Metal preziatuekin gertatzen zen bezala Bitcoinek ez dute berezko etekinik sortzen. Ez dute interesik ematen, ez dibidendurik, ez ezer. Beraz, Bitcoinen kasuan ere, irabazia lortzeko modu bakarra salerosketa bidezkoa da.

Hona hemen Bitcoinak azken urteetan izan duen bilakaera:

Bitcoin eurotan

Harrigarria benetan, ulertu ezinezko gorabeherekin.

Hala ere, Bitcoinak aldeko zenbait ezaugarri ditu. Hasteko, Bitcoin kopurua mugatua da. Euroa edo dolarrarekin ez bezala, Bitcoina ezin da nahi erara sortu, beraz, gehiegizko txanpon sorrerak eragiten duen inflazioa mugatuta dauka. Horren eraginez gainerako txanpon arrunten aurrean Bitcoinak berezko gorakako joera du —gogoratu, adibidez, Europako Banku Zentralak urtean %2ko inflazioa bilatzen duela euroarentzat—.

Bestalde, Bitcoina oraindik gutxi erabiltzen den arren pixkanaka geroz eta hedapen zabalagoa izaten ari da. Egia da oraingoz Europan ez dela hainbeste erabiltzen, baina Estatu Batuetan, adibidez, ia edozer erosteko aukera eskaintzen du. Eta Bitcoina zenbat eta gehiago erabili, orduan eta eskari handiagoa izango du, eta badakigu horrek erosneurrian goraka eragingo diola.

Baina gainerako txanponek ez dituzten arriskuak ere baditu. Adibidez, badira dagoeneko bere erabilera galerazi duten hainbat gobernu (Errusiakoa, adibidez). Eta beste hainbat gobernuk ere begiz jota dute, Bitcoinak eskaintzen duen anonimotasuna dela eta, legez kanpoko salerosketetan erabiltzen denaren aitzakipean.

Bestalde, dagoeneko sei urte bete dituen arren, ez dago garbi zein etorkizun izango duen. Baliteke bere erabilera indartzea, baina baita pixkanaka interesa galdu, eta erabat baztertuta geratzea ere. Izan ere, Bitcoina oso gertaera berria da, eta bere erabilera aukerazkoa, beraz, denborak bakarrik esango digu zertan amaituko duen.