Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Aurreko bidalketan aipatu bezala denetariko ETFak aurki ditzakegu, inbertsio funts arruntak baino gehiago. Horri esker diru gutxirekin edozein inbertsio estrategia erabiltzeko gai izan gaitezke, baita zorro iraunkorra ere.

Adibidez, har ditzagun hurrengo ETFak:

  • Vanguard Total World Stock: FTSE Global All Cap indizea jarraitzen du, mundu osoko merkatuetako ia enpresa guztiak biltzen dituen indizea —7.500 enpresatik gora—. Bere TER %0,19 da. Banaketa ETFa da; urtean %2 inguruko dibidendua banatzen du. Ziurrenik errenta aldakorreko munduko funtsik dibertsifikatuena.

  • Vanguard Long Term Bond: The Barclays Capital Long Government/Credit Index indizea jarraitzen du, Estatu Batuetan jaulkitzen diren inbertsio graduko epe ertain eta luzeko errenta finkoa biltzen duen indizea —ia 2.000 jaulkipen—. Bere TER %0,10 da, eta ETFko errenta finkoaren bataz besteko iraupena 25 urte ingurukoa. Hau ere banaketa ETFa da, urtean %4 inguruko kupoiarekin. Estatu Batuetako jaulkipenetan bakarrik inbertitu arren kontuan izan mundu osoko enpresek jaulkitzen dutela errenta finkoa Estatu Batuetan, beraz, oso dibertsifikatuta dago baita ere.

  • State Street SPDR Gold Trust. Urre ontzaren erosneurria jarraitzen du —urre lingoteetan inbertitzen du—. Bere TER %0,40 da. Zorro iraunkorrerako, berez, zuzenean urre fisikoan inbertitu beharko litzateke, urre zatiaren helburu nagusienetako bat finantza munduko arazo larriei aurre egitea baita, eta ETFak, azken finean, finantza tresnak dira. Hala ere, zuzenean urrea erosi ezin badugu, honelako ETFak dira urrean inbertitzeko tresnarik aproposenak.

Ikus daiteken bezala ETF pasiboak izanik oso TER baxua dute. Izatez, Vanguard oso ezaguna da gasturik baxuenak kobratzen dituen kudeatzaile gisa. Bestalde, hiru ETFak Estatu Batuarrak dira, eta dolarretan salerosten dira, beraz, berauek erabiltzean euroa eta dolarraren arteko truke balioaren aldaketak ere kontuan eduki behar ditugu. Hasiera batean hori arriskutsua izan daiteke, baina epe luzera euro-dolar trukea bataz besteratuz joaten denez azkenean ez da hain kezkagarria.

Horrela, ETF hauen balioa eurotara bihurtuta, errentagarritasun hau izango zukeen berauetan oinarritutako zorro iraunkorrak —urte hasiera guztietan berrorekatuta—:

Inbertsio funtsa 2009 2010 2011 2012 2013 2014 UTB
Vanguard Total World Stock %28,62 %17,14 %-5,55 %12,34 %11,27 %17,78 %13,12
Vanguard Long Term Bond %-3,68 %10,73 %19,16 %0,45 %-15,44 %32,33 %6,12
State Street SPDR Gold Trust %24,96 %34,47 %16,80 %2,58 %-30,78 %11,04 %7,55
Gordailuak %2,15 %2,68 %2,73 %2,97 %1,23 %1,21 %2,16
Zorro iraunkorra %13,01 %16,25 %8,29 %4,58 %-8,43 %15,59 %7,86

Emaitza oso interesgarria da. Gainera, kontuan izan behar dugu errentagarritasun hauek ez dituztela ETFek banatutako dibidendu eta kupoiak kontuan hartzen. Hortaz, hemen ikusten dugun %7,86eko bataz besteko errentagarritasuna egiaz %9 baino gehiago litzateke. Hala ere, ETFak izanda, zaintza, salerosketa, eta gainerako gastuak ordaindu behar dira, beraz, aurrezki kopuruen arabera, %8 inguruko zerbaitetan geratuko litzateke ziurrenik.

Oharra: Azken sei urtetako errentagarritasunak bakarrik jarri ditut, Vanguardeko ETF horiek aurretik ez baitzeuden. Eta gordailuen interes gisa Espainiako Bankuaren arabera urte baterako gordailuek izan duten errentagarritasuna erabili dut.

