Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Aurreko bidalketan aipatu bezala, Bitcoinak lortzeko berauek gordeko dituen helbide bat behar da. Bitcoin helbideak letra eta zenbakiz osatutako kateak dira, eta milioika eta milioika daude. Hainbeste dira, helbide bat lortzeko nahikoa dela kate horietako bat asmatu, eta aske dagoen begiratzea. Jakina, ez du edozein katek balio, baina ez da zaila baliozko Bitcoin helbideak sortzen dituzten programak aurkitzea. Adibidez, https://www.bitaddress.org/ web gunean segundu gutxitan sor ditzakegu Bitcoin helbideak.

Bitcoin helbideak 1 zenbakiarekin hasi ohi dira, eta nahi adina Bitcoin gorde ditzakete. Horrela, norbaiti Bitcoinak erosi nahi badizkiogu aski izango da saltzaileari gure helbidea zein den adieraztea, eta saltzaileak helbide horretara bidaliko ditu erosten dizkiogun Bitcoinak. Meatzariei esker bidalketa hori block chainean jasoko da, eta hortik aurrera Bitcoin horiek gure helbidean agertuko dira.

Bitcoin helbide bat inoiz erabili den jakiteko, edo Bitcoinak dituen ikusteko https://blockchain.info/ web gunean begiratu daiteke. Bidalketarik ez badu, helbidea aske dago, eta guretzat har dezakegu. Baina horretarako Bitcoin helbide horren gako pribatua beharko dugu baita ere. Gako pribatua letra eta zenbakiz osatutako beste kate bat da, normalean 5 zenbakiarekin hasita. Bitcoin helbide bakoitzak bere gako pribatua du, eta berau gabe ezinezkoa izango da meatzariek baieztatuko dituzten bidalketak egitea. Beraz, Bitcoin helbide baten gako pribatua ezagutzen ez badugu, helbide horrek ez digu ezertarako balioko, bertako Bitcoinekin ezingo baitugu ezertxo ere egin.

Bitcoin helbide bat sortzerakoan helbide horri dagokion gako pribatua jasoko dugu automatikoki. Jakina, ez erakutsi gako hori beste inori, gako horrekin gure helbidea nahi den bezala erabil baitaiteke. Ez dio axolako helbidea nork sortu duen, bere gako pribatua ezagutzen duenak nahi duen beste edonori bidal diezaizkioke helbide horretan dauden Bitcoinak.

Adibide gisa, hona hemen oraintxe bertan sortu dudan Bitcoin helbide bat:

Bitcoin helbidea
18aabKheFBawj2stkNVT2HhfEy8t2GcyAj

Bitcoin helbidea 1 zenbakiaz hasten den katea da, eta bere gaineko irudia helbide horren QR kode bidezko adierazpena da. QR kodeak asko erabiltzen dira Bitcoin helbideak adierazteko, askoz erosoagoa baita smartphone batekin helbidea QR kodearen bidez irakurtzea kate osoa banan-banan eskuz idaztea baino.

Helbide horri dagokion gako pribatua ere badaukat, baina ez dut hemen argitaratuko, noski. Beraz, badakizu, Bitcoinik bidali nahi badidazu bidali nahi duzuna helbide horretaraxe.

Bitcoin

No comments

Inbertsio aukera berriak aurkitu asmoz azken aldi honetan Bitcoinak aztertzen aritu naiz. Oraindik goizegi da Bitcoinekin zer gertatuko den jakiteko, hala ere, interesgarriak dira gutxienez.

Bitcoin Internet bidezko ordainketa sistema bat da, txanpon moduko zerbait. Baina gainerako txanponen kasuan berauek arautzen dituzten banketxe nagusiak badaude —adibidez euroaren kasuan Europako Banku Zentrala, dolarraren kasuan Erreserba Federala, eta abar— Bitcoinen kasuan ez dago horrelakorik; horren ordez Bitcoinen erabilera Internetera konektatutako erabiltzaileen artean arautzen da.

