Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Duela zenbait aste azaldu bezala, Gipuzkoako Ogasunak zenbait doiketa egin zituen hainbat etekin moten atxikipenean. Bada, aste honetan, aldaketa berri bat argitaratu du. Uztaileko hartan interes, kupoi eta dibidenduen atxikipena %20tik %19,5era jeitsi bazuen, oraingoan inbertsio funtsetako partaidetzak saltzerakoan lortutako irabazien atxikipena jeitsi du %20tik %19,5ra. Hau da, irailaren 2tik aurrera inbertsio funtsak saldu, eta irabazirik badugu, irabazi horien %19,5 atxikiko digute lehengo %20 ordez. Horrela, hemendik aurrera, atxikipena jasango dugun guztietan, hau %19,5ekoa izango da beti, etekin mota edozein dela ere.

Kontuan izan, hala ere, zergak bere horretan jarraitzen duela, beraz, PFEZ aitorpenaren ondoren gure inbertsioen etekin garbian ez dugu aldaketarik antzemango.

Inoiz urrea edo zilarra erosten badugu erosten duguna faltsua izatearen kezka izan dezakegu. Arazo horri aurre egiteko modurik hoberena saltzaile ezagun eta fidagarriei bakarrik erostea da, baina horrelakoetan ere hobe erosgai faltsuak antzemateko metodoren bat (edo asko) erabiltzen badugu.

Metodoetan sinpleena erositakoaren neurriak eta pisua egiaztatzea da, baina duela gutxi aurkitu dudan beste metodo bat azaldu nahi dut bidalketa honetan: Bullion Test. Bullion Test smartphonerako aplikazio bat da, eta urrezko eta zilarrezko txanponak egiaztatzeko balio du. Urrezko eta zilarrezko txanponek soinu jakin bat dute, eta aplikazio honek smartphonearen mikrofonoaren bidez soinu hori entzun, eta benetako txanponek duten soinuarekin alderatzen du. Soinuak bat ez badatoz ia seguru txanponak faltsuak direla.

Bullion Test ordainpeko aplikazioa da, baina badu doako bertsioa ere. Bi bertsioen arteko aldea txanpon kopuruan dago. Doako bertsioak hiru txanpon bakarrik ezagutzen ditu: urrezko ontzako Krugerrand, eta zilarrezko ontzako Buffalo eta Eagle. Ordainpekoak inbertsiorako txanpon gehienak ezagutu ditzake (20tik gora).

Doako aplikazioarekin proba bat egin dut oraintxe bertan, eta erabili dudan txanponak testa ondo pasa du. Gaur lasaixeago lo egingo dut.

Metal preziatuen gastuak aztertu genituenean urreak gainerako metal preziatuen aldean abantaila garrantzitsu bat zuela ikusi genuen, urrearen erosketak BEZ gabeak direla, alegia. Horrela, askoz zailagoa zen inbertsio errentagarriak lortzea zilarra edo beste edozein metalekin, hauek erosterakoan %21eko BEZ gehitu behar genion-eta erosneurriari.

Baina hara non, zilarrezko txanponak ere BEZ ordaindu gabe eros daitezke. Hori lortzeko bidea askorentzat korapilatsua izan daiteken arren, ez da hain zaila, eta dakarren aurrezpena ikusita zilar txanponetako inbertsioa interesgarri eta guzti bihur dezake. Gogoratu zilarra urrea baino askoz merkeagoa dela, beraz, diru gutxirekin ere zilarrean inbertitzea posible da.

Erosketaren gakoa Europar Batasuneko legediak uzten duen zirrikitu batean dago. Estonian legezko zilar txanponak BEZ gabeak dira, hau da, Estoniara joan, eta ordainketetarako erabil daitezken zilarrezko txanponak erosten baditugu han, ez dugu beraiengatik BEZ ordaindu beharrik izango. Eta horrelako txanponak dira, hain zuzen, hainbat gobernuk noizean behin ateratzen dituzten oroitzapenezko zilarrezko txanpon batzuk: Austriako Philharmonic zilarrezko txanponak, Estatu Batuetako Eagle zilarrezko txanponak, Txinako Panda zilarrezko txanponak, eta abar.