Exchange Traded Fund-ak, ETF gisa ezagunagoak, inbertsio funts mota berezi bat dira. Kudeaketa pasibokoak dira, eta, horretaz gain, akzioak balira bezala edozein unetan erosi eta saldu daitezkenak. Asko eta asko, gainera, banaketa funtsak dira, hau da, noizean behin dibidenduak banatzen dituztenak.

Kudeaketa pasiboko funtsak izanda beraien kudeaketa gastuak oso baxuak izan ohi dira. Hala ere, akzioak bezala erosi eta saltzen direnez, errenta aldakorraren gainerako gastu guztiak dituzte. Horren ondorioz aurrezki kopuru txikietarako ez dira inbertsio funtsak bezain aproposak, baina kopuru batetik aurrera oso aukera interesgarria dira, burutik pasa dakiguken edozein inbertsio motarako ia beti baitago ETFren bat.

Adibidez, IBEX 35 indizea jarraitzen duten hiru ETF aurki ditzakegu Espainiako burtsan: BBVA Acción IBEX 35, Lyxor UCITS IBEX 35, eta DB X-Trackers IBEX 35 UCITS. Hiruek %0,40 baino TER txikiagoa dute, eta urtean bi aldiz banatzen dituzte pilatutako dibidenduak. DB X-Trackersek badu IBEX 35eko metaketa ETF bat ere.

Inbertsio funtsetan inbertitzeko ez dugu oso urrun joan behar. Adibidez, ziur gure betiko banketxeak inbertsio funtsak dituela. Hala ere, banketxeak gehienetan funts gutxi batzuk eskeiniko dizkigu bakarrik, hain zuzen, berak kudeatzen dituen inbertsio funtsak. Guk ez dugu horrelakorik nahi.

Gogoan izan ehundaka inbertsio funts daudela, beraz, ez da oso bizkorra gure inbertsio aukerak banketxe baten funts zerrenda murritz batera mugatzea. Horregatik, ez lotsarik izan erakusten diguten zerrendatik kanpo dauden inbertsio funtsak eskatzeko. Banketxeak beste funts batzuekin lanik ezin duela egin erantzuten badigu bilatu beste erakunde bat, ez baita egia ezin duela, ez duela nahi baizik —besteen funtsekin ezin baitu kudeaketa komisiorik irabazi—.

Badira merkatuko inbetsio funts ia guztiekin lan egiten uzten duten banketxeak —adibidez, Bankinter datorkit gogora—, baina bestela inbertsio erakundeetara jo dezakegu beti, adibidez Renta4, Self Bank, eta horrelakoetara. Besoak zabalik hartuko gaituzte. Eta erabili nahi ditugun inbertsio funtsak erabakita dauzkagunean funts bakoitzean inbertitu nahi dugun diru kopurua funts horretan jartzeko eskatu besterik ez diegu.

Duela hilabete Gipuzkoako Ogasunak zenbait aldaketa egin zituen 2014ko irabazien gaineko fiskaltasunean. Gehienak akats zuzenketak izan ziren arren badira blog honetan aipatutakoari eragiten dioten bi aldaketa.

Lehena errenta aldakorreko ondare irabazien PFEZ aitorpenaren ingurukoa da. 2014ko fiskaltasuneko aldaketak ikusi genituenean irabazi horiek aitortzeko modu berri bat erabiltzeko aukera genuela aipatu genuen. Modu berri hori erabiltzen bagenuen Ogasunarentzako zatia salneurriaren %3 izango zela ikusi genuen. Aurreko hilean egindako aldaketen ondoren modu berri honetan ezingo dira eskubideen salmentarengatik lortutako ondare irabaziak aitortu.

Bigarren aldaketa menpeko ekarpenen eta lehentasunezko partaidetzen galeren ingurukoa da. Biak errenta finkoa dira, eta, berez, galera horiek ezin dira ondare irabaziekin konpentsatu PFEZ aitorpenean. Duela hilabeteko aldaketen ondoren, galera horiek 2015 baino lehenagokoak badira, orduan ondare irabaziekin konpentsatu ahal izango dira.