Bi dira Bitcoinen erabilera ahaltzen duten elementu nagusiak: Bitcoin helbideak, eta Bitcoin bidalketak jasotzen dituen erregistroa. Bitcoin helbideak Bitcoinak gordetzen dituzten kontu zenbakiak bezala uler daitezke. Edonork eskura dezake Bitcoin helbide bat, eta bertan Bitcoinak jaso, edo bertako Bitcoinak beste Bitcoin helbide batzuetara bidali. Aski izango da Internetera konektatuta egotea horretarako.

Alderdi horretatik beste edozein txaponen antzekoa da, izan ere, horixe bera egiten dugu normalean diru arruntarekin ere. Adibibez, kreditu txartelarekin ordaintzea saltzaileren kontu korrontera euroak bidaltzea besterik ez da.

Bitcoinen berezitasuna bidalketak jasotzen dituen erregistroan dago. Diru arruntarekin banketxeek kontrolatzen dute erregistro hori, Bitcoinen kasuan, aldiz, Internet osoan zehar banatuta dago. Block chain izena du, eta nahi duen edonork parte har dezake bertan. Horretarako norberaren ordenadorean block chain nodo pograma instalatu behar da, eta Interneteko block chain sarera konektatu. Hori eginda Bitcoin meatzari bihurtzen gara, eta Bitcoin bidalketak ziurtatu, eta block chain erregistroa mantentzen laguntzen dugu. Lan horren ordainetan Bitcoinak jasotzen ditugu, gainera.

Milaka eta milaka Bitcoin meatzari daude mundu osoan, Bitcoin bidalketak egiazkoak direla behin eta berriro ziurtatu, eta block chain erregistroa mantentzen. Oso azkar, gainera. Adibidez, https://blockchain.info/ip-log web orrian ikus daitezke une honetan lanean ari diren meatzariak.

Meatzariei esker Bitcoin bidalketa minutu gutxi batzutan gauzatzen da, munduko edozein bi puntu hartuta ere. Pentsatu zenbat denbora itxaron behar dugun nazioarteko diru trasferentzia batean, eta horretarako ordaindu behar izaten ditugun komisioetan. Bitcoinekin ez dago horrelako buruhausterik.

PFEZ aitorpenaren kanpainan bete-betean gaudela kontuan izanik, bada errenta aldakorreko inbertsioei buruz jakin beharreko zerbait. Errenta aldakorra aztertu genuenean munduko edozein burtsatan inbertitzeko aukera genuela ikusi genuen. Ez zion axola enpresa bertakoa ala kanpokoa izan, nahikoa zen enpresa horren akzioak erostea gure inbertsioa gauzatzeko. Inoiz horrelakorik egiten badugu, ordea, atzerriko enpresen dibidenduetan gauza bitxi bat gertatuko zaigula ikusiko dugu.

Dibidenduen fiskaltasuna aztertu genuenean dibidenduak jasotzen genituenean %21eko atxikipena izaten genuela ikusi genuen. Bada, atzerriko akzioen dibidenduetan bi atxikipen izango ditugu: lehena atzerriko ogasunak egingo diguna, eta bigarrena hemen bertakoak egingo diguna.

Adibidez, demagun atzerriko enpresa bateko akzioak ditugula, eta akzio horiengatik enpresa horrek 100 euroko dibidendu gordina banatu digula. Ez harritu, adibidez, 100 euro horietatik atzerriko ogasunak 15 euroko atxikipena egiten badigu, dibidenduak 85 eurotan utziaz. Eta ondoren, gainera, hemengo Ogasunak bere %21a atxikituko digu (85 x 0,21 = 17,85), azkenean jatorrizko dibidenduetatik 100 – 15 – 17,85 = 67,15 euro bakarrik jasoaz. Baina ez da hor bukatzen dena. PFEZ aitorpena egiterakoan dibidendu osoa aitortu behar dugunez 100 euroko dibidendua aitortu behar dugu, eta, beraz, Ogasunak berari dagokion zatia 100 x 0,20 = 20 euro direla esango digu. Atxikitu diguna, ordea, 17,85 euro izan dira, hortaz, 20 – 17,85 = 2,15 euro eman beharrean izango gara. Horrela, azkenean, 67,15 – 2,15 = 65 euro bakarrik geratuko zaizkigu.

