Inbertsio aukera berriak aurkitu asmoz azken aldi honetan Bitcoinak aztertzen aritu naiz. Oraindik goizegi da Bitcoinekin zer gertatuko den jakiteko, hala ere, interesgarriak dira gutxienez.

Bitcoin Internet bidezko ordainketa sistema bat da, txanpon moduko zerbait. Baina gainerako txanponen kasuan berauek arautzen dituzten banketxe nagusiak badaude —adibidez euroaren kasuan Europako Banku Zentrala, dolarraren kasuan Erreserba Federala, eta abar— Bitcoinen kasuan ez dago horrelakorik; horren ordez Bitcoinen erabilera Internetera konektatutako erabiltzaileen artean arautzen da.

Bi dira Bitcoinen erabilera ahaltzen duten elementu nagusiak: Bitcoin helbideak, eta Bitcoin bidalketak jasotzen dituen erregistroa. Bitcoin helbideak Bitcoinak gordetzen dituzten kontu zenbakiak bezala uler daitezke. Edonork eskura dezake Bitcoin helbide bat, eta bertan Bitcoinak jaso, edo bertako Bitcoinak beste Bitcoin helbide batzuetara bidali. Aski izango da Internetera konektatuta egotea horretarako.

Alderdi horretatik beste edozein txaponen antzekoa da, izan ere, horixe bera egiten dugu normalean diru arruntarekin ere. Adibibez, kreditu txartelarekin ordaintzea saltzaileren kontu korrontera euroak bidaltzea besterik ez da.

Bitcoinen berezitasuna bidalketak jasotzen dituen erregistroan dago. Diru arruntarekin banketxeek kontrolatzen dute erregistro hori, Bitcoinen kasuan, aldiz, Internet osoan zehar banatuta dago. Block chain izena du, eta nahi duen edonork parte har dezake bertan. Horretarako norberaren ordenadorean block chain nodo pograma instalatu behar da, eta Interneteko block chain sarera konektatu. Hori eginda Bitcoin meatzari bihurtzen gara, eta Bitcoin bidalketak ziurtatu, eta block chain erregistroa mantentzen laguntzen dugu. Lan horren ordainetan Bitcoinak jasotzen ditugu, gainera.

Milaka eta milaka Bitcoin meatzari daude mundu osoan, Bitcoin bidalketak egiazkoak direla behin eta berriro ziurtatu, eta block chain erregistroa mantentzen. Oso azkar, gainera. Adibidez, https://blockchain.info/ip-log web orrian ikus daitezke une honetan lanean ari diren meatzariak.

Meatzariei esker Bitcoin bidalketa minutu gutxi batzutan gauzatzen da, munduko edozein bi puntu hartuta ere. Pentsatu zenbat denbora itxaron behar dugun nazioarteko diru trasferentzia batean, eta horretarako ordaindu behar izaten ditugun komisioetan. Bitcoinekin ez dago horrelako buruhausterik.