Bitcoinek ez dute berezko gasturik. Bitcoin helbideak, block chain, walletak, eta abar inolako gasturik gabe lor eta erabil daitezke. Badira, ordea, Bitcoinen inbertsioetan kontuan hartu beharreko zenbait gastu posible.

Horietan lehena salerosketa komisioa da. Bitcoinak erosterakoan posible da saltzaileak gainkostu bat ezartzea, adibidez, bitartekari lanengatik, edota ordaintzeko moduarengatik. Izan ere, ez da berdina ordainketa eskudirutan edo transferentzia bidez egitea. Transferentzia bidez ordaintzen bada saltzaileak dirua jaso arte denbora bat itxaron beharko du, eta gainera transferentziak atzeragarriak izan daitezke, beraz, Bitcoinak saltzen dizkigunak dirua gal dezakenaren kezka izan dezake, eta horri aurre egiteko erosneurri handiagoa eska diezaguke.

Bitcoinak saldu nahi baditugu antzekoa gerta dakiguke baita ere. Adibidez, eroslea eskudirutan ordaintzeko prest badago posible da salneurrian beherapen bat eskatzea.

Beste gastu bat Bitcoin walletarena izan daiteke. Adibidez, gure Bitcoinak gorde, eta eragiketak egiteko horretara bideratutako web gune bat erabiltzen badugu, posible da web gune horrek mantentze gastuen ordainketa eskatzea.

Azkenik Bitcoin bidalketen gastuak daude. Gogoratu Bitcoinak erosterakoan saltzaileak gure helbide batera bidali beharko dizkigula, eta saltzen ditugunean ere bidalketa bat egin beharko dugula guk ere. Bestalde, gerta daiteke salerosketarako erabiltzen dugun walleta ez izatea Bitcoinak gordetzeko erabiltzen dugun bera, beraz, walleten arteko bidalketak izan ditzakegu baita ere.

Bitcoin bidalketek gastuak izaten dituzte. Erabat doan egitea ere posible da, baina bidalketak egiaztatzeko meatzarien lana behar-beharrezkoa denez ohikoena Bitcoin bidalketetan meatzarientzako kopuru bat gehitzea da. Ez du oso handia izan behar, adibidez, bidalketa bakoitzeko 0,001 Bitcoin aski izan daitezke. Meatzariei zenbat eta gehiago ordaindu orduan eta azkarrago ziurtatuko dute bidalketa, hori bai.