Honek, jakina, nabarmen kaltetzen du atzerriko inbertsioa, izan ere, 100 euro horiek bertako enpresa baten dibidenduak balira, aitorpenaren ondoren 80 eurorekin amaituko genuke.

Kalte hau gutxitu asmoz —estatu guztiek ahalik eta inbertsio gehien erakarri nahi izaten dute— hainbat akordio sinatzen dira munduko Ogasun guztien artean. Akordio horiekin inbertsio guztien fiskaltasuna berdintsua izatea lortu nahi izaten da, enpresen kokagunea edozein dela ere. Adibidez, Espainiako Ogasunak, eta hortik Gipuzkoakoak ere bai, nazioarteko ezarpen bikoitzaren kaltea sahiesteko atzerriko dibidenduentzat atzerriko ogasunak egindako atxikipena adinako kenkaria onartzen du PFEZ aitorpenean.

Horrela, aurreko adibidean Ogasunak 2,15 euro eskatzen zizkigun arren, atzerrian 15 euroko atxikipena izan dugunez, 15 euroko kenkaria erabil dezakegu, eta ondorioz 2,15 – 15 = -12,85 euro ordaindu beharko dizkiogu Ogasunari. Hau da, 12,85 euro itzuliko dizkigu Ogasunak, eta azkenean 67,15 + 12,85 = 80 eurorekin amaituko dugu. Hemengo dibidenduekin bezalaxe, alegia.

Bada kenkari honetan, ordea, muga bat. Gogoratu helburua inbertsio guztien fiskaltasuna berdintsua izatea dela, beraz, kenkariak ezin du izan bertako dibidenduentzat Ogasunari egokituko zaion zatia baino handiagoa. Adibidez, demagun gure adibideko 100 euroek atzerrian duten atxikipena 30 eurokoa dela. Horren arabera 30 euroko kenkaria esperoko genuke, baina 100 euroko etekinarentzat hemengo Ogasunarentzako zatia 20 eurokoa denez, gehienez onartuko digun kenkaria 20 eurokoa izango da. Horrela, 100 euroko dibidenduak 30 euroko atxikipena izango du jatorrian, eta (100-30) x 0,21 = 14,7 eurokoa hemengo Ogasunean, beraz, 100 – 30 – 14,7 = 55,30 euro jasoko ditugu dibidendu garbi gisa, eta PFEZ aitorpena egiterakoan 100 x 0,20 – 14,7 = 5,30 euro eskatuko lizkiguke Ogasunak. Baina kenkaria 20 eurokoa denez, 20 – 5,30 = 14,70 euro itzuliko dizkigu Ogasunak, eta azkenean 55,30 + 14,70 = 70 eurorekin amaituko dugu, bertako dibidenduekin baino gutxiago.

Azken adibide honetan arazoa atzerriko ogasunean dago, bertakoak baino askoz gehiago atxikitzen baitu. Horregatik, kenkariaz gain, atzerritarrei gehienez %15eko atxikipena egitea adostu ohi da Ogasunen artean, kenkariaren muga oztopo izan ez dadin. Hala ere, hau ez da beti betetzen, eta gerta daiteke atzerriko inbertsioak okerrago ateratzea. Beraz, atzerriko enpresetan inbertitu aurretik hobe aurrena atzerrian zenbateko atxikipena izango duzuen galdetzea zuen bitartekariari.

Gainera, gogoratu akzioak atzerrikoak nahiz bertakoak izan, beraien dibidendu guztiek dutela lehen 1.500 euroen salbuespena. Beraz, gure aurrezkiaren etekin bakarrak dibidenduak badira, eta denen artean 1.500 euro baino gutxiago badira, orduan ez dago Ogasunarentzako zatirik, eta, beraz, ez dugu kenkaririk izango, nahiz eta tartean atzerriko dibidenduak izan.

Aitorpena ZergaBidea programarekin egiten badugu, kenkari hau adierazteko atal berezia daukagu. Hain zuzen, kuotaren kenkarietara jo behar dugu, eta hor nazioarteko zergapetze bikoitzaren atalera. Dibidenduak aurrezpenaren etekin bezala aitortzen dira, eta hor bi kopuru aitortu behar dira. Batetik atzerrian ordaindutako zenbatekoa, hau da, atzerriko dibidenduen atzerriko atxikipen guztien batura. Eta bestetik atzerrian lortutako errenta, hau da, atzerriko dibidendu guztien batura. Hortik aurrerako kalkulu guztiak ZergaBidea programak egingo dizkigu.

