Berriro ere Ogasunari gure irabazien berri eman behar diogun garai horretan gaude. Eta lan hori errazteko bidean Ogasunak beste pausu bat eman du: ZergaBidea tresna web bidez erabiltzeko moduan jarri du.

Orain arte ZergaBidea gure ordenadorean instalatu behar genuen programa bat zen. Berari esker errenta aitorpena egiteko aski zen urteko irabazi, galera, kenkari, eta abarrak behar ziren laukietan sartzea. Hortik aurrerako kalkulu guztiak berak egiten zituen, eta aitorpena Ogasunera elektronikoki bidaltzeko prest uzten zuen.

Hemendik aurrera ZergaBidea web bidez erabiliko den aplikazio bat izango da. Ez dugu ezer instalatu beharko, aski izango da Internet konexioa eta nabigatzaile bat dituen edozein ordenadore erabili ahal izatea. Baina horretaz gain beste guztia oso berdintsua da. Autolikidazio proposamenak eta aurreko urteetako aitorpenak jasotzeko aukera ere eskaintzen du, gainera.

Ez gutxietsi zergak, inbertsio bat atzera botatzeko adinako garrantzia izan dezakete.