Fiskaltasunari dagokionez inbertsio funtsek antza handia dute errenta aldakorrarekin. Eta hori inbertsio funtsek zertan inbertitzen duten axola gabe. Errenta finkokoak, errenta aldakorrekoak, ala beste edozertakoak izan daitezke, denek dute fiskaltasun bera. Badira, ordea, zenbait desberdintasun inbertsio funtsen eta errenta aldakorraren fiskaltasunen artean.

Lehen desberdintasuna inbertsio funtsek banatzen dituzten etekinetan aurki dezakegu. Akzioen dibidenduetan lehen 1.500 euro arteko salbuespena dagoela aipatzen genuen. Inbertsio funtsetan ez dago horrelakorik, banatzen dituzten etekin guztiak salbuespenik gabeko dibidendu gisa jaso behar dira PFEZ aitorpenean.

Hurrengo desberdintasuna partaidetzak harpidetu eta itzultzean sortutako irabazi edo galeretan dago. Akzioen salerosketarekin izandako irabazi edo galeren antzera aitortzen dira, hau da, ondare irabazi edo galera gisa, baina akzioekin ez bezala, inbertsio funtsen partaidetzekin egindako eragiketetan irabazirik lortuz gero %21eko atxikipena jasango dute irabaziak izan dituzten eragiketa horiek. Hortaz, PFEZ aitorpena egiterakoan ez ahaztu jasandako atxikipena adieraztea —aitorpena ZergaBidea programaren bidez egiten badugu F gakoa erabiliko dugu inbertsio funtsen ondare aldaketetarako—.

Hala ere, desberdintasun guztietan garrantzitsuena inbertsio funtsen arteko intsuldaketarena da. Akzioekin ez bezala, inbertsio funtsekin gure aurrezkiak zuzenean funts batetik bestera mugitzeko aukera daukagu. Ez dugu lehendabizi funts bateko partaidetzak itzuli eta dirua berreskuratu beharrik ondoren beste funts bateko partaidetzak harpidetzeko. Ez, zuzenean funts batetik bestera mugi ditzakegu gure aurrezkiak, nahi dugun kopuruan gainera, eta Ogasunarentzat ez da inongo irabazi edo galerarik egongo —mugimendu horiek aitortu ere ez dira egiten—. Honi esker irabaziak nahi dugun arte pilatzeko aukera izango dugu, bitartean zergarik ordaindu gabe. Eta gogoan izan berrorekatzeak direla eta, honelako mugimenduak maiz egitea gerta daitekela, beraz, oso neurri interesgarria da.

Hiru desberdintasun hauek izan ezik gainerakoa errenta aldakorrarekin bezala da: banatutako etekinen atxikipena, bi hilabeteko araua, eta abar. Inbertsio funtsen irabazi eta galerak errenta aldakorraren irabazi eta galerekin konpentsagarriak dira, gainera.

Inbertsio funts bateko partaidetzak harpidetzen ditugunean garrantzitsua da funts hori behar bezala jarraitzea. Eta inbertsio funts bat jarraitzea diodanean ez dut esan nahi funtsaren partaidetzaren balioak dituen gorabeherak jarraitzea. Hori ere egin behar da, noski, baina garrantzitsuagoa da funts hori aukeratzera eraman gaituzten arrazoiak mantentzen direla jarraitzea. Inbertsio funtsetan aldaketak egon daitezke, adibidez inbertsio politikan, gastuetan, kudeatzailean, eta abar. Adi jarraitu behar ditugu guzti horiek.

Inbertsio funtsen jarraipenerako tresnetako bat funtseko kudeatzaileek noizean behin argitaratzen dituzten txostenak dira. Gutxienez urtean behin funtsaren memoria aurkeztu behar dute, eta maiz sei ala hiru hileko tarteko txostenak argitaratzen dituzte. Batzutan etxean jasoko ditugu, besteetan kudeatzailearen web gunean bilatu beharko ditugu, edo CNMVren web gunean ere aurki ditzakegu.

Ondo irakurri txosten horiek, bertan azalduko baitira funtsaren nondik norakoak: inbertsioak, gastuak, kudeatzaileen kontuak, eta abar. Agian ez dugu dena ulertuko, baina gutxienez interesatzen zaiguna aurkitzeko gauza izango gara. Eta funtsari gustatzen ez zaigun zerbait ikusten badiogu, agur eta hurren arte.