Hasi da dagoeneko 2014ean izan ditugun irabaziak aitortzeko PFEZ kanpaina, eta zergen araudiak bere horretan jarraitzen duen arren, aitorpena egiteko ZergaBidea laguntza programan zenbait hobekuntza egon dira.

Lehen hobekuntza akzioen salerosketaren ingurukoa da. 2014rako berrikuntzak ikusi genituenean akzioen salmentetan Ogasunak %3aren aukera gehitu zuela azaldu genuen. Orain ZergaBidea programak aukera hori jasotzen du. Aukera hau erabili ahal izateko 2014ko akzio salmenta guztien eskualdatze balio guztiak batu behar dira, eta ondare irabazi eta galeren atalean batura hori V gakoa erabiliz aitortu. Hortik aurrera ZergaBidea programak egingo ditu kalkulu guztiak.

Gogoratu aukera hau erabiltzeko urteko eskualdatze guztien baturak ezin duela 10.000 euro baino handiagoa izan, eta horrela aitortutakoa ezin dela irabazi eta galerak konpentsatzeko erabili. Gainera, era honetako aitorpena erabiliz gero, ezingo da ekitaldi berean bestelako akzio salerosketarik aitortu.

Bigarren hobekuntza scrip dibidenduaren ingurukoa da, eta aurrekoarekin lotuta dago. Scrip dibidendua ikusi genuenean irabaziak lortzeko modu bat harpidetza eskubideak merkatuan saltzea zela ikusi genuen, eta salmenta honek akzioen salmentaren fiskaltasun berbera zuela. 2014ko fiskaltasunean egindako zuzenketetan, ordea, harpidetza eskubideen salmenta %3aren aukeratik kanpo utzi zen. Hortaz, orain ZergaBidea programak harpidetza eskubideen salmentarako gako propioa dakar. Ondare irabazi gisa aitortu behar dira orain ere, baina H gakoarekin.

Bukatzeko, ohar garrantzitsu bat. ZergaBidea programak datu fiskalak zuzenean Ogasunetik berreskuratzeko aukera ematen du. Oso aukera interesgarria da, datuak eskuz sartzea aurrezten baitu. Baina ondo begiratu horrela jasotzen diren datuak, hutsune eta akatsak oso arruntak baitira. Adibidez, errenta aldakor nahiz finkoaren salerosketa eragiketetan komisioak kontuan ez hartzea oso ohikoa da. Eta berdin harpidetza eskubideen salmentan ere. Gogoratu ordaintzen ditugun komisioak eskuratze balioa handitu, eta eskualdatze balioa txikitu egiten digutela, eta beraz PFEZ aitorpenean irabazia eta zerga txikitzeko balio digutela.

Amaiera

No comments

Kontatu dut kontatu nahi nuena, beraz, hemendik aurrera ez espero bidalketa gehiago. Ez behintzat orain arte bezain maiz. Agian noizean behin eguneraketaren bat idatziko dut, baina auskalo.

Eta kontatutako guztia errazago aurkitu ahal izateko, hona hemen aurkibide moduko bat:

