Duela hilabete Gipuzkoako Ogasunak zenbait aldaketa egin zituen 2014ko irabazien gaineko fiskaltasunean. Gehienak akats zuzenketak izan ziren arren badira blog honetan aipatutakoari eragiten dioten bi aldaketa.

Lehena errenta aldakorreko ondare irabazien PFEZ aitorpenaren ingurukoa da. 2014ko fiskaltasuneko aldaketak ikusi genituenean irabazi horiek aitortzeko modu berri bat erabiltzeko aukera genuela aipatu genuen. Modu berri hori erabiltzen bagenuen Ogasunarentzako zatia salneurriaren %3 izango zela ikusi genuen. Aurreko hilean egindako aldaketen ondoren modu berri honetan ezingo dira eskubideen salmentarengatik lortutako ondare irabaziak aitortu.

Bigarren aldaketa menpeko ekarpenen eta lehentasunezko partaidetzen galeren ingurukoa da. Biak errenta finkoa dira, eta, berez, galera horiek ezin dira ondare irabaziekin konpentsatu PFEZ aitorpenean. Duela hilabeteko aldaketen ondoren, galera horiek 2015 baino lehenagokoak badira, orduan ondare irabaziekin konpentsatu ahal izango dira.