Duela zenbait urtetik hona oso ezagunak egin dira bermatutako inbertsio funtsak. Funts hauek gainerako funtsak bezalakoak dira, baina epe jakin batera inbertsioaren zenbateko bat bermatzen dute. Bermatutakoa hasierako inbertsio osoa, errentagarritasun jakin bat, ala gehienezko galera bat izan daiteke.

Nahiko funts kaskarrak izan ohi dira. Ia denak errenta finkoko inbertsio funtsak dira, eta, azken batean, bermatzen duten errentagarritasuna inbertsioen kupoiaren araberakoa izan ohi da. Kupoia baino txikiagoa, noski, bermearen aitzakiarekin puska on bat kentzen baitiote.

Burtsako indize edo zenbait akzioren bilakaeraren araberako errentagarritasuna bermatzen duten funtsak ere badaude. Horiek ere ez dira beste munduko gauza. Ikusi dugu dagoeneko epe luzera estrategia apropos batekin errenta aldakorrak zein errentagarritasun ematen digun. Bermatutako funts horiek arrimatu ere ez dira egiten.

Bermatutako funtsek urtetako epea izaten dute bermeak eragina izan dezan. Urte horietan, gainera, inbertsioa mugitu ezinda utzi behar da bermea galdu nahi ez bada. Merezi du hain baldintza estuak errentagarritasun kaskar bat bermatzearen truke? Gainera, kontuan izan behar dugu bermea nork ematen duen. Izan ere, ez du ezertarako balio banketxe baten bermeak banketxe horrek porrot egiten badu.

Errenta finkoa errenta aldakorra baino egonkorragoa dela esan dugu beti. Begira ditzagun, ordea, ondorengo errenta finkoko inbertsio funtsen urtekako errentagarritasunak:

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Bankinter Renta Fija Corto Plazo %1,8 %1,7 %2,8 %3,4 %3,2 %1,3 %0,8 %1,8 %3,5 %5,2 %2,54
Bankinter Renta Fija Largo Plazo %3,3 %4,0 %-0,2 %3,1 %8,9 %5,7 %0,1 %-0,8 %4,7 %8,6 %3,69
BBVA Bonos Corto Plazo Plus %2,3 %1,4 %0,9 %1,5 %0,5 %4,3 %-0,4 %1,1 %4,7 %1,8 %1,80
BBVA Bonos Largo Plazo Flexible %1,8 %14,4 %5,1 %0,8 %2,3 %5,8 %-1,9 %-0,7 %6,3 %1,8 %3,48
Kutxabank Renta Fija Corto %1,7 %1,7 %2,4 %3,6 %1,8 %1,4 %-0,1 %2,4 %3,5 %1,3 %1,96
Kutxabank Renta Fija Largo Plazo %5,3 %5,8 %3,0 %1,1 %1,6 %10,5 %1,5 %3,8 %12,3 %3,8 %4,81

Nahita epe desberdineko errenta finkoko funtsak dituzten hiru kudeatzaile aukeratu ditut, azaldu nahi dudana garbiago ikus dadin.

Nola liteke horrenbesteko gorabeherak egotea errenta finkoaren errentagarritasunean? Eta galerak egotea urte batzuetan? Kupoi negatiboak daude, ala?

Galdera guzti horien erantzuna errenta finkoaren inbertsioak aurrez eteteko aukeran dago, hau da, errenta finkoa saldu ahal izatean. Gogoratzen baduzue errenta finkoari eskatzen zaion kupoia bere arriskuen araberakoa da, eta arrisku hori aldakorra denez jaulkipen berriei eskatzen zaien kupoia aldatu egiten da baita ere. Errenta finkoa amaiera arte mantenduz gero, ez dugu kupoi aldaketa horietaz gehiegi kezkatu beharko, baina errenta finkoa saldu beharrean suertatuz gero, kupoien aldaketa hori dela eta, badakigu salneurrian gorabeherak izango ditugula.

Errenta finkoko inbertso funtsei horixe gertatzen zaie. Ez dira errenta finkoa une oro erosi eta saltzen aritzen, baina beren balioa kalkulatzeko funtseko errenta finkoak merkatuan izango luken salneurria adierazi behar dute. Horrek funtsen errentagarritasunean gorabeherak egotea dakar, are eta handiagoak funtseko inbertsioen epea luzeagoa den heinean.

