Hasi da dagoeneko 2014ean izan ditugun irabaziak aitortzeko PFEZ kanpaina, eta zergen araudiak bere horretan jarraitzen duen arren, aitorpena egiteko ZergaBidea laguntza programan zenbait hobekuntza egon dira.

Lehen hobekuntza akzioen salerosketaren ingurukoa da. 2014rako berrikuntzak ikusi genituenean akzioen salmentetan Ogasunak %3aren aukera gehitu zuela azaldu genuen. Orain ZergaBidea programak aukera hori jasotzen du. Aukera hau erabili ahal izateko 2014ko akzio salmenta guztien eskualdatze balio guztiak batu behar dira, eta ondare irabazi eta galeren atalean batura hori V gakoa erabiliz aitortu. Hortik aurrera ZergaBidea programak egingo ditu kalkulu guztiak.

Gogoratu aukera hau erabiltzeko urteko eskualdatze guztien baturak ezin duela 10.000 euro baino handiagoa izan, eta horrela aitortutakoa ezin dela irabazi eta galerak konpentsatzeko erabili. Gainera, era honetako aitorpena erabiliz gero, ezingo da ekitaldi berean bestelako akzio salerosketarik aitortu.

Bigarren hobekuntza scrip dibidenduaren ingurukoa da, eta aurrekoarekin lotuta dago. Scrip dibidendua ikusi genuenean irabaziak lortzeko modu bat harpidetza eskubideak merkatuan saltzea zela ikusi genuen, eta salmenta honek akzioen salmentaren fiskaltasun berbera zuela. 2014ko fiskaltasunean egindako zuzenketetan, ordea, harpidetza eskubideen salmenta %3aren aukeratik kanpo utzi zen. Hortaz, orain ZergaBidea programak harpidetza eskubideen salmentarako gako propioa dakar. Ondare irabazi gisa aitortu behar dira orain ere, baina H gakoarekin.

Bukatzeko, ohar garrantzitsu bat. ZergaBidea programak datu fiskalak zuzenean Ogasunetik berreskuratzeko aukera ematen du. Oso aukera interesgarria da, datuak eskuz sartzea aurrezten baitu. Baina ondo begiratu horrela jasotzen diren datuak, hutsune eta akatsak oso arruntak baitira. Adibidez, errenta aldakor nahiz finkoaren salerosketa eragiketetan komisioak kontuan ez hartzea oso ohikoa da. Eta berdin harpidetza eskubideen salmentan ere. Gogoratu ordaintzen ditugun komisioak eskuratze balioa handitu, eta eskualdatze balioa txikitu egiten digutela, eta beraz PFEZ aitorpenean irabazia eta zerga txikitzeko balio digutela.