Inbertsio funtsak oso tresna aproposak dira diru gutxirekin inbertsio estrategiak aurrera eramateko, gastuak funtseko partaide guztien artean banatzen direnez komisioek inbertsio txikiei eragiten dieten kaltea asko leuntzen dute eta. Baina diru gehiagorekin ere oso interesgarriak dira, inbertsioak erraz dibertsifikatzea ahaltzen baitute.

Hala ere, ez dugu liluratu behar inbertsio funts bat edo batzuekin. Lehenik gure inbertsio estrategia erabaki behar dugu, eta ondoren hasiko gara estrategia horretarako funtsak edo beste zer erabili begiratzen.

Funtsak aukeratzerakoan inbertsio politika nola betetzen den begiratzea ere garrantzitsua da. Kudeaketa aktibokoen kasuan aurreko urteetan nola egin duten begira dezakegu. Horrek ez du datozen urteetan berdin egingo dutela ziurtatzen, baina kudeatzailearen trebeziari buruzko ideia bat egiteko balioko digu gutxienez. Eta zalantzak baditugu hortxe dauzkagu beti kudeaketa pasibokoak. Hauen kasuan garbi dago: indize berarentzat gastu gutxienekoa da hoberena.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar ETFak erabil ditzakegula. Inbertsio funtsak interesgarriagoak dira fiskaltasun aldetik —gogoratu funtsen arteko mugimenduak zergetatik kanpo geratzen direla—, baina ETFen gastuak hain dira baxuak kopuru batetik aurrera hauek ere kontuan hartzeko modukoak direla.

Azkenik, inbertsio funtsek eta ETFek gure inbertsio estrategien kasu probak egiteko balio digute. Ez da zaila aurreko urteetan izan duten errentagarritasuna aurkitzea, eta informazio horrekin urte horietan estrategia desberdinek izango zituzten emaitzak alderatu, eta denetan hoberena iruditzen zaiguna aukeratu ahal izango dugu. Estrategia hoberena, noski, ez da berdina izango denentzat. Batzuk bukaeran ahalik eta gehien irabazi nahiko dute. Beste batzuk sekula galerarik ez izatea. Ziurrenik estrategia hoberena urtero errentagarritasun beretsua lortzen duena da; beretsua eta altua, noski, nahiz eta horretarako noizean behin galeraren bat onartu behar izan.