PFEZ aitorpenaren kanpainan bete-betean gaudela kontuan izanik, bada errenta aldakorreko inbertsioei buruz jakin beharreko zerbait. Errenta aldakorra aztertu genuenean munduko edozein burtsatan inbertitzeko aukera genuela ikusi genuen. Ez zion axola enpresa bertakoa ala kanpokoa izan, nahikoa zen enpresa horren akzioak erostea gure inbertsioa gauzatzeko. Inoiz horrelakorik egiten badugu, ordea, atzerriko enpresen dibidenduetan gauza bitxi bat gertatuko zaigula ikusiko dugu.

Dibidenduen fiskaltasuna aztertu genuenean dibidenduak jasotzen genituenean %21eko atxikipena izaten genuela ikusi genuen. Bada, atzerriko akzioen dibidenduetan bi atxikipen izango ditugu: lehena atzerriko ogasunak egingo diguna, eta bigarrena hemen bertakoak egingo diguna.

Adibidez, demagun atzerriko enpresa bateko akzioak ditugula, eta akzio horiengatik enpresa horrek 100 euroko dibidendu gordina banatu digula. Ez harritu, adibidez, 100 euro horietatik atzerriko ogasunak 15 euroko atxikipena egiten badigu, dibidenduak 85 eurotan utziaz. Eta ondoren, gainera, hemengo Ogasunak bere %21a atxikituko digu (85 x 0,21 = 17,85), azkenean jatorrizko dibidenduetatik 100 – 15 – 17,85 = 67,15 euro bakarrik jasoaz. Baina ez da hor bukatzen dena. PFEZ aitorpena egiterakoan dibidendu osoa aitortu behar dugunez 100 euroko dibidendua aitortu behar dugu, eta, beraz, Ogasunak berari dagokion zatia 100 x 0,20 = 20 euro direla esango digu. Atxikitu diguna, ordea, 17,85 euro izan dira, hortaz, 20 – 17,85 = 2,15 euro eman beharrean izango gara. Horrela, azkenean, 67,15 – 2,15 = 65 euro bakarrik geratuko zaizkigu.

Honek, jakina, nabarmen kaltetzen du atzerriko inbertsioa, izan ere, 100 euro horiek bertako enpresa baten dibidenduak balira, aitorpenaren ondoren 80 eurorekin amaituko genuke.

Kalte hau gutxitu asmoz —estatu guztiek ahalik eta inbertsio gehien erakarri nahi izaten dute— hainbat akordio sinatzen dira munduko Ogasun guztien artean. Akordio horiekin inbertsio guztien fiskaltasuna berdintsua izatea lortu nahi izaten da, enpresen kokagunea edozein dela ere. Adibidez, Espainiako Ogasunak, eta hortik Gipuzkoakoak ere bai, nazioarteko ezarpen bikoitzaren kaltea sahiesteko atzerriko dibidenduentzat atzerriko ogasunak egindako atxikipena adinako kenkaria onartzen du PFEZ aitorpenean.

Horrela, aurreko adibidean Ogasunak 2,15 euro eskatzen zizkigun arren, atzerrian 15 euroko atxikipena izan dugunez, 15 euroko kenkaria erabil dezakegu, eta ondorioz 2,15 – 15 = -12,85 euro ordaindu beharko dizkiogu Ogasunari. Hau da, 12,85 euro itzuliko dizkigu Ogasunak, eta azkenean 67,15 + 12,85 = 80 eurorekin amaituko dugu. Hemengo dibidenduekin bezalaxe, alegia.

Bada kenkari honetan, ordea, muga bat. Gogoratu helburua inbertsio guztien fiskaltasuna berdintsua izatea dela, beraz, kenkariak ezin du izan bertako dibidenduentzat Ogasunari egokituko zaion zatia baino handiagoa. Adibidez, demagun gure adibideko 100 euroek atzerrian duten atxikipena 30 eurokoa dela. Horren arabera 30 euroko kenkaria esperoko genuke, baina 100 euroko etekinarentzat hemengo Ogasunarentzako zatia 20 eurokoa denez, gehienez onartuko digun kenkaria 20 eurokoa izango da. Horrela, 100 euroko dibidenduak 30 euroko atxikipena izango du jatorrian, eta (100-30) x 0,21 = 14,7 eurokoa hemengo Ogasunean, beraz, 100 – 30 – 14,7 = 55,30 euro jasoko ditugu dibidendu garbi gisa, eta PFEZ aitorpena egiterakoan 100 x 0,20 – 14,7 = 5,30 euro eskatuko lizkiguke Ogasunak. Baina kenkaria 20 eurokoa denez, 20 – 5,30 = 14,70 euro itzuliko dizkigu Ogasunak, eta azkenean 55,30 + 14,70 = 70 eurorekin amaituko dugu, bertako dibidenduekin baino gutxiago.

Azken adibide honetan arazoa atzerriko ogasunean dago, bertakoak baino askoz gehiago atxikitzen baitu. Horregatik, kenkariaz gain, atzerritarrei gehienez %15eko atxikipena egitea adostu ohi da Ogasunen artean, kenkariaren muga oztopo izan ez dadin. Hala ere, hau ez da beti betetzen, eta gerta daiteke atzerriko inbertsioak okerrago ateratzea. Beraz, atzerriko enpresetan inbertitu aurretik hobe aurrena atzerrian zenbateko atxikipena izango duzuen galdetzea zuen bitartekariari.

Gainera, gogoratu akzioak atzerrikoak nahiz bertakoak izan, beraien dibidendu guztiek dutela lehen 1.500 euroen salbuespena. Beraz, gure aurrezkiaren etekin bakarrak dibidenduak badira, eta denen artean 1.500 euro baino gutxiago badira, orduan ez dago Ogasunarentzako zatirik, eta, beraz, ez dugu kenkaririk izango, nahiz eta tartean atzerriko dibidenduak izan.

Aitorpena ZergaBidea programarekin egiten badugu, kenkari hau adierazteko atal berezia daukagu. Hain zuzen, kuotaren kenkarietara jo behar dugu, eta hor nazioarteko zergapetze bikoitzaren atalera. Dibidenduak aurrezpenaren etekin bezala aitortzen dira, eta hor bi kopuru aitortu behar dira. Batetik atzerrian ordaindutako zenbatekoa, hau da, atzerriko dibidenduen atzerriko atxikipen guztien batura. Eta bestetik atzerrian lortutako errenta, hau da, atzerriko dibidendu guztien batura. Hortik aurrerako kalkulu guztiak ZergaBidea programak egingo dizkigu.