Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Gordailuek, berez, ez dute gasturik; banketxe batean gordailu bat ireki nahi badugu ez digute ezer kobratuko horrengatik. Praktikan, ordea, ez da guztiz horrela. Izan ere, gordailu bat edukitzeko bere interesak jasoko dituen beste kontu bat irekitzera behartuko digu banketxeak. Eta beste kontu honek ia beti gasturen bat izango du: adiministrazio gastua, mantentze gastua, gutuneria gastua, edo auskalo zer beste gastu. Jakina, gastu horiek gordailuen etekinaren kaltetan izango dira.

Adibidez, hona hemen Banco Popularrek gaur bertan eskaintzen dituen gordailuak:

Banco Popularreko gordailuak

Baina gordailu horietakoren bat ireki ahal izateko gutxienez beste kontu bat eduki beharko dugu bertan. Adibidez, aurrezki-libreta bat eduki dezakegu gordailuaren interesak jasotzeko. Bada, aurrezki-libreta edukitzeagatik Banco Popularrek 8 euro kobratzen ditu sei hilean behin. Horrela, demagun urtebeterako gordailua ireki dugula 2.000 eurorekin. Bere UTB %1,05 denez 21 euroko interesa jasoko dugu urtea bete ondoren. Baina aurrezki-libreta edukitzeagatik 16 euro kobratuko dizkigute urte horretan, beraz, gordailuaren etekina ia ezerezean geratuko da.

Espainiako Bankuaren arabera, ez da batere txukuna banketxeak derrigortuta ireki behar izan dugun kontu batengatik gastuak ordaindu behar izatea. Banketxeei, ordea, bost axola zaie, berdin-berdin kobratzen dute. Saia gaitezke banketxearekin gastu hauek ken ditzaten negoziatzen, baina ez harritu kasurik egiten ez badigute. Kontuz, beraz, ustekabeko gastu horiekin.

Gordailuekin lortuko dugun etekina normalean dirutan izaten den arren, badira diruaren ordez opariak ematen dituzten gordailuak. Adibidez, Bankiak gaur bertan gordailu hau eskaintzen du:

Bankia gordailua

Nola alderatu gordailu hauek gainerakoekin? UTB bidez, hauek ere. Izan ere, etekina opari bidez eman arren, zein UTB daukaten azaldu behar dute. Beren UTBek zenbat diru emango liguketen adieraziko digute, baina, zuzenean eskura eman beharrean, diru horrekin oparia erostera behartuko baligute bezala da.

Adibidean ikus daitekenez, gordailuaren UTB %1,16 da. Horrela, 6.100 euro 36 hilabetetan jarriz gero (3 urte), 6.100 x 0,0116 x 3 = 212,28 euro jasoko genituzke interesetan. DVD horrengatik kopuru hori ordainduko genuke? Norberak atera ditzala kontuak.

UTB

No comments

Gordailu batean jarritako diruak sortuko digun etekina gordailuaren interesak adieraziko digu. Interes hori ehunekotan adierazi ohi da.

Adibidez, demagun 1.000 euroko gordailu bat ireki dezakegula, urtebeterako, eta %3ko interesa duela esaten digula banketxeak. Orduan, urtea igarotakoan hasierako 1.000 euro horiek eta beren %3 gehiago, hau da, 30 euro gehiago, jasoko ditugu gordailu honekin. Edota demagun sei hilabeterako gordailu bat ireki dezakegula —banketxe berean nahiz beste batean—, eta honek %2ko interesa ematen duela. Beste gordailu honek sei hilabeteren buruan 20 euroko etekina emango liguke.

Zein da bietan hobea? Hasiera batean lehen gordailuak hobea dirudi, 10 euro gehiago emango bailizkiguke; baina bigarren gordailua berreskuratu bezain azkar berriro antzeko gordailu bat irekiko bagenu, sei hilabete gehiagoren ondoren beste 20 euro emango lizkiguke, eta azkenean urte beraren buruan 40 euro jasoko genituzke. Beraz, garbi dago bigarren gordailu hau hobea dela.

Eta 4 hilabeteko gordailua %1ean? Ala 18 hilabetekoa %5ean? Eta gordailu berezi bat 9 hilabetera, lehen hiru hilabeteak %2an eta ondorengo seirak %4an? Epe eta interes mota ugari aurki ditzakegunez beraien arteko konparaketa errazteko gordailu guztiek beren UTB zein den adierazi behar dute. UTB Urteko Tasa Baliokidea da; gordailua urtebeterako izanez gero, urte horren buruan jasoko genuken interesa adierazten digu. Horrela, lehen bi adibideetara itzuliz, lehen gordailua urtebeterako %3an izanda, garbi dago bere UTB %3koa dela, baina bigarrena, sei hilabeterako %2an izan arren, gordailua urtea osatzeraino berrituz gero 40 euro jasotzen genituenez, bere UTB %4 da.