Eta horixe ikus dezakegu goiko taulan. Alde batetik epe motzeko errenta finkoan gorabehera txikiagoak daudela ikusten dugu. Hori guztiz logikoa da, errenta finkoa epe motzekoa bada segituan betetzen baita beren epea, eta segituan barneratzen baitute arriskuak eragindako aldaketa. Hala ere, epe luzera epe luzeko errenta finkoa beti da errentagarriagoa, epe luzeko errenta finkoari kupoia handiagoa eskatzen baitzaio. Hori bai, arriskuek eragindako gorabeherak handiagoak izango dira baita ere.

Guzti honek ondorio garrantzitsu bat du, errenta finkoko inbertsio funtsetan inbertitzeko garaian kontuan hartu behar den ondorio garrantzitsu bat: errenta finkoko inbertsio funtsetan inbertitzerakoan ez begiratu hainbeste funtsak aurreko urteetan izan duen errentagarritasunari, begiratu, batez ere, inbertsio funtsa osatzen duten inbertsioen mota beretsuko errenta finkoak une horretan merkatuan duen errentagarritasunari. Horixe izango da errenta finkoko inbertsio funtsen etorkizuneko errentagarritasuna hobekien erakutsiko digun neurria.

Behin baino gehiagotan aipatu dugu inbertitzerakoan errenta aldakor eta finkoan dibertsifikatzeak duen garrantzia. Inbertsio estrategien adibideak ikusterakoan, gainera, garbi geratu dira horrek dituen abantailak. Beraz, nolatan ez dute sortu oraindik antzeko inbertsio politika duen funtsik? Hau da, inbertsioak errenta aldakorrean eta finkoan banatzen dituen funts bat? Horrela gure aurrezki guztientzat aski genuke inbertsio funts bakarra.

Horixe da, hain zuzen, inbertsio funts mixtoek egiten dutena. Inbertsio funts mixtoetan kudeatzaileak errenta aldakorrean nahiz finkoan inbertitzeko aukera izaten du, eta horri esker estrategia orekatu bat osatzeko gai izan daiteke. Gainera, errenta aldakorraren mugimenduekin denak lasai egoten ez direnez, funts mixtoen inbertsio politikan errenta aldakorrean inbertitu daiteken gehienezko zatia adierazten du, eta horri esker inbertsoreek zenbateraino arriskatzen duten jakin dezakete.

Asko dira inbertsio funts mixtoak merkaturatzen dituzten kudeatzaileak Espainian. Hona hemen azken hamar urteetan martxan egon diren gehientsuenek hamar urte horietan izan dituzten errentagarritasunak:

