Inoiz urrea edo zilarra erosten badugu erosten duguna faltsua izatearen kezka izan dezakegu. Arazo horri aurre egiteko modurik hoberena saltzaile ezagun eta fidagarriei bakarrik erostea da, baina horrelakoetan ere hobe erosgai faltsuak antzemateko metodoren bat (edo asko) erabiltzen badugu.

Metodoetan sinpleena erositakoaren neurriak eta pisua egiaztatzea da, baina duela gutxi aurkitu dudan beste metodo bat azaldu nahi dut bidalketa honetan: Bullion Test. Bullion Test smartphonerako aplikazio bat da, eta urrezko eta zilarrezko txanponak egiaztatzeko balio du. Urrezko eta zilarrezko txanponek soinu jakin bat dute, eta aplikazio honek smartphonearen mikrofonoaren bidez soinu hori entzun, eta benetako txanponek duten soinuarekin alderatzen du. Soinuak bat ez badatoz ia seguru txanponak faltsuak direla.

Bullion Test ordainpeko aplikazioa da, baina badu doako bertsioa ere. Bi bertsioen arteko aldea txanpon kopuruan dago. Doako bertsioak hiru txanpon bakarrik ezagutzen ditu: urrezko ontzako Krugerrand, eta zilarrezko ontzako Buffalo eta Eagle. Ordainpekoak inbertsiorako txanpon gehienak ezagutu ditzake (20tik gora).

Doako aplikazioarekin proba bat egin dut oraintxe bertan, eta erabili dudan txanponak testa ondo pasa du. Gaur lasaixeago lo egingo dut.