  1. Inbertsiorako produktuak
    1. Gordailua
      1. Gordailuen etekina
      2. Opari gordailuak
      3. Gordailuen gastuak
      4. Gordailuen bermea
      5. Benetan gordailua dela ziurtatzeko modua
      6. Gordailua aurrez eteteko aukera
      7. Gordailuen beste baldintza batzuk
      8. Gordailuen berritze automatikoa
      9. Gordailuen fiskaltasuna*
        1. PFEZ aitorpenaren adibidea*
        2. Opari gordailuen fiskaltasuna
        3. PFEZ aitorpena egiteko moduak*
      10. Gordailuen interesa erabakitzen
        1. Euribor
        2. Inflazioa
        3. Interes-tasa
      11. Gordailuen erabilera
    2. Errenta finkoa
      1. Errenta finkoaren jaulkipena
        1. Errenta finkoaren jaulkipen liburuxka
        2. Espainiako Altxorraren jaulkipenak
      2. Errenta finkoaren jaulkitzailea
        1. Rating agentziak
      3. Errenta finkoaren epea
      4. Errenta finkoaren inbertsio amaiera
      5. Errenta finkoaren ordainketa-hurrenkera
      6. Errenta finkoaren kupoia
      7. Errenta finkoaren kupoien fiskaltasuna*
      8. Errenta finkoarekin izandako galeren fiskaltasuna*
      9. Errenta finko hobaritua*
      10. Errenta finkoaren kupoia erabakitzen
        1. Arrisku-saria
      11. Errenta finkoa aurrez eteteko aukera
      12. Errenta finkoaren salerosketaren fiskaltasuna*
      13. SEND merkatua
        1. SEND merkatuko salerosketak
        2. SEND merkatuko salerosketen adibideak
      14. Barne-Errendimenduaren Tasa
      15. Errenta finkoan inbertitzeko kontua
      16. Errenta finkoaren gastuak
        1. Errenta finkoaren gastuen adibidea
      17. Errenta finkoan inbertitzeko gutxieneko diru kopurua
      18. Errenta finkoaren erabilera
    3. Errenta aldakorra
      1. Enpresa baten akzioak
      2. Burtsa
        1. Mercado Contínuo
        2. IBEX 35
      3. Errenta aldakorraren etekinak
      4. Ex-dibidendu eguna
      5. Enpresen errentagarritasunaren bila
        1. PER
        2. PER aztertuz
      6. Errenta aldakorraren gastuak
      7. Errenta aldakorraren inbertsio amaiera
      8. Errenta aldakorraren fiskaltasuna*
        1. Errenta aldakorraren salerosketaren fiskaltasuna*
          1. Ondarearen eskuratze balioaren eguneratze koefizientea*
          2. Errenta aldakorraren salerosketa kasuak*
        2. Dibidenduen fiskaltasuna*
        3. Batzarretara joateko primen fiskaltasuna*
        4. Kapital murrizketen fiskaltasuna*
      9. Scrip dibidendua*
      10. Errenta aldakorraren erabilera
    4. Higiezinak
      1. Norberaren etxebizitza inbertsio gisa
      2. Garajea erosten
      3. Garajearen gastuak
      4. Garajearen alokairua
      5. Garajearen fiskaltasuna**
        1. Alokairutik Ogasunak hartzen duen zatia**
        2. Garajearen PFEZ aitorpenaren adibidea**
      6. Garajearen salmenta**
      7. Higiezinen erabilera
    5. Metal preziatuak
      1. Metal preziatuen etekina
      2. Metal preziatuen gastuak
      3. Metal preziatuen fiskaltasuna**
      4. Urre eta zilarraren salerosketa
      5. Urre eta zilarraren erabilera
  2. Inbertsio estrategiak
    1. Dibertsifikazioa
    2. Bataz besteratzea
    3. Estrategia adibideak
      1. 60/40 eta 100 ken adina
      2. Kostu bataz besteratzea
      3. Cuenta de Reinversión BBVA
      4. Twinvest
      5. Zorro iraunkorra
    4. Inbertsio estrategien erabilera
  3. Inbertsio funtsak
    1. Inbertsio funtsen inbertsio politika
    2. Inbertsio funtsen gastuak
      1. Total Expense Ratio (TER)
    3. Inbertsio funtsen etekinak
    4. Kudeaketa aktiboa eta kudeaketa pasiboa
      1. Kudeaketa aktibo eta pasibo gehiago
    5. Inbertsio funtsen arriskuak
    6. Inbertsio funtsen liburuxka
    7. Inbertsio funtsak inbertsio estrategietan erabiliz
      1. Dibertsifikazioa areagotuz inbertsio funtsen bidez
      2. Pixkanakako aurrezkiak inbertsio funtsekin
      3. Funts bakarreko estrategiak: inbertsio funts mixtoak
    8. Errenta finkoko inbertsio funtsei buruz
    9. Bermatutako inbertsio funtsei buruz
    10. Inbertsio funtsen jarraipena
    11. Inbertsio funtsen fiskaltasuna**
    12. Inbertsio funtsetan inbertitzeko bideak
    13. Exchange Traded Fund (ETF)
      1. Zorro iraunkorra ETFen bidez
      2. ETFen fiskaltasuna**
      3. ETFtan inbertitzeko bideak
    14. Aurrezki planak, pentsio planak, eta abar
    15. Inbertsio funtsen erabilera

