Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Browsing Posts published by

Aurreko bidadalketan kudeatzaileen lana berrikusi ondoren estrategia pasibo batek zer moduz egin zezakeen jakin nahian geratu nintzen. Eta duela urte batzuk ETF bidezko zorro iraunkorra aztertu nuenez azken hamar urteetan estrategia berak zer emaitza izango zukeen aztertzea bururatu zait.

Konparaketarako orduko ETF berberak erabili ditudan arren ezin izan ditut datu iturri berak aurkitu, eta, ondorioz, lehen urteetan emaitzak ez dira guztiz berdinak ateratzen. Asmoa, ordea, ez da emaitza zehatza jakitea, estrategiari buruzko ideia bat lortzea baizik.

Urtea Vanguard
Total World Stock
Vanguard
Long Term Bond
State Street
SPDR Gold Trust
Gordailuak Zorro iraunkorra
2009 %23,77 %-8,59 %20,98 %3,43 %9,90
2010 %18,26 %11,71 %37,44 %2,09 %17,37
2011 %-6,60 %20,49 %13,89 %2,58 %7,59
2012 %11,25 %0,01 %3,93 %2,73 %4,48
2013 %16,64 %-16,63 %-31,66 %2,43 %-7,30
2014 %15,25 %31,37 %12,46 %1,21 %15,07
2015 %6,86 %2,57 %-0,38 %0,56 %2,40
2016 %9,05 %5,87 %11,66 %0,33 %6,73
2017 %6,95 %-6,39 %-1,21 %0,08 %-0,14
2018 %-8,40 %-4,30 %2,38 %0,07 %-2,56
UTB %8,85 %2,75 %5,46 %1,54 %5,10

Gogoratu lehen bi ETFek dibidenduak banatzen dituztela, beraz, bukaerako errentagarritasuna taulakoa baino handixeagoa izan zen, zaintza eta salerosketa gastuak ere kontuan izanda %6eko UTB ingurukoa. Emaitza nahiko interesgarria da, hala ere, kontuan izan behar da iaz MiFID II indarrean sartzearen eraginez Estatu Batuetako ETF gehienak eskuragarri egoteari utzi diotela. Beraz, zorro iraunkorra osatu nahiko bagenu beste tresna batzuk erabili beharko genituzke.

Oharra: Gordailuen errentagarritasunerako Espainiako Bankuak argitaratzen dituen datuak hartu ditut oinarri gisa. Adibide honetarako zorroa urte hasieran berrorekatuko zela erabaki zenez urtarriletan gordailuek izan zuten interes tipoa erabili dut.

Inbertsio funtsen kudeatzaileen gaitasuna norainokoa zen erakusteko asmoz duela bost urte Espainiako errenta aldakorreko hainbat funtsek aurreko hamar urteetan lortutako errentagarritasuna aztertzen zuen bidalketa argitaratu nuen.

Ordutik hona egoera ezertan aldatu den ikusi nahian azterketa errepikatu dut funts horiekin, baina oraingoan azken bost urteetako errentagarritasunak erabiliz. Hona emaitzak:

Inbertsio funtsa 2014 2015 2016 2017 2018 UTB
Bankia BP RV España %6,4 %-3,2 %0,2 %7,0 %-11,1 %-0,4
Bankinter Bolsa España %5,2 %1,9 %0,7 %11,2 %-12,1 %1,1
Bestinver Bolsa %-4 %10,0 %8,7 %10,4 %-8,6 %3,0
Laboral Kutxa Bolsa %5,2 %-5,8 %-0,3 %7,6 %-14,8 %-2,0
Caixabank Bolsa Gestión España %5,6 %-6,8 %-3,7 %8,1 %-11,6 %-2,0
GVCGaesco Bolsalider %4,1 %-4,2 %2,0 %7,0 %-14,0 %-1,3
ING Direct F. Naranja IBEX 35 %7,4 %-4,6 %1,4 %9,9 %-12,6 %0,0
Kutxabank Bolsa %5,6 %-0,9 %-1,3 %9,7 %-13,9 %-0,5
Popular BP Bolsa España %2,2 %1,5 %0,4 %13,3 %-10,2 %1,2
Renta4 Bolsa %4,9 %9,1 %7,3 %16,8 %-9,0 %5,5
Santander Acciones Españolas %3,1 %9,4 %4,6 %11,7 %-10,3 %3,4
IBEX 35 NR %7,6 %-4,3 %1,7 %10,5 %-12,2 %0,3

IBEX 35-ek ia ezer ez irabazi arren, ezin esan inbertsio funts aktiboek izugarri ondo egin dutenik. Renta4 izan da etekin interesgarriak lortu dituen bakarra.

