Bitcoin helbideak oso erraz sortu daitezkenez adituek helbide asko erabiltzea gomendatzen dute. Helbide bakoitza bidalketa bakarrean erabili behar dela esaten dute, gainera. Horrekin gako pribatuaren inguruko arriskuak gutxitzen dira, eta, garrantzitsuagoa oraindik, gure diru mugimenduak jarraitzea zailtzen da. Izan ere, gogoratu edonork ikus dezakela Bitcoin helbide batek zer duen, eta berarekin zein bidalketa egin diren, beraz, dena helbide bakarrarekin egiten badugu gure portaera guztia agerian geratuko da. Agian batzueri ez zaie hori gehiegi axolako, anonimotasuna babestea, ordea, ez da inolako huskeria.

Baina helbide asko erabiltzeak arazoak sortuko dizkigu baita ere: Bitcoinak sakabanatuta geratuko dira, gako zerrenda luzea mantendu beharko dugu, eta abar.

Arazo hauek gutxitzeko wallet izeneko programak sortu dira. Bitcoin walletak behar ditugun Bitcoin helbide guztiak sortzeaz arduratzen diren programak dira, gakoak modu seguruan gordetzeaz, bidalketak egiteko pausoak errazteaz, block chainera konektatzeaz, eta abar. Azken batean, Bitcoinekin egin nahiko lirateken eragiketa guztiak kudeatzeaz. Behar duten bakarra Internet konexioa da, eta horrekin gure Bitcoin eragiketa guztiak oso modu erosoan egin ditzakegu.

Bitcoin walletak smartphonean instala ditzakegu, gure ordenadorean, edo tabletean, eta Interneten aurki daitezken online walletak ere badaude. Baina kontuz, Bitcoin helbideak bezala walletak ere behar bezala zaindu behar dira. Babes neurriak izaten dituzten arren —pasahitzak, segurtasun kopiak, enkriptazioa, eta abar— ez baditugu modu egokian erabiltzen Bitcoinak gal ditzakegu. Adibidez, ez eduki Bitcoin gehiegi online walletetan: oso ezagunak izan dira behar bezala babestu gabe zeuden Interneteko zenbait gunetan izandako Bitcoin lapurretak.