Azken urte hauetan hainbat inbertsio funts independente berri agertu da Espainian. Garai batean banketxeen inbertsio funtsak besterik ez zeuden ia, eta zaila zen berauen kudeaketari buruzko ezer jakitea. Noizean behin funtsaren azken txostena jaso zitekeen etxean, baina txosten horretan ez zen gauza handirik azaltzen.

Funts independenteei esker hau erabat aldatu da. Funts hauek askoz ardura handiagoa dute inbertitzaileekiko, eta beraien inbertsioak, estrategiak, eta nondik norakoak azaltzen saiatzen dira, inbertitzaileek izan ditzaketen kezka eta zalantzak argituz. Horretarako aurkezpenak, topaketak, eta bestelako ekintzak antolatzen dituzte.

Honen adibide aste honetan Cobas-eko kudeatzaileek Donostian egindako topaketa dugu. Cobas duela urte gutxi sortutako funts kudeatzailea da, eta aurten Espainia osoan zehar hiriz-hiri dabiltza inbertitzaileekin duten harremana estutu nahian. Izan ere, beraien inbertsioen emaitza ez da esperotakoa izan, eta zuten ospe ona arriskuan dute.

Encuentros Cobas

Honelako aurkezpenak oso gomendagarriak izaten dira. Kudeatzaileak bere lana espero dugun bezala betetzen duela ikusteko balio izaten digute, baina aldi berean inbertsio prozesuari buruz ikasteko oso lagungarri izaten dira.

Asko dira beren urteko aurkezpena Interneten edonorentzat eskuragarri jartzen duten kudeatzaileak. Denbora izanez gero, hona hemen ikustea benetan merezi dutenak:

  • Berkshire Hathaway (ingelesez): Warren Buffett eta Charlie Munger.
  • Bestinver (gaztelaniaz): Francisco García Paramés, Álvaro Guzmán de Lazaro, eta Fernando Bernad.

Eta gehiago nahi izanez gero: Fundsmith, Azvalor, Cobas, Magallanes, eta abar luze bat.