Eta urte kopuruak aldatuz gero:

Inbertsio funtsa UTB 2004/2013 UTB 2014/2018 UTB 2009/2018 UTB 2004/2018
Bankia BP RV España %6,3 %-0,4 %3,6 %4,0
Bankinter Bolsa España %7,1 %1,1 %3,3 %5,0
Bestinver Bolsa %10,8 %3,0 %7,7 %8,2
Laboral Kutxa Bolsa %4,7 %-2,0 %1,7 %2,4
Caixabank Bolsa Gestión España %6,0 %-2,0 %3,0 %3,3
GVCGaesco Bolsalider %2,6 %-1,3 %-0,6 %1,3
ING Direct F. Naranja IBEX 35 %6,2 %0,0 %3,2 %4,1
Kutxabank Bolsa %5,9 %-0,5 %3,1 %3,7
Popular BP Bolsa España %4,2 %1,2 %3,2 %3,2
Renta4 Bolsa %5,4 %5,5 %6,1 %5,4
Santander Acciones Españolas %5,1 %3,4 %4,6 %4,5
IBEX 35 NR %7,1 %0,3 %3,4 %4,8

Lehen zutabean duela bost urte jasotako errentagarritasunak errepikatzen dira, bigarrenean aurreko taularenak, eta hurrengo bietan epe luzeagokoak. Norberak atera ditzala bere ondorioak.

Oharra: IBEX 35-en datuetarako IBEX 35 Net Return indizea erabili dut, hau da, IBEX 35 indizeak izan duen errentagarritasuna indizeko akzioek banatutako dibidendu garbiekin batera. Gaur egun erraz aurki daitezke portaera bereko ETFak, adibidez, Acción IBEX 35 ETF.

Azken urte hauetan hainbat inbertsio funts independente berri agertu da Espainian. Garai batean banketxeen inbertsio funtsak besterik ez zeuden ia, eta zaila zen berauen kudeaketari buruzko ezer jakitea. Noizean behin funtsaren azken txostena jaso zitekeen etxean, baina txosten horretan ez zen gauza handirik azaltzen.

Funts independenteei esker hau erabat aldatu da. Funts hauek askoz ardura handiagoa dute inbertitzaileekiko, eta beraien inbertsioak, estrategiak, eta nondik norakoak azaltzen saiatzen dira, inbertitzaileek izan ditzaketen kezka eta zalantzak argituz. Horretarako aurkezpenak, topaketak, eta bestelako ekintzak antolatzen dituzte.

Honen adibide aste honetan Cobas-eko kudeatzaileek Donostian egindako topaketa dugu. Cobas duela urte gutxi sortutako funts kudeatzailea da, eta aurten Espainia osoan zehar hiriz-hiri dabiltza inbertitzaileekin duten harremana estutu nahian. Izan ere, beraien inbertsioen emaitza ez da esperotakoa izan, eta zuten ospe ona arriskuan dute.

Encuentros Cobas

Honelako aurkezpenak oso gomendagarriak izaten dira. Kudeatzaileak bere lana espero dugun bezala betetzen duela ikusteko balio izaten digute, baina aldi berean inbertsio prozesuari buruz ikasteko oso lagungarri izaten dira.

Asko dira beren urteko aurkezpena Interneten edonorentzat eskuragarri jartzen duten kudeatzaileak. Denbora izanez gero, hona hemen ikustea benetan merezi dutenak:

  • Berkshire Hathaway (ingelesez): Warren Buffett eta Charlie Munger.
  • Bestinver (gaztelaniaz): Francisco García Paramés, Álvaro Guzmán de Lazaro, eta Fernando Bernad.

Eta gehiago nahi izanez gero: Fundsmith, Azvalor, Cobas, Magallanes, eta abar luze bat.

Gaur egun enpresen akzioak elektronikoki saldu eta erosten diren arren garai batean akzioak paperezko agiriak ziren. Agiri horietan enpresaren izena, akzioaren oinarrizko balioa, eta beste zenbait datu jasotzen ziren.

Inbertsio gisa dagoeneko agiri horiek ez dute zentzu handiegirik, baina inbertsioen munduan hasteko pizgarri gisa, edota oroigarri gisa, opari polita izan daitezke.

Interesgarria irudituz gero, begiratu GiveAShare (ingelesez), hainbat enpresen benetako akzio agiriak eros daitezke oraindik bertan.

GiveASahre

Finizens

No comments

Finizens

Finizens inbertsio estrategia automatizatzen laguntzen duen erakunde bat da. Kontua ireki, aurrezkien zenbatekoa eta maiztasuna zehaztu, eta hortik aurrera beraiek arduratzen dira aurrezkiak dibertsifikatu, batez besteratu, berrorekatu, eta gainerako eragiketa guztietaz. Dena automatikoki, beste ezeren beharrik gabe.

Kontua irekitzerakoan gure ezaugarri eta helburuak ezagutzeko balioko duten zenbait galdera egingo dizkigu, eta horretan oinarrituta inbertsio estrategia egokiena proposatuko digu. Ez dugu besterik egin beharko, beraz, oso erosoa da inbertsio estrategien xehetasunekin kezkatu nahi ez badugu.

