Inbertsio funtsetan inbertitzeko ez dugu oso urrun joan behar. Adibidez, ziur gure betiko banketxeak inbertsio funtsak dituela. Hala ere, banketxeak gehienetan funts gutxi batzuk eskeiniko dizkigu bakarrik, hain zuzen, berak kudeatzen dituen inbertsio funtsak. Guk ez dugu horrelakorik nahi.

Gogoan izan ehundaka inbertsio funts daudela, beraz, ez da oso bizkorra gure inbertsio aukerak banketxe baten funts zerrenda murritz batera mugatzea. Horregatik, ez lotsarik izan erakusten diguten zerrendatik kanpo dauden inbertsio funtsak eskatzeko. Banketxeak beste funts batzuekin lanik ezin duela egin erantzuten badigu bilatu beste erakunde bat, ez baita egia ezin duela, ez duela nahi baizik —besteen funtsekin ezin baitu kudeaketa komisiorik irabazi—.

Badira merkatuko inbetsio funts ia guztiekin lan egiten uzten duten banketxeak —adibidez, Bankinter datorkit gogora—, baina bestela inbertsio erakundeetara jo dezakegu beti, adibidez Renta4, Self Bank, eta horrelakoetara. Besoak zabalik hartuko gaituzte. Eta erabili nahi ditugun inbertsio funtsak erabakita dauzkagunean funts bakoitzean inbertitu nahi dugun diru kopurua funts horretan jartzeko eskatu besterik ez diegu.