Duela hiru urte lantokian arazo larriak izan genituen. Enpresaren bideragarritasuna kolokan zegoen, eta kaleratze ugari egon zen. Nik ez nuen lanpostua galdu, baina edozein unetan kalean gera nintekeen kezka hortxe zegoen (eta dago).

Zer egin lanik gabe geratuz gero? Beste lan bat aurkitzerik izango ote nuen? Krisi garaian geunden bete-betean, adinean ere aurrera egiten hasita, eta nire lan-sektorean ez zen aukera tajuzkorik. Zorionez urtetan zehar aurreztutako diru pilatxoa nuen, eta, besterik ezean, negozio propio bat sor nezakeen aurrezki horiekin.

Orduan konturatu nintzen: zergatik itxaron behar nuen lanik gabe geratu arte aurrezkietaz baliatzeko? Lanean ari nintzela ez nuen negozio propioa antolatzeko astirik, baina inbertsiotarako bai. Horrela, finantza munduari buruz aurkitzen nuen guztia irakurtzen hasi nintzen: prentsa, blogak, liburuak, online ikastaroak, eta abar. Eta probak ere egin nituen. Hasieran diru gutxirekin, eta azkenean neukan guztiarekin.

Susto bat baino gehiago izan ditut bidean, baina merezi izan du. Lehenago hasi ez izana damu dut, gainera. Nora begira egon nintzen hainbeste urtetan? Inora ez. Izan ere, ezagutza faltak horixe du: aukerak ezagutzen ez badira ezin erabaki egokia hartu, behar duguna mutur aurrean eduki arren.

Blog honetan urte hauetan ikasitakoa jaso nahi dut, baina baita aurkitzen noan ezagutza berria ere. Ideia eta kontzeptuak finkatzeko balio izateaz gain ezagutza berrian aurrera egitera bultzatuko nauen zerbait izatea espero dut. Aldi berean beste norbaiti ere lagungarria suerta badakioke, askoz hobeto.