Inbertsio funts bateko partaidetzak harpidetzen ditugunean garrantzitsua da funts hori behar bezala jarraitzea. Eta inbertsio funts bat jarraitzea diodanean ez dut esan nahi funtsaren partaidetzaren balioak dituen gorabeherak jarraitzea. Hori ere egin behar da, noski, baina garrantzitsuagoa da funts hori aukeratzera eraman gaituzten arrazoiak mantentzen direla jarraitzea. Inbertsio funtsetan aldaketak egon daitezke, adibidez inbertsio politikan, gastuetan, kudeatzailean, eta abar. Adi jarraitu behar ditugu guzti horiek.

Inbertsio funtsen jarraipenerako tresnetako bat funtseko kudeatzaileek noizean behin argitaratzen dituzten txostenak dira. Gutxienez urtean behin funtsaren memoria aurkeztu behar dute, eta maiz sei ala hiru hileko tarteko txostenak argitaratzen dituzte. Batzutan etxean jasoko ditugu, besteetan kudeatzailearen web gunean bilatu beharko ditugu, edo CNMVren web gunean ere aurki ditzakegu.

Ondo irakurri txosten horiek, bertan azalduko baitira funtsaren nondik norakoak: inbertsioak, gastuak, kudeatzaileen kontuak, eta abar. Agian ez dugu dena ulertuko, baina gutxienez interesatzen zaiguna aurkitzeko gauza izango gara. Eta funtsari gustatzen ez zaigun zerbait ikusten badiogu, agur eta hurren arte.