Inbertsio funtsen artean ETFak ikusi ditugun bezala badira beste hainbat inbertsio funts mota berezi. Horietakoak dira, hain zuzen, aurrezki planak, pentsio planak, eta antzekoak. Hau da, horiek ere inbertsio funtsak dira, beren gordailuzain, kudeatzaile, inbertsio politika, eta guztiarekin, baina inbertsio funts arrunten aldean zenbait abantaila izaten dituzte. Batzuk aurrezkien gaineko zerga atzeratzen dute, beste batzuk lortutako irabaziak zergetatik salbuesten dituzte, eta badira zenbait hobari izaten dituztenak ere. Hori bai, abantaila horietaz baliatu ahal izateko normalean aurrezkiak urteetan erabili gabe utzi behar dira, eta, beraz, ez dute balio epe motzeko beharrei aurre egiteko.

Bestalde, beraien abantailak oso erakargarriak diren arren, ez dago batere garbi errentagarritasun aldetik komenigarriak ote diren, inbertsioen berezko errentagarritasuna behar bezalakoa ez bada alferrikakoa baita fiskaltasunarekin edo hobariekin lortuko dugun irabazia. Adibidez, inbertsio funts arrunten bidez urtero bataz beste %4eko errentagarritasuna lortzeko gai bagara, ez digute ezertarako balioko, esate baterako, pentsio planen abantaila fiskalek, planen bidez lortzen dugun bataz besteko errentagarritasuna %3koa bakarrik bada: urtero bidean %1 uztea asko uztea da, eta ez dago horri buelta emango dion abantaila fiskalik. Eta %1eko alde hori oso erraz topatuko dugu honelako tresnetan, bai gastuen eraginez, edo baita kudeaketa kaskarraren ondorioz ere. Izan ere, abantaila fiskalak eta hobariak izan ohi dira tresna hauek saltzeko erabiltzen duten amua, eta ez dira gehiegi kezkatzen gainerako guztiaz.

Dena den, ondo dago aukera hauek ere eskura ditugula jakitea, gerta baitaiteke gure inbertsio estrategiarako aproposa izango den zerbait aurkitzea beraien artean. Hala ere, garbi eduki, ez itsutu fiskaltasun eta hobariekin, gogoan izan epe luzerako bakarrik direla, eta benetan garrantzitsua dena estrategia osoaren errentagarritasuna dela.