Aurreko bidalketan aipatu bezala denetariko ETFak aurki ditzakegu, inbertsio funts arruntak baino gehiago. Horri esker diru gutxirekin edozein inbertsio estrategia erabiltzeko gai izan gaitezke, baita zorro iraunkorra ere.

Adibidez, har ditzagun hurrengo ETFak:

  • Vanguard Total World Stock: FTSE Global All Cap indizea jarraitzen du, mundu osoko merkatuetako ia enpresa guztiak biltzen dituen indizea —7.500 enpresatik gora—. Bere TER %0,19 da. Banaketa ETFa da; urtean %2 inguruko dibidendua banatzen du. Ziurrenik errenta aldakorreko munduko funtsik dibertsifikatuena.

  • Vanguard Long Term Bond: The Barclays Capital Long Government/Credit Index indizea jarraitzen du, Estatu Batuetan jaulkitzen diren inbertsio graduko epe ertain eta luzeko errenta finkoa biltzen duen indizea —ia 2.000 jaulkipen—. Bere TER %0,10 da, eta ETFko errenta finkoaren bataz besteko iraupena 25 urte ingurukoa. Hau ere banaketa ETFa da, urtean %4 inguruko kupoiarekin. Estatu Batuetako jaulkipenetan bakarrik inbertitu arren kontuan izan mundu osoko enpresek jaulkitzen dutela errenta finkoa Estatu Batuetan, beraz, oso dibertsifikatuta dago baita ere.

  • State Street SPDR Gold Trust. Urre ontzaren erosneurria jarraitzen du —urre lingoteetan inbertitzen du—. Bere TER %0,40 da. Zorro iraunkorrerako, berez, zuzenean urre fisikoan inbertitu beharko litzateke, urre zatiaren helburu nagusienetako bat finantza munduko arazo larriei aurre egitea baita, eta ETFak, azken finean, finantza tresnak dira. Hala ere, zuzenean urrea erosi ezin badugu, honelako ETFak dira urrean inbertitzeko tresnarik aproposenak.

Ikus daiteken bezala ETF pasiboak izanik oso TER baxua dute. Izatez, Vanguard oso ezaguna da gasturik baxuenak kobratzen dituen kudeatzaile gisa. Bestalde, hiru ETFak Estatu Batuarrak dira, eta dolarretan salerosten dira, beraz, berauek erabiltzean euroa eta dolarraren arteko truke balioaren aldaketak ere kontuan eduki behar ditugu. Hasiera batean hori arriskutsua izan daiteke, baina epe luzera euro-dolar trukea bataz besteratuz joaten denez azkenean ez da hain kezkagarria.

Horrela, ETF hauen balioa eurotara bihurtuta, errentagarritasun hau izango zukeen berauetan oinarritutako zorro iraunkorrak —urte hasiera guztietan berrorekatuta—:

Inbertsio funtsa 2009 2010 2011 2012 2013 2014 UTB
Vanguard Total World Stock %28,62 %17,14 %-5,55 %12,34 %11,27 %17,78 %13,12
Vanguard Long Term Bond %-3,68 %10,73 %19,16 %0,45 %-15,44 %32,33 %6,12
State Street SPDR Gold Trust %24,96 %34,47 %16,80 %2,58 %-30,78 %11,04 %7,55
Gordailuak %2,15 %2,68 %2,73 %2,97 %1,23 %1,21 %2,16
Zorro iraunkorra %13,01 %16,25 %8,29 %4,58 %-8,43 %15,59 %7,86

Emaitza oso interesgarria da. Gainera, kontuan izan behar dugu errentagarritasun hauek ez dituztela ETFek banatutako dibidendu eta kupoiak kontuan hartzen. Hortaz, hemen ikusten dugun %7,86eko bataz besteko errentagarritasuna egiaz %9 baino gehiago litzateke. Hala ere, ETFak izanda, zaintza, salerosketa, eta gainerako gastuak ordaindu behar dira, beraz, aurrezki kopuruen arabera, %8 inguruko zerbaitetan geratuko litzateke ziurrenik.

Oharra: Azken sei urtetako errentagarritasunak bakarrik jarri ditut, Vanguardeko ETF horiek aurretik ez baitzeuden. Eta gordailuen interes gisa Espainiako Bankuaren arabera urte baterako gordailuek izan duten errentagarritasuna erabili dut.