Duela zenbait urtetik hona oso ezagunak egin dira bermatutako inbertsio funtsak. Funts hauek gainerako funtsak bezalakoak dira, baina epe jakin batera inbertsioaren zenbateko bat bermatzen dute. Bermatutakoa hasierako inbertsio osoa, errentagarritasun jakin bat, ala gehienezko galera bat izan daiteke.

Nahiko funts kaskarrak izan ohi dira. Ia denak errenta finkoko inbertsio funtsak dira, eta, azken batean, bermatzen duten errentagarritasuna inbertsioen kupoiaren araberakoa izan ohi da. Kupoia baino txikiagoa, noski, bermearen aitzakiarekin puska on bat kentzen baitiote.

Burtsako indize edo zenbait akzioren bilakaeraren araberako errentagarritasuna bermatzen duten funtsak ere badaude. Horiek ere ez dira beste munduko gauza. Ikusi dugu dagoeneko epe luzera estrategia apropos batekin errenta aldakorrak zein errentagarritasun ematen digun. Bermatutako funts horiek arrimatu ere ez dira egiten.

Bermatutako funtsek urtetako epea izaten dute bermeak eragina izan dezan. Urte horietan, gainera, inbertsioa mugitu ezinda utzi behar da bermea galdu nahi ez bada. Merezi du hain baldintza estuak errentagarritasun kaskar bat bermatzearen truke? Gainera, kontuan izan behar dugu bermea nork ematen duen. Izan ere, ez du ezertarako balio banketxe baten bermeak banketxe horrek porrot egiten badu.