Jakina, ez gara Estoniara joango zilarrezko txanponak erostera, bidaia BEZ bera baino garestiagoa aterako bailitzaiguke, hala ere, bai gauzatu daitekela erosketa Estonian bertan begeunde bezala (Internet bidez, noski), eta ondoren handik txanponak gure etxera ekarri arazi (mezularitza-zerbitzu bidez, adibidez). Saltzaileak zuzenean txanponak gure etxera bidaliko balitu, orduan erosketa zuzenean gure etxetik egingo bagenu bezala litzateke, eta horrek BEZ izango luke, baina erosketa eta bidalketa banatuta, legediak txanponak BEZetik salbuetsita izatea ahaltzen digu. Eta dena Europar Batasunaren barruan egiten denez ez dago muga-zergekin kezkatu beharrik.

Trikimailu honetaz jabetuta, prozesu guztia errazten duten zenbait web gune sortu dira, eta berauei esker posible da nahi duen edonork BEZ gabeko zilarrezko txanponak erostea. Jakina, bidalketa gastuak handixeagoak izango direnez (25-30 euro inguru), aukera honek ez du balio txanpon gutxi batzuk erosteko, baina asmoa 10 ontza edo gehiago erostea bada, orduan pena merezi du.

Adibidez, BEZ gabeko zilarrezko txanponak saltzen dituen web gune hau aurkitu dut: Liberty Silver. Oraingoz ez dut erabili, beraz, ezin ziurta dezaket bere egiazkotasuna, baina saiatu arren ez dut saltzaile honi buruzko ezer txarrik aurkitu. Inork probatuko balu, esan mesedez nola joan den.

Duela gutxi Espainiako Gobernuak errentaren fiskaltasunean egin dituen aldeketak direla eta, Gipuzkoako Ogasunak ere zenbait doiketa egin ditu irabazien gaineko atxikipenetan. Hain zuzen ere, 2015ean lortutako interes, kupoi eta dibidenduei egin beharreko atxikipena %20koa bazen, uztailaren 12tik aurrera %19,5ekoa izango da. Bestalde, inbertsio funtsen salerosketa bidez lortutako irabaziek %20ko atxikipena izaten jarraituko dute.

Gogoratu atxikipena Ogasunari egiten diogun aurrerapen moduko bat dela, beraz, aldaketa honek ez du gure inbertsioen etekin garbian zuzeneko eraginik. Izan ere, atxikipena txikiagoa izan arren, Espainiako Ogasunean ez bezala, Gipuzkoakoan zerga ez da aldatu, beraz, hemendik aurrera Ogasunak atxikipenean kentzen ez diguna, PFEZ aitorpena egiterakoan kenduko digu.

Bitcoina ordainketa sistema gisa oso aproposa da, eta ez dago eragozpenik horrela erabiltzeko. Inbertsio bezala, ordea, ez du ziurtasunik ematen, eta azken urteetako inbertsiorik hoberena izateko baldintza guztiak betetzen dituela esan daiteken arren, Bitcoinetan inbertitzea oso arriskutsua da oraingoz. Egia esan, inbertsioa baino, espekulazioa izango litzateke, eta gure estrategietan ez luke tokirik.

Jakina, nahi izanez gero eros daitezke Bitcoin batzuk inbertsiorako asmoarekin, adibidez, urrean inbertituko genukeen zatitxo bat ordezkatuz, baina kontuan izan dena galtzeko aukera oso handia dela.

Bitcoinak erosi edo saltzea ez da ohiko eragiketa. Gogoratu, gainera, ez dagoela Bitcoinak arautzen dituen erakunde zehatzik, beraz, beti dago iruzurraren kezka. Denborarekin, ordea, badira erosle eta saltzaileen konfiantza lortu duten Bitcoin trukerako zenbait web gune, eta beraiei esker milioika Bitcoin salerosten da egunero.

Horietan ezagunenetakoa LocalBitcoins da. Web gune honek Bitcoinen salerosketa ahalik eta modu seguruenean gauzatzeko tresnak eskaintzen ditu, eta horiei esker mundu guztiko erabiltzaileak biltzea lortu du. Segurtasun neurrien bidez babestutako online walleta, Bitcoin trukeak benetazkoak direla ziurtatzeko zaintza, erabiltzaileen fidagarritasunari buruzko iritziak, datu iruzurra saihesteko neurriak, eta abar aurki daitezke LocalBitcoins web gunean. Ez du mantentze gasturik, gainera.

