Fiskaltasunari dagokionez inbertsio funtsek antza handia dute errenta aldakorrarekin. Eta hori inbertsio funtsek zertan inbertitzen duten axola gabe. Errenta finkokoak, errenta aldakorrekoak, ala beste edozertakoak izan daitezke, denek dute fiskaltasun bera. Badira, ordea, zenbait desberdintasun inbertsio funtsen eta errenta aldakorraren fiskaltasunen artean.

Lehen desberdintasuna inbertsio funtsek banatzen dituzten etekinetan aurki dezakegu. Akzioen dibidenduetan lehen 1.500 euro arteko salbuespena dagoela aipatzen genuen. Inbertsio funtsetan ez dago horrelakorik, banatzen dituzten etekin guztiak salbuespenik gabeko dibidendu gisa jaso behar dira PFEZ aitorpenean.

Hurrengo desberdintasuna partaidetzak harpidetu eta itzultzean sortutako irabazi edo galeretan dago. Akzioen salerosketarekin izandako irabazi edo galeren antzera aitortzen dira, hau da, ondare irabazi edo galera gisa, baina akzioekin ez bezala, inbertsio funtsen partaidetzekin egindako eragiketetan irabazirik lortuz gero %21eko atxikipena jasango dute irabaziak izan dituzten eragiketa horiek. Hortaz, PFEZ aitorpena egiterakoan ez ahaztu jasandako atxikipena adieraztea —aitorpena ZergaBidea programaren bidez egiten badugu F gakoa erabiliko dugu inbertsio funtsen ondare aldaketetarako—.

Hala ere, desberdintasun guztietan garrantzitsuena inbertsio funtsen arteko intsuldaketarena da. Akzioekin ez bezala, inbertsio funtsekin gure aurrezkiak zuzenean funts batetik bestera mugitzeko aukera daukagu. Ez dugu lehendabizi funts bateko partaidetzak itzuli eta dirua berreskuratu beharrik ondoren beste funts bateko partaidetzak harpidetzeko. Ez, zuzenean funts batetik bestera mugi ditzakegu gure aurrezkiak, nahi dugun kopuruan gainera, eta Ogasunarentzat ez da inongo irabazi edo galerarik egongo —mugimendu horiek aitortu ere ez dira egiten—. Honi esker irabaziak nahi dugun arte pilatzeko aukera izango dugu, bitartean zergarik ordaindu gabe. Eta gogoan izan berrorekatzeak direla eta, honelako mugimenduak maiz egitea gerta daitekela, beraz, oso neurri interesgarria da.

Hiru desberdintasun hauek izan ezik gainerakoa errenta aldakorrarekin bezala da: banatutako etekinen atxikipena, bi hilabeteko araua, eta abar. Inbertsio funtsen irabazi eta galerak errenta aldakorraren irabazi eta galerekin konpentsagarriak dira, gainera.