* Ohar garrantzitsua: Lurralde batetik bestera aldaketak egon daitezke fiskaltasunean. Blog honetan kontatzen dudana Gipuzkoan bizi garenontzako da. Bestalde, urte batetik bestera ere aldaketak egon daitezke. Hemen kontatutakoa 2013 urtean izandako etekinei dagokie.

** Ohar garrantzitsua: Lurralde batetik bestera aldaketak egon daitezke fiskaltasunean. Blog honetan kontatzen dudana Gipuzkoan bizi garenontzako da. Bestalde, urte batetik bestera ere aldaketak egon daitezke. Hemen kontatutakoa 2014 urtean izandako etekinei dagokie.

Azken urte gehienetan gertatu den bezala Gipuzkoako Ogasunak aldaketak sartu ditu 2015ean lortutako irabazien fiskaltasunean. Oraingo honetan, ordea, aldaketek ez dute ia eraginik gure inbertsioetan.

2014ekiko lehen aldaketa irabazien gaineko atxikipenean izan da. Iaz %21ko atxikipena bagenuen 2015eko irabaziek %20ko atxikipena izango dute. Gogoratu atxikipena Ogasunari egiten diogun aurrerapen moduko bat dela, eta ez duela inbertsioaren etekin garbian zuzeneko eraginik.

Beste aldaketa ondare irabazi eta galerak kalkulatzeko eskuratze balioaren eguneratze koefizienteetan eman da. Hauek dira 2016ean egin beharko dugun PFEZ aitorpenean erabiliko diren koefiziente berriak:

Eskuratze urtea 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015
Koefizientea 1,185 1,152 1,106 1,103 1,085 1,052 1,029 1,013 1,010 1,000

Bi aldaketa hauetaz gain, oraingoz behintzat, gainerako guztia 2014ko fiskaltasunaren berdina da, bere zuzenketak eta guzti.

Inbertsio funtsak oso tresna aproposak dira diru gutxirekin inbertsio estrategiak aurrera eramateko, gastuak funtseko partaide guztien artean banatzen direnez komisioek inbertsio txikiei eragiten dieten kaltea asko leuntzen dute eta. Baina diru gehiagorekin ere oso interesgarriak dira, inbertsioak erraz dibertsifikatzea ahaltzen baitute.

Hala ere, ez dugu liluratu behar inbertsio funts bat edo batzuekin. Lehenik gure inbertsio estrategia erabaki behar dugu, eta ondoren hasiko gara estrategia horretarako funtsak edo beste zer erabili begiratzen.

Funtsak aukeratzerakoan inbertsio politika nola betetzen den begiratzea ere garrantzitsua da. Kudeaketa aktibokoen kasuan aurreko urteetan nola egin duten begira dezakegu. Horrek ez du datozen urteetan berdin egingo dutela ziurtatzen, baina kudeatzailearen trebeziari buruzko ideia bat egiteko balioko digu gutxienez. Eta zalantzak baditugu hortxe dauzkagu beti kudeaketa pasibokoak. Hauen kasuan garbi dago: indize berarentzat gastu gutxienekoa da hoberena.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar ETFak erabil ditzakegula. Inbertsio funtsak interesgarriagoak dira fiskaltasun aldetik —gogoratu funtsen arteko mugimenduak zergetatik kanpo geratzen direla—, baina ETFen gastuak hain dira baxuak kopuru batetik aurrera hauek ere kontuan hartzeko modukoak direla.

Azkenik, inbertsio funtsek eta ETFek gure inbertsio estrategien kasu probak egiteko balio digute. Ez da zaila aurreko urteetan izan duten errentagarritasuna aurkitzea, eta informazio horrekin urte horietan estrategia desberdinek izango zituzten emaitzak alderatu, eta denetan hoberena iruditzen zaiguna aukeratu ahal izango dugu. Estrategia hoberena, noski, ez da berdina izango denentzat. Batzuk bukaeran ahalik eta gehien irabazi nahiko dute. Beste batzuk sekula galerarik ez izatea. Ziurrenik estrategia hoberena urtero errentagarritasun beretsua lortzen duena da; beretsua eta altua, noski, nahiz eta horretarako noizean behin galeraren bat onartu behar izan.