Badira baita ere Bitcoinak zenbatean trukatzen ari diren jasotzen dituzten web guneak. Adibidez, Bitcoin Charts web guneak Bitcoinen merkatu nagusienetan egiten ari diren salerosketak jasotzen ditu. Web gune hauei esker Bitcoinaren balioan iruzurrik ez digutela egiten egiazta dezakegu.

Bitcoina hain berria izanda Ogasunak hari buruzko arautegia oraindik osatu gabe duela esan daiteke. Hala ere, izan dira Bitcoinaren fiskaltasunaren inguruan emandako zenbait argikuntza.

Horietan azkena Bitcoinen salerosketek BEZ ez dutela ordaindu behar adieraztea izan da. Ogasunak Bitcoina ordainketa sistema bezala sailkatu du, eta horren ondorioz Bitcoin salerosketak BEZ gabeko gisa arautu ditu. Gorogatu urrea ere BEZ gabe zela, baina, adibidez, zilarra ez.

Salerosketarekin lortzen diren irabazi edo galeren inguruan, ordea, ez dago Bitcoinei buruzko aipamen zehatzik PFEZaren arautegian. Hala ere, itxura guztia du ondare irabazi edo galera gisa ulertu behar direla. Horrela, metal preziatuen antzeko aitorpena izango luke.

Bitcoinek ez dute berezko gasturik. Bitcoin helbideak, block chain, walletak, eta abar inolako gasturik gabe lor eta erabil daitezke. Badira, ordea, Bitcoinen inbertsioetan kontuan hartu beharreko zenbait gastu posible.

Horietan lehena salerosketa komisioa da. Bitcoinak erosterakoan posible da saltzaileak gainkostu bat ezartzea, adibidez, bitartekari lanengatik, edota ordaintzeko moduarengatik. Izan ere, ez da berdina ordainketa eskudirutan edo transferentzia bidez egitea. Transferentzia bidez ordaintzen bada saltzaileak dirua jaso arte denbora bat itxaron beharko du, eta gainera transferentziak atzeragarriak izan daitezke, beraz, Bitcoinak saltzen dizkigunak dirua gal dezakenaren kezka izan dezake, eta horri aurre egiteko erosneurri handiagoa eska diezaguke.

Bitcoinak saldu nahi baditugu antzekoa gerta dakiguke baita ere. Adibidez, eroslea eskudirutan ordaintzeko prest badago posible da salneurrian beherapen bat eskatzea.

Beste gastu bat Bitcoin walletarena izan daiteke. Adibidez, gure Bitcoinak gorde, eta eragiketak egiteko horretara bideratutako web gune bat erabiltzen badugu, posible da web gune horrek mantentze gastuen ordainketa eskatzea.

Azkenik Bitcoin bidalketen gastuak daude. Gogoratu Bitcoinak erosterakoan saltzaileak gure helbide batera bidali beharko dizkigula, eta saltzen ditugunean ere bidalketa bat egin beharko dugula guk ere. Bestalde, gerta daiteke salerosketarako erabiltzen dugun walleta ez izatea Bitcoinak gordetzeko erabiltzen dugun bera, beraz, walleten arteko bidalketak izan ditzakegu baita ere.

Bitcoin bidalketek gastuak izaten dituzte. Erabat doan egitea ere posible da, baina bidalketak egiaztatzeko meatzarien lana behar-beharrezkoa denez ohikoena Bitcoin bidalketetan meatzarientzako kopuru bat gehitzea da. Ez du oso handia izan behar, adibidez, bidalketa bakoitzeko 0,001 Bitcoin aski izan daitezke. Meatzariei zenbat eta gehiago ordaindu orduan eta azkarrago ziurtatuko dute bidalketa, hori bai.

Metal preziatuekin gertatzen zen bezala Bitcoinek ez dute berezko etekinik sortzen. Ez dute interesik ematen, ez dibidendurik, ez ezer. Beraz, Bitcoinen kasuan ere, irabazia lortzeko modu bakarra salerosketa bidezkoa da.

