Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Orain arteko adibideetan estrategiak oso modu sinplean osatu ditugu, produktu mota bakoitzeko funts bakarra erabiliz. Hau ez da derrigorrez horrela egin behar. Egia esan hobe izan daiteke funts gehiago erabiltzea dibertsifikazioa handitzeko. Adibidez, errenta aldakorrerako Espainiako burtsan oinarritu gara soilik, baina hori ez da hain sendoa, izan ere, Espainian gauzak okerrera joango balira bertako enpresa guztiek sufrituