Orain arteko adibideetan estrategiak oso modu sinplean osatu ditugu, produktu mota bakoitzeko funts bakarra erabiliz. Hau ez da derrigorrez horrela egin behar. Egia esan hobe izan daiteke funts gehiago erabiltzea dibertsifikazioa handitzeko. Adibidez, errenta aldakorrerako Espainiako burtsan oinarritu gara soilik, baina hori ez da hain sendoa, izan ere, Espainian gauzak okerrera joango balira bertako enpresa guztiek sufrituko lukete, eta orduan gure funtsaren emaitzak ere sufritu egingo luke. Azken batean gure inbertsioak lurralde bakarrera mugatzea arriskutsua da; hobe askoz gehiago zabaltzea.

Mundu osoko errenta aldakorra jarraitzen duen funtsik ezagutuko bagenu horixe izango litzateke errenta aldakorra guztiz dibertsifikatzeko aukerarik sinpleena. Baina horrelakorik ezagutu ez arren lortu daiteke gauza bera funts bat baino gehiago erabiliz. Adibidez, erabil ditzagun ondorengo hiru funtsak: ING Direct Fondo Naranja Standard & Poor’s 500, BBVA Bolsa Indice Euro, eta Kutxabank Bolsa Emergentes.

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
ING Direct Fondo Naranja S&P 500 %4,7 %19,0 %2,3 %-7,7 %-34,5 %19,3 %21,3 %3,7 %12,5 %24,6 %4,95
BBVA Bolsa Indice Euro %8,5 %23,3 %17,2 %8,8 %-42,2 %25,3 %-3,5 %-14,5 %17,7 %20,5 %3,75
Kutxabank Bolsa Emergentes %14,2 %50,9 %21,7 %20,2 %-48,5 %83,8 %21,7 %-16,4 %14,8 %-5,6 %10,16

ING eta BBVAren funtsak pasiboak dira. Lehenak S&P 500 indizea jarraitzen du, Estatu Batuetako errenta aldakorrarena, eta bigarrenak EURO STOXX 50, Europakoarena. Kudeaketa pasibokoak izanik gastu baxuenak dituztenak direlako aukeratu ditut. Azkenak, Kutxabankenak, garatzeko bidean dauden herrialdeetako errenta aldakorrean inbertitzen du. Mota honetakoen artean ez dut funts pasiborik aurkitu, beraz, etxetik gertuen dudana hartu dut. Azken aukeraketa hau ez da oso profesionala, baina tira. Horrela, hiru funts hauen bidez ia mundu guztiko errenta aldakorrean inbertitu ahal izango dugu.

Errenta finkoarekin ere antzera egin dezakegu. Adibidez, orain arte erabili dugun funtsari beste bat gehi diezaiokegu, adibidez epe luzeko errenta finkoko bat, dibertsifikazioa handitzeko. Caja Laboral Renta Fija a Largo hartu dut, bat aukeratzeagatik.

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Bankinter RF Corto Plazo %1,8 %1,7 %2,8 %3,4 %3,2 %1,3 %0,8 %1,8 %3,5 %5,2 %2,54
Caja Laboral RF a Largo %2,7 %2,1 %0,5 %1,0 %7,3 %3,8 %-0,3 %4,5 %3,1 %8,0 %3,24

Gure aurrezkiak bost funts hauetan berdin banatuta azkenean 60/40 estrategia jarraitzen arituko gara (20+20+20/20+20). Eta funts guztien artean urtero berrorekatuta errentagarritasun hauxe lortuko genukeen azken 10 urteetan:

2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
%6,38 %19,4 %8,9 %5,14 %-22,94 %26,7 %8,0 %-4,18 %10,32 %10,54 %6,01

Emaitza bikaina. Dibertsifikazioa handitzeari esker urte gutxiagotan izan ditugu galerak, eta azkenean gainera bi funtsekin bakarrik baino errentagarritasun hobea lortu dugu. Eta berriro ere berrorekatzeak errentagarritasuna handitzen lagundu digu, berau gabe %5,27ko UTB lortuko baikenuen.

Bestalde, garbi izan behar dugu ez dela nahitaezkoa funts guztien artean berdin banatzea. Adibidez, oso ohikoa da Estatu Batuetako errenta aldakorrari zati handiagoa ematea, munduko ekonomian duen garrantziarengatik. Eta mota bakoitzerako funts bat baino gehiago ere erabil daiteke. Adibidez, herrialde garatuetarako funts pasiborik aurkitu ez dugunez mota horretako funts pare baten artean bana daiteke beraien zatia, arriskua bataz besteratzeko. Eta berdin errenta finkoarekin ere. Azkenean aukerak milaka dira, eta eroso sentiarazten gaituen bat erabiltzea da kontua.