Badira Finizens bezalako erakunde gehiago, adibidez Indexa. Komeni da aukera hauek ezagutzea, interesgarriak izan daitezke.

Berriro ere Ogasunari gure irabazien berri eman behar diogun garai horretan gaude. Eta lan hori errazteko bidean Ogasunak beste pausu bat eman du: ZergaBidea tresna web bidez erabiltzeko moduan jarri du.

Orain arte ZergaBidea gure ordenadorean instalatu behar genuen programa bat zen. Berari esker errenta aitorpena egiteko aski zen urteko irabazi, galera, kenkari, eta abarrak behar ziren laukietan sartzea. Hortik aurrerako kalkulu guztiak berak egiten zituen, eta aitorpena Ogasunera elektronikoki bidaltzeko prest uzten zuen.

Hemendik aurrera ZergaBidea web bidez erabiliko den aplikazio bat izango da. Ez dugu ezer instalatu beharko, aski izango da Internet konexioa eta nabigatzaile bat dituen edozein ordenadore erabili ahal izatea. Baina horretaz gain beste guztia oso berdintsua da. Autolikidazio proposamenak eta aurreko urteetako aitorpenak jasotzeko aukera ere eskaintzen du, gainera.

Ez gutxietsi zergak, inbertsio bat atzera botatzeko adinako garrantzia izan dezakete.

Ohiturari jarraituz urte berriarekin batera Gipuzkoako Ogasunak zenbait aldaketa ekarri dizkigu fiskaltasunean. Lehen aldaketa urterokoa da, ondare irabazi eta galerak kalkulatzeko eskuratze balioaren eguneratze koefizienteena. Hauxe da azken koefiziente berrien taula:

Eskuratze urtea 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
Koefizientea 1,105 1,102 1,084 1,051 1,028 1,012 1,010 1,010 1,010 1,000

Bestalde, partaidetza eskubideen salmentan ere aldaketak egon dira: aurten hasita eskubideen salmentagatik lortutako irabaziek atxikipena izango dute. Duela zenbait urte eskubideen salmenta atxikipenik gabeko ondare eskualdatze bezala aitortzen hasi behar izan genuen. Hemendik aurrera, horretaz gain, atxikipena jasan beharko dugu.

Zorionez zergen zenbatekoak ez dira handitu, ez eta atxikipenen ehunekoak ere.

Kudeaketa pasiboa nahiago izanez gero hainbat aukera daukagu gure inbertsioak aurrera eraman ahal izateko. Adibidez, hona hemen Rankiako dullinvestor erabiltzaileak mantentzen duen funts indexatuen web orria:

Funts indexatuak

Funts indexatu ezagunenak biltzen ditu, jarraitzen duten indizearekin, eta funtsetara harpidetu ahal izateko erabil ditzakegun bitartekariekin (Renta4, BNP Paribas, Self Bank, eta abar).

PDF eran nahiago izanez gero, hemen eskura daiteke. Web orria maiz eguneratzen da, ordea, beraz, hobe jatorrira jotzea.

Azken aste hauetan komunikabideetan errentamenduen kontratu, fidantza, gordailu eta horrelakoei buruzko kontuak ugari izan dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak horien inguruko dekretu berri bat atera du aurreko hilean, eta hiri finken errentamenduan hainbat betekizun ezarri ditu.

Blog honetan garajeen alokairu bidezko inbertsioak azaldu direnez, jakin behar dugu betekizun hauek ez dietela garajeen errentamenduei eragiten. Hau da, garajeen kasuan kontratua erregistratzea hautazkoa da, eta fidantza eta bere gordailua ere bai. Bizilekuen kasuan, ordea, derrigorrezkoak dira, eta Bizilagun zerbitzu publikoaren bidez egin behar dira.

Urte berriarekin Gipuzkoako Ogasunak bi aldaketa ekarri dizkigu aurrezkiei 2016an aterako dizkiegun irabazientzako. Lehena urtero egiten duen aldaketa bat da, ondare irabazi eta galerak kalkulatzeko eskuratze balioaren eguneratze koefizienteena. Horrela, 2016an ondare salmenta bat egiten bagudu, datorren urteko PFEZ aitorpenean koefiziente hauek aplikatuko dira:

Eskuratze urtea 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016
Koefizientea 1,151 1,105 1,102 1,084 1,051 1,028 1,012 1,010 1,010 1,000

Bigarren aldaketa etekinen gaineko atxikipenean izan da: 2016eko etekinentzat %19koa izango da. Baina atxikipena aldatu arren zergak bere horretan jarraitzen du, beraz, hasiera batean diru gehiago jasoko dugun arren, PFEZ aitorpenaren ondoren gure inbertsioen etekin garbian ez dugu aldaketarik antzemango. Izan ere, gogoratu atxikipena Ogasunari egiten diogun aurrerapen moduko bat besterik ez dela, eta orain barkatzen diguna PFEZ aitorpena egiterakoan kenduko digula.

Tresna-barrara saltatu