Metal preziatuen gastuak aztertu genituenean urreak gainerako metal preziatuen aldean abantaila garrantzitsu bat zuela ikusi genuen, urrearen erosketak BEZ gabeak direla, alegia. Horrela, askoz zailagoa zen inbertsio errentagarriak lortzea zilarra edo beste edozein metalekin, hauek erosterakoan %21eko BEZ gehitu behar genion-eta erosneurriari.

Baina hara non, zilarrezko txanponak ere BEZ ordaindu gabe eros daitezke. Hori lortzeko bidea askorentzat korapilatsua izan daiteken arren, ez da hain zaila, eta dakarren aurrezpena ikusita zilar txanponetako inbertsioa interesgarri eta guzti bihur dezake. Gogoratu zilarra urrea baino askoz merkeagoa dela, beraz, diru gutxirekin ere zilarrean inbertitzea posible da.

Erosketaren gakoa Europar Batasuneko legediak uzten duen zirrikitu batean dago. Estonian legezko zilar txanponak BEZ gabeak dira, hau da, Estoniara joan, eta ordainketetarako erabil daitezken zilarrezko txanponak erosten baditugu han, ez dugu beraiengatik BEZ ordaindu beharrik izango. Eta horrelako txanponak dira, hain zuzen, hainbat gobernuk noizean behin ateratzen dituzten oroitzapenezko zilarrezko txanpon batzuk: Austriako Philharmonic zilarrezko txanponak, Estatu Batuetako Eagle zilarrezko txanponak, Txinako Panda zilarrezko txanponak, eta abar.

Jakina, ez gara Estoniara joango zilarrezko txanponak erostera, bidaia BEZ bera baino garestiagoa aterako bailitzaiguke, hala ere, bai gauzatu daitekela erosketa Estonian bertan begeunde bezala (Internet bidez, noski), eta ondoren handik txanponak gure etxera ekarri arazi (mezularitza-zerbitzu bidez, adibidez). Saltzaileak zuzenean txanponak gure etxera bidaliko balitu, orduan erosketa zuzenean gure etxetik egingo bagenu bezala litzateke, eta horrek BEZ izango luke, baina erosketa eta bidalketa banatuta, legediak txanponak BEZetik salbuetsita izatea ahaltzen digu. Eta dena Europar Batasunaren barruan egiten denez ez dago muga-zergekin kezkatu beharrik.

Trikimailu honetaz jabetuta, prozesu guztia errazten duten zenbait web gune sortu dira, eta berauei esker posible da nahi duen edonork BEZ gabeko zilarrezko txanponak erostea. Jakina, bidalketa gastuak handixeagoak izango direnez (25-30 euro inguru), aukera honek ez du balio txanpon gutxi batzuk erosteko, baina asmoa 10 ontza edo gehiago erostea bada, orduan pena merezi du.

Adibidez, BEZ gabeko zilarrezko txanponak saltzen dituen web gune hau aurkitu dut: Liberty Silver. Oraingoz ez dut erabili, beraz, ezin ziurta dezaket bere egiazkotasuna, baina saiatu arren ez dut saltzaile honi buruzko ezer txarrik aurkitu. Inork probatuko balu, esan mesedez nola joan den.