Errenta finkoa errenta aldakorra baino egonkorragoa dela esan dugu beti. Begira ditzagun, ordea, ondorengo errenta finkoko inbertsio funtsen urtekako errentagarritasunak:

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Bankinter Renta Fija Corto Plazo %1,8 %1,7 %2,8 %3,4 %3,2 %1,3 %0,8 %1,8 %3,5 %5,2 %2,54
Bankinter Renta Fija Largo Plazo %3,3 %4,0 %-0,2 %3,1 %8,9 %5,7 %0,1 %-0,8 %4,7 %8,6 %3,69
BBVA Bonos Corto Plazo Plus %2,3 %1,4 %0,9 %1,5 %0,5 %4,3 %-0,4 %1,1 %4,7 %1,8 %1,80
BBVA Bonos Largo Plazo Flexible %1,8 %14,4 %5,1 %0,8 %2,3 %5,8 %-1,9 %-0,7 %6,3 %1,8 %3,48
Kutxabank Renta Fija Corto %1,7 %1,7 %2,4 %3,6 %1,8 %1,4 %-0,1 %2,4 %3,5 %1,3 %1,96
Kutxabank Renta Fija Largo Plazo %5,3 %5,8 %3,0 %1,1 %1,6 %10,5 %1,5 %3,8 %12,3 %3,8 %4,81

Nahita epe desberdineko errenta finkoko funtsak dituzten hiru kudeatzaile aukeratu ditut, azaldu nahi dudana garbiago ikus dadin.

Nola liteke horrenbesteko gorabeherak egotea errenta finkoaren errentagarritasunean? Eta galerak egotea urte batzuetan? Kupoi negatiboak daude, ala?

Galdera guzti horien erantzuna errenta finkoaren inbertsioak aurrez eteteko aukeran dago, hau da, errenta finkoa saldu ahal izatean. Gogoratzen baduzue errenta finkoari eskatzen zaion kupoia bere arriskuen araberakoa da, eta arrisku hori aldakorra denez jaulkipen berriei eskatzen zaien kupoia aldatu egiten da baita ere. Errenta finkoa amaiera arte mantenduz gero, ez dugu kupoi aldaketa horietaz gehiegi kezkatu beharko, baina errenta finkoa saldu beharrean suertatuz gero, kupoien aldaketa hori dela eta, badakigu salneurrian gorabeherak izango ditugula.

Errenta finkoko inbertso funtsei horixe gertatzen zaie. Ez dira errenta finkoa une oro erosi eta saltzen aritzen, baina beren balioa kalkulatzeko funtseko errenta finkoak merkatuan izango luken salneurria adierazi behar dute. Horrek funtsen errentagarritasunean gorabeherak egotea dakar, are eta handiagoak funtseko inbertsioen epea luzeagoa den heinean.

Eta horixe ikus dezakegu goiko taulan. Alde batetik epe motzeko errenta finkoan gorabehera txikiagoak daudela ikusten dugu. Hori guztiz logikoa da, errenta finkoa epe motzekoa bada segituan betetzen baita beren epea, eta segituan barneratzen baitute arriskuak eragindako aldaketa. Hala ere, epe luzera epe luzeko errenta finkoa beti da errentagarriagoa, epe luzeko errenta finkoari kupoia handiagoa eskatzen baitzaio. Hori bai, arriskuek eragindako gorabeherak handiagoak izango dira baita ere.

Guzti honek ondorio garrantzitsu bat du, errenta finkoko inbertsio funtsetan inbertitzeko garaian kontuan hartu behar den ondorio garrantzitsu bat: errenta finkoko inbertsio funtsetan inbertitzerakoan ez begiratu hainbeste funtsak aurreko urteetan izan duen errentagarritasunari, begiratu, batez ere, inbertsio funtsa osatzen duten inbertsioen mota beretsuko errenta finkoak une horretan merkatuan duen errentagarritasunari. Horixe izango da errenta finkoko inbertsio funtsen etorkizuneko errentagarritasuna hobekien erakutsiko digun neurria.