Aurreko bidalketan aipatu bezala, Bitcoinak lortzeko berauek gordeko dituen helbide bat behar da. Bitcoin helbideak letra eta zenbakiz osatutako kateak dira, eta milioika eta milioika daude. Hainbeste dira, helbide bat lortzeko nahikoa dela kate horietako bat asmatu, eta aske dagoen begiratzea. Jakina, ez du edozein katek balio, baina ez da zaila baliozko Bitcoin helbideak sortzen dituzten programak aurkitzea. Adibidez, https://www.bitaddress.org/ web gunean segundu gutxitan sor ditzakegu Bitcoin helbideak.

Bitcoin helbideak 1 zenbakiarekin hasi ohi dira, eta nahi adina Bitcoin gorde ditzakete. Horrela, norbaiti Bitcoinak erosi nahi badizkiogu aski izango da saltzaileari gure helbidea zein den adieraztea, eta saltzaileak helbide horretara bidaliko ditu erosten dizkiogun Bitcoinak. Meatzariei esker bidalketa hori block chainean jasoko da, eta hortik aurrera Bitcoin horiek gure helbidean agertuko dira.

Bitcoin helbide bat inoiz erabili den jakiteko, edo Bitcoinak dituen ikusteko https://blockchain.info/ web gunean begiratu daiteke. Bidalketarik ez badu, helbidea aske dago, eta guretzat har dezakegu. Baina horretarako Bitcoin helbide horren gako pribatua beharko dugu baita ere. Gako pribatua letra eta zenbakiz osatutako beste kate bat da, normalean 5 zenbakiarekin hasita. Bitcoin helbide bakoitzak bere gako pribatua du, eta berau gabe ezinezkoa izango da meatzariek baieztatuko dituzten bidalketak egitea. Beraz, Bitcoin helbide baten gako pribatua ezagutzen ez badugu, helbide horrek ez digu ezertarako balioko, bertako Bitcoinekin ezingo baitugu ezertxo ere egin.

Bitcoin helbide bat sortzerakoan helbide horri dagokion gako pribatua jasoko dugu automatikoki. Jakina, ez erakutsi gako hori beste inori, gako horrekin gure helbidea nahi den bezala erabil baitaiteke. Ez dio axolako helbidea nork sortu duen, bere gako pribatua ezagutzen duenak nahi duen beste edonori bidal diezaizkioke helbide horretan dauden Bitcoinak.

Adibide gisa, hona hemen oraintxe bertan sortu dudan Bitcoin helbide bat:

Bitcoin helbidea
18aabKheFBawj2stkNVT2HhfEy8t2GcyAj

Bitcoin helbidea 1 zenbakiaz hasten den katea da, eta bere gaineko irudia helbide horren QR kode bidezko adierazpena da. QR kodeak asko erabiltzen dira Bitcoin helbideak adierazteko, askoz erosoagoa baita smartphone batekin helbidea QR kodearen bidez irakurtzea kate osoa banan-banan eskuz idaztea baino.

Helbide horri dagokion gako pribatua ere badaukat, baina ez dut hemen argitaratuko, noski. Beraz, badakizu, Bitcoinik bidali nahi badidazu bidali nahi duzuna helbide horretaraxe.