Beraz, gordailu baten interesa ikusten dugun bakoitzean kontu izan behar dugu zein interesi buruz ari garen. Gordailuaren berezko interesa baino askoz aprosagoa zaigu bere UTB ezagutzea, UTBri esker gordailuak elkarren artean alderatu ahal izango baititugu. Zenbat eta UTB handiagoa, orduan eta etekin handiagoa.

Banketxeek gordailuak era askotara iragartzen dituzte. Begiratu beti beren UTB ezer baino lehen.

Gordailua

No comments

Gordailua da diruari etekina ateratzeko dagoen finantza-tresnarik sinpleena. Dirua banketxe batean uzten dugu epe jakin baterako, diru hori epe horretan ez berreskuratzeko baldintzapean, eta ordainetan banketxeak sari bat emango digu. Saria dirutan ala beste edozertan izan daiteke, eta gordailua eratu bezain pronto, epea amaitutakoan, edota zatika jaso daiteke epea betetzen doan heinean. Sari horri gordailuak ematen duen interesa deitzen zaio.

Epe desberdinetako gordailuak aurki daitezke, bai banketxe berean, eta baita banketxe batetik bestera aldatutakoan ere: hilabeterako gordailua, sei hilabetetarakoa, urte baterakoa, 18 hilabetetarakoa, eta abar luze bat. Epearen arabera interes desberdina izan ohi dute; normalean zenbat eta epe luzeagoa, orduan eta interes handiagoa. Hau guztiz logikoa da, izan ere, gordailua ezin badugu denbora luzeagoan berreskuratu gehiago eskatuko dugu bere trukean. Baina ez da beti horrela derrigorrez, gertatu da kontrakoa ere noizbait.

Gordailuen adibide gisa hona hemen CaixaBankek gaur bertan eskaintzen dituen zenbait gordailu:

CaixaBank gordailuak

Gordailu bat irekitzea nahiko erraza da: banketxe batera joan diruarekin, eta nahi den eperako gordailua ireki. Banketxe askok, gainera, online irekitzeko aukera eskaintzen dute.

Baina hainbeste banketxe eta gordailuren artean, zein aukeratu? Erabaki hori hartzeko gutxienez ondorengoa jakitea komeni da:

  • Gordailuaren interesa.
  • Gordailuaren gastuak.
  • Gordailuaren bermea.
  • Gordailua aurrez eteteko aukera.
  • Bestelako baldintzak.

Aurkezpena

No comments

Duela hiru urte lantokian arazo larriak izan genituen. Enpresaren bideragarritasuna kolokan zegoen, eta kaleratze ugari egon zen. Nik ez nuen lanpostua galdu, baina edozein unetan kalean gera nintekeen kezka hortxe zegoen (eta dago).

Zer egin lanik gabe geratuz gero? Beste lan bat aurkitzerik izango ote nuen? Krisi garaian geunden bete-betean, adinean ere aurrera egiten hasita, eta nire lan-sektorean ez zen aukera tajuzkorik. Zorionez urtetan zehar aurreztutako diru pilatxoa nuen, eta, besterik ezean, negozio propio bat sor nezakeen aurrezki horiekin.

Orduan konturatu nintzen: zergatik itxaron behar nuen lanik gabe geratu arte aurrezkietaz baliatzeko? Lanean ari nintzela ez nuen negozio propioa antolatzeko astirik, baina inbertsiotarako bai. Horrela, finantza munduari buruz aurkitzen nuen guztia irakurtzen hasi nintzen: prentsa, blogak, liburuak, online ikastaroak, eta abar. Eta probak ere egin nituen. Hasieran diru gutxirekin, eta azkenean neukan guztiarekin.

Susto bat baino gehiago izan ditut bidean, baina merezi izan du. Lehenago hasi ez izana damu dut, gainera. Nora begira egon nintzen hainbeste urtetan? Inora ez. Izan ere, ezagutza faltak horixe du: aukerak ezagutzen ez badira ezin erabaki egokia hartu, behar duguna mutur aurrean eduki arren.

Blog honetan urte hauetan ikasitakoa jaso nahi dut, baina baita aurkitzen noan ezagutza berria ere. Ideia eta kontzeptuak finkatzeko balio izateaz gain ezagutza berrian aurrera egitera bultzatuko nauen zerbait izatea espero dut. Aldi berean beste norbaiti ere lagungarria suerta badakioke, askoz hobeto.

Tresna-barrara saltatu