Inbertsio funtsen artean ETFak ikusi ditugun bezala badira beste hainbat inbertsio funts mota berezi. Horietakoak dira, hain zuzen, aurrezki planak, pentsio planak, eta antzekoak. Hau da, horiek ere inbertsio funtsak dira, beren gordailuzain, kudeatzaile, inbertsio politika, eta guztiarekin, baina inbertsio funts arrunten aldean zenbait abantaila izaten dituzte. Batzuk aurrezkien gaineko zerga atzeratzen dute, beste batzuk lortutako irabaziak zergetatik salbuesten dituzte, eta badira zenbait hobari izaten dituztenak ere. Hori bai, abantaila horietaz baliatu ahal izateko normalean aurrezkiak urteetan erabili gabe utzi behar dira, eta, beraz, ez dute balio epe motzeko beharrei aurre egiteko.

Bestalde, beraien abantailak oso erakargarriak diren arren, ez dago batere garbi errentagarritasun aldetik komenigarriak ote diren, inbertsioen berezko errentagarritasuna behar bezalakoa ez bada alferrikakoa baita fiskaltasunarekin edo hobariekin lortuko dugun irabazia. Adibidez, inbertsio funts arrunten bidez urtero bataz beste %4eko errentagarritasuna lortzeko gai bagara, ez digute ezertarako balioko, esate baterako, pentsio planen abantaila fiskalek, planen bidez lortzen dugun bataz besteko errentagarritasuna %3koa bakarrik bada: urtero bidean %1 uztea asko uztea da, eta ez dago horri buelta emango dion abantaila fiskalik. Eta %1eko alde hori oso erraz topatuko dugu honelako tresnetan, bai gastuen eraginez, edo baita kudeaketa kaskarraren ondorioz ere. Izan ere, abantaila fiskalak eta hobariak izan ohi dira tresna hauek saltzeko erabiltzen duten amua, eta ez dira gehiegi kezkatzen gainerako guztiaz.

Dena den, ondo dago aukera hauek ere eskura ditugula jakitea, gerta baitaiteke gure inbertsio estrategiarako aproposa izango den zerbait aurkitzea beraien artean. Hala ere, garbi eduki, ez itsutu fiskaltasun eta hobariekin, gogoan izan epe luzerako bakarrik direla, eta benetan garrantzitsua dena estrategia osoaren errentagarritasuna dela.

ETFak burtsan aurkitzen dira, hau da, errenta aldakorreko merkatuetan. Hortaz, ETFtan inbertitzeko errenta aldakorrean inbertitzeko pauso berberak jarraitu behar dira. Horrela, lehenik balore kontu bat beharko dugu.

Kontuan izan ETF gehienak nazioarteko burtsetan egoten direla, beraz, erakunde batean balore kontu bat ireki aurretik begiratu ondo kontu horrek zein merkatuetan aritzen uzten digun. Eta begiratu baita ere merkatu horietarako komisioak. Adibidez, baliteke gure betiko banketxeak ETFetarako aukerarik ez eskaintzea, edo horretarako komisio izugarriak kobratzea. Horrelakorik balitz bilatu beste erakunde bat.

Inbertsio funts arrunten fiskaltasuna errenta aldakorraren fiskaltasunaren oso antzekoa dela ikusi bagenuen ETFen kasuan antzekotasun hori are handiagoa da. Egia esan, ETFak errenta aldakor bezala aitortzen dira, eta elkarren arteko desberdintasun bakarra ETFen dibidenduak beti salbuespenik gabeko dibidendu bezala aitortu behar direla da.

Beraz, ahaztu salerosketaren atxikipena eta inbertsio funtsen arteko intsuldaketak; ETFekin ez dago horrelako berezitasunik, Ogasunarentzako errenta aldakorra dira.

Tresna-barrara saltatu