Hona hemen Bitcoinak azken urteetan izan duen bilakaera:

Bitcoin eurotan

Harrigarria benetan, ulertu ezinezko gorabeherekin.

Hala ere, Bitcoinak aldeko zenbait ezaugarri ditu. Hasteko, Bitcoin kopurua mugatua da. Euroa edo dolarrarekin ez bezala, Bitcoina ezin da nahi erara sortu, beraz, gehiegizko txanpon sorrerak eragiten duen inflazioa mugatuta dauka. Horren eraginez gainerako txanpon arrunten aurrean Bitcoinak berezko gorakako joera du —gogoratu, adibidez, Europako Banku Zentralak urtean %2ko inflazioa bilatzen duela euroarentzat—.

Bestalde, Bitcoina oraindik gutxi erabiltzen den arren pixkanaka geroz eta hedapen zabalagoa izaten ari da. Egia da oraingoz Europan ez dela hainbeste erabiltzen, baina Estatu Batuetan, adibidez, ia edozer erosteko aukera eskaintzen du. Eta Bitcoina zenbat eta gehiago erabili, orduan eta eskari handiagoa izango du, eta badakigu horrek erosneurrian goraka eragingo diola.

Baina gainerako txanponek ez dituzten arriskuak ere baditu. Adibidez, badira dagoeneko bere erabilera galerazi duten hainbat gobernu (Errusiakoa, adibidez). Eta beste hainbat gobernuk ere begiz jota dute, Bitcoinak eskaintzen duen anonimotasuna dela eta, legez kanpoko salerosketetan erabiltzen denaren aitzakipean.

Bestalde, dagoeneko sei urte bete dituen arren, ez dago garbi zein etorkizun izango duen. Baliteke bere erabilera indartzea, baina baita pixkanaka interesa galdu, eta erabat baztertuta geratzea ere. Izan ere, Bitcoina oso gertaera berria da, eta bere erabilera aukerazkoa, beraz, denborak bakarrik esango digu zertan amaituko duen.

Bitcoin helbideak oso erraz sortu daitezkenez adituek helbide asko erabiltzea gomendatzen dute. Helbide bakoitza bidalketa bakarrean erabili behar dela esaten dute, gainera. Horrekin gako pribatuaren inguruko arriskuak gutxitzen dira, eta, garrantzitsuagoa oraindik, gure diru mugimenduak jarraitzea zailtzen da. Izan ere, gogoratu edonork ikus dezakela Bitcoin helbide batek zer duen, eta berarekin zein bidalketa egin diren, beraz, dena helbide bakarrarekin egiten badugu gure portaera guztia agerian geratuko da. Agian batzueri ez zaie hori gehiegi axolako, anonimotasuna babestea, ordea, ez da inolako huskeria.

Baina helbide asko erabiltzeak arazoak sortuko dizkigu baita ere: Bitcoinak sakabanatuta geratuko dira, gako zerrenda luzea mantendu beharko dugu, eta abar.

Arazo hauek gutxitzeko wallet izeneko programak sortu dira. Bitcoin walletak behar ditugun Bitcoin helbide guztiak sortzeaz arduratzen diren programak dira, gakoak modu seguruan gordetzeaz, bidalketak egiteko pausoak errazteaz, block chainera konektatzeaz, eta abar. Azken batean, Bitcoinekin egin nahiko lirateken eragiketa guztiak kudeatzeaz. Behar duten bakarra Internet konexioa da, eta horrekin gure Bitcoin eragiketa guztiak oso modu erosoan egin ditzakegu.

Bitcoin walletak smartphonean instala ditzakegu, gure ordenadorean, edo tabletean, eta Interneten aurki daitezken online walletak ere badaude. Baina kontuz, Bitcoin helbideak bezala walletak ere behar bezala zaindu behar dira. Babes neurriak izaten dituzten arren —pasahitzak, segurtasun kopiak, enkriptazioa, eta abar— ez baditugu modu egokian erabiltzen Bitcoinak gal ditzakegu. Adibidez, ez eduki Bitcoin gehiegi online walletetan: oso ezagunak izan dira behar bezala babestu gabe zeuden Interneteko zenbait gunetan izandako Bitcoin lapurretak.

Tresna-barrara saltatu