi egon behar dugu horrelakoetan, gure inbertsioek guk nahi ditugun moduan jarraituko dutela ziurtatzeko.