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Abanca Renta Variable Mixta %8,6 %8,9 %13,4 %4,4 %-23,5 %12,0 %-7,8 %-7,1 %2,9 %12,1 %1,71
Bankia Mixto Renta Fija 15 %4,0 %4,9 %3,2 %2,3 %-4,4 %6,7 %1,1 %3,2 %3,8 %5,3 %2,97
Bankia Mixto Renta Fija 30 %7,3 %6,3 %9,3 %3,5 %-11,8 %15,0 %-1,3 %3,8 %1,6 %6,2 %3,76
Bankia Mixto Renta Variable 50 %7,7 %6,6 %11,3 %5,0 %-10,2 %14,9 %-4,8 %4,1 %2,9 %8,1 %4,32
Bankia Mixto Renta Variable 75 %5,7 %16,6 %12,9 %6,3 %-33,2 %17,9 %-2,3 %-9,2 %12,2 %13,6 %2,79
Bankinter Mixto Flexible %3,4 %9,8 %9,8 %3,0 %-19,1 %10,8 %-3,6 %0,4 %9,8 %17,6 %3,70
Bankinter Mixto Renta Fija %2,5 %5,1 %4,1 %3,5 %-4,9 %3,7 %-2,7 %0,8 %5,3 %10,6 %2,72
BBVA Gestión Conservadora %2,0 %4,9 %2,8 %0,2 %-18,1 %15,5 %-1,9 %-3,4 %6,8 %3,4 %0,88
BBVA Multiactivo Decidido %5,5 %16,5 %5,2 %0,9 %-27,9 %21,3 %-2,4 %-1,1 %5,0 %18,2 %3,17
Bestinver Mixto %17,5 %17,8 %23,2 %4,5 %-26,2 %26,2 %2,9 %-9,4 %11,6 %22,8 %7,81
Bestinver Mixto Internacional %7,8 %21,8 %10,9 %-3,3 %-36,5 %54,0 %19,8 %-7,6 %13,1 %24,1 %7,90
Caja Laboral Crecimiento %5,7 %11,9 %7,9 %5,7 %-27,6 %14,2 %-1,3 %-9,6 %10,9 %13,2 %2,25
Caja Laboral Patrimonio %5,5 %4,2 %7,5 %3,0 %-5,5 %10,4 %-4,3 %-0,7 %2,9 %9,0 %3,07
Fonbilbao Mixto %7,1 %6,6 %10,3 %5,4 %-8,1 %9,1 %-4,5 %-1,9 %2,5 %8,2 %3,29
Fondmapfre Mixto %4,8 %6,1 %4,9 %2,4 %-9,3 %8,3 %-4,5 %-0,7 %6,3 %10,3 %2,69
Kutxabank Gestión Activa Inversión %4,7 %12,7 %10,4 %2,5 %-19,8 %15,7 %2,4 %-5,0 %10,6 %15,9 %4,45
Kutxabank Gestión Activa Patrimonio %1,4 %2,6 %3,1 %1,2 %-2,5 %5,5 %1,8 %-0,3 %5,0 %5,2 %2,27
Kutxabank Gestión Activa Rendimiento %2,8 %8,7 %5,9 %1,6 %-7,9 %9,1 %2,5 %-2,3 %7,4 %10,4 %3,67
Santander PB Cartera Moderada %-1,7 %-0,3 %2,1 %3,0 %-13,5 %4,3 %0,2 %-3,0 %3,0 %2,0 %-0,52

Emaitza hauek ikusita hobe negarrari ematea. Gogoratu epe berean bost funts soil erabilita %6,01eko UTB lortzen genuela 60/40 estrategia sinple batekin. Nola liteke Bestinverrek izan ezik gainerako kudeatzaile guztiek horren errentagarritasun eskasak ematea? Errenta aldakorrik ez dute erabiltzen, ala? Zalantzarik egon ez dadin, hauxe da funts bakoitzak aitortzen duen errenta aldakorraren zatia:

Inbertsio funtsa UTB Errenta aldakorra
Abanca Renta Variable Mixta %1,71 %30-75
Bankia Mixto Renta Fija 15 %2,97 %15-30
Bankia Mixto Renta Fija 30 %3,76 %30
Bankia Mixto Renta Variable 50 %4,32 %30-50
Bankia Mixto Renta Variable 75 %2,79 %50-70
Bankinter Mixto Flexible %3,70 %30-75
Bankinter Mixto Renta Fija %2,72 %30
BBVA Gestión Conservadora %0,88 %30
BBVA Multiactivo Decidido %3,17 %70-100
Bestinver Mixto %7,81 %30-75
Bestinver Mixto Internacional %7,90 %30-75
Caja Laboral Crecimiento %2,25 %30-70
Caja Laboral Patrimonio %3,07 %30
Fonbilbao Mixto %3,29 %30
Fondmapfre Mixto %2,69 %30
Kutxabank Gestión Activa Inversión %4,45 %45-90
Kutxabank Gestión Activa Patrimonio %2,27 %35
Kutxabank Gestión Activa Rendimiento %3,67 %15-60
Santander PB Cartera Moderada %-0,52 %40

Norberak atera ditzala bere ondorioak.

Azken bi bidalketetan inbertsio funtsak erabiliz gure aurrezkiei etekina ateratzeko errentagarritasun adibideak ikusi ditugu. Gerta daiteke, ordea, hasieran aurrezkirik ez izatea, baizik eta pixkanaka kopuru bat aurrezten joatea. Kasu horietarako ere, ikusi ditugu bi estrategia aukera: kostu bataz besteratzea eta Twinvest. Ikus ditzagun bi estrategia horien adibideak orain arte gehien aipatu ditugun funtsekin, hau da, ING Direct Fondo Naranja IBEX 35 eta Bankinter Renta Fija Corto Plazo.

Demagun urtero 1.000 euro aurrezteko gai garela. Kostu bataz besteratze estrategian aurreko urtearen amaieran genuenari 1.000 euro gehituko dizkiogu, eta urtebete osoa utziko diogu funtsari bere lana egiten.

Normalean kostu bataz besteratzea errenta aldakorrarekin erabiltzen da, baina nahi izanez gero errenta finkoarekin ere erabil daiteke. Hau izango zen gure aurrezkien bilakaera, batekin nahiz bestearekin, duela hamar urte hasi izan bagina:

Estrategia Errenta finkoaren
kostu bataz besteratzea
Errenta aldakorraren
kostu bataz besteratzea
Urte hasieran Urte amaieran Urte hasieran Urte amaieran
2004 1.000,00 1.018,00 1.000,00 1.193,00
2005 2.018,00 2.052,31 2.193,00 2.640,37
2006 3.052,31 3.137,77 3.640,37 4.885,38
2007 4.137,77 4.278,45 5.885,38 6.432,72
2008 5.278,45 5.447,37 7.432,72 4.697,48
2009 6.447,37 6.531,18 5.697,48 7.759,97
2010 7.531,18 7.591,43 8.759,97 7.542,33
2011 8.591,43 8.746,08 8.542,33 7.816,23
2012 9.746,08 10.087,19 8.816,23 8.948,48
2013 11.087,19 11.663,72 9.948,48 12.564,93

Errenta aldakorraren kostu bataz besteratzeak ematen digu amaieran errentagarritasun handiena, baina tarteko urteak ikusita garbi dago errenta finkoaren kostu bataz besteratzearekin lasaiago lo egingo genuela, nahiz eta irabazi handiagoak lortzeari uko egin. Hori ikusita Twinvest estrategiara jo genezake. Twinvest estrategian errenta aldakorra da inbertsio nagusia, baina zati bat gordailuetan uzten denez azkenean dibertsifikazioa handitzen dugu, eta ikusi dugu horri esker gorabeherak asko leuntzen direla. Gainera, berdintsu egin daiteke gordailuen ordez epe motzeko errenta finkoko funts bat erabiliz.

Har ditzagun, bada, urtero 1.000 euro, eta gehitu ditzagun bi funtsetara errenta aldakorreko funtsaren balioak izandako aldaketaren alderantzizko proportzioan. Hauxe izango zen aurrezkien bilakaera:

Twinvest Urte hasieran Urte amaieran
Errenta aldakorra Errenta finkoa Guztira Errenta aldakorra Errenta finkoa Guztira
2004 750,00 250,00 1.000,00 894,75 254,50 1.149,25
2005 1.523,42 625,83 2.149,25 1.834,19 636,47 2.470,67
2006 2.356,34 1.114,32 3.470,67 3.162,21 1.145,52 4.307,74
2007 3.551,30 1.756,44 5.307,74 3.881,57 1.816,16 5.697,73
2008 4.237,54 2.460,18 6.697,73 2.678,13 2.538,91 5.217,04
2009 3.241,38 2.975,66 6.217,04 4.414,76 3.014,34 7.429,10
2010 4.828,31 3.600,79 8.429,10 4.157,18 3.629,60 7.786,77
2011 4.637,49 4.149,28 8.786,77 4.243,30 4.223,97 8.467,27
2012 4.768,23 4.699,04 9.467,27 4.839,76 4.863,50 9.703,26
2013 5.356,93 5.346,33 10.703,26 6.765,81 5.624,34 12.390,14

Oraindik ere amaieran irabazi handiagoak ditugu errenta aldakorraren kostu bataz besteratzearekin, baina Twinvest ez zaio oso urruti geratu. Gainera, askoz portaera egonkorragoa izan du.

Edozein kasutan ez dugu ahaztu behar inbertsio funtsak laguntza handia direla estrategia hauetarako. Izan ere, estrategia hauek azaldu genituenean zeukaten dibertsifikazio txikia aipatu genuen beraien eragozpen handiena bezala. Inbertsio funtsei esker ez dugu eragozpen horren beldurrik eduki beharko, inbertsio funts bakarrarekin ere gure aurrezkiak ehundaka akzio, bono, eta abarretan inbertitzen ari baikara.

Bestalde, gogoratu inbertsio aldia edozein izan daitekela: urtean behin, hilean behin, eta abar. Adibideetan urtean behin erabili dut funtsen tarteko errentagarritasun datuak ez baititut eskura.

Tresna-barrara saltatu