Azken bi bidalketetan inbertsio funtsak erabiliz gure aurrezkiei etekina ateratzeko errentagarritasun adibideak ikusi ditugu. Gerta daiteke, ordea, hasieran aurrezkirik ez izatea, baizik eta pixkanaka kopuru bat aurrezten joatea. Kasu horietarako ere, ikusi ditugu bi estrategia aukera: kostu bataz besteratzea eta Twinvest. Ikus ditzagun bi estrategia horien adibideak orain arte gehien aipatu ditugun funtsekin, hau da, ING Direct Fondo Naranja IBEX 35 eta Bankinter Renta Fija Corto Plazo.

Demagun urtero 1.000 euro aurrezteko gai garela. Kostu bataz besteratze estrategian aurreko urtearen amaieran genuenari 1.000 euro gehituko dizkiogu, eta urtebete osoa utziko diogu funtsari bere lana egiten.

Normalean kostu bataz besteratzea errenta aldakorrarekin erabiltzen da, baina nahi izanez gero errenta finkoarekin ere erabil daiteke. Hau izango zen gure aurrezkien bilakaera, batekin nahiz bestearekin, duela hamar urte hasi izan bagina:

Estrategia Errenta finkoaren
kostu bataz besteratzea
Errenta aldakorraren
kostu bataz besteratzea
Urte hasieran Urte amaieran Urte hasieran Urte amaieran
2004 1.000,00 1.018,00 1.000,00 1.193,00
2005 2.018,00 2.052,31 2.193,00 2.640,37
2006 3.052,31 3.137,77 3.640,37 4.885,38
2007 4.137,77 4.278,45 5.885,38 6.432,72
2008 5.278,45 5.447,37 7.432,72 4.697,48
2009 6.447,37 6.531,18 5.697,48 7.759,97
2010 7.531,18 7.591,43 8.759,97 7.542,33
2011 8.591,43 8.746,08 8.542,33 7.816,23
2012 9.746,08 10.087,19 8.816,23 8.948,48
2013 11.087,19 11.663,72 9.948,48 12.564,93

Errenta aldakorraren kostu bataz besteratzeak ematen digu amaieran errentagarritasun handiena, baina tarteko urteak ikusita garbi dago errenta finkoaren kostu bataz besteratzearekin lasaiago lo egingo genuela, nahiz eta irabazi handiagoak lortzeari uko egin. Hori ikusita Twinvest estrategiara jo genezake. Twinvest estrategian errenta aldakorra da inbertsio nagusia, baina zati bat gordailuetan uzten denez azkenean dibertsifikazioa handitzen dugu, eta ikusi dugu horri esker gorabeherak asko leuntzen direla. Gainera, berdintsu egin daiteke gordailuen ordez epe motzeko errenta finkoko funts bat erabiliz.

Har ditzagun, bada, urtero 1.000 euro, eta gehitu ditzagun bi funtsetara errenta aldakorreko funtsaren balioak izandako aldaketaren alderantzizko proportzioan. Hauxe izango zen aurrezkien bilakaera:

Twinvest Urte hasieran Urte amaieran
Errenta aldakorra Errenta finkoa Guztira Errenta aldakorra Errenta finkoa Guztira
2004 750,00 250,00 1.000,00 894,75 254,50 1.149,25
2005 1.523,42 625,83 2.149,25 1.834,19 636,47 2.470,67
2006 2.356,34 1.114,32 3.470,67 3.162,21 1.145,52 4.307,74
2007 3.551,30 1.756,44 5.307,74 3.881,57 1.816,16 5.697,73
2008 4.237,54 2.460,18 6.697,73 2.678,13 2.538,91 5.217,04
2009 3.241,38 2.975,66 6.217,04 4.414,76 3.014,34 7.429,10
2010 4.828,31 3.600,79 8.429,10 4.157,18 3.629,60 7.786,77
2011 4.637,49 4.149,28 8.786,77 4.243,30 4.223,97 8.467,27
2012 4.768,23 4.699,04 9.467,27 4.839,76 4.863,50 9.703,26
2013 5.356,93 5.346,33 10.703,26 6.765,81 5.624,34 12.390,14

Oraindik ere amaieran irabazi handiagoak ditugu errenta aldakorraren kostu bataz besteratzearekin, baina Twinvest ez zaio oso urruti geratu. Gainera, askoz portaera egonkorragoa izan du.

Edozein kasutan ez dugu ahaztu behar inbertsio funtsak laguntza handia direla estrategia hauetarako. Izan ere, estrategia hauek azaldu genituenean zeukaten dibertsifikazio txikia aipatu genuen beraien eragozpen handiena bezala. Inbertsio funtsei esker ez dugu eragozpen horren beldurrik eduki beharko, inbertsio funts bakarrarekin ere gure aurrezkiak ehundaka akzio, bono, eta abarretan inbertitzen ari baikara.

Bestalde, gogoratu inbertsio aldia edozein izan daitekela: urtean behin, hilean behin, eta abar. Adibideetan urtean behin erabili dut funtsen tarteko errentagarritasun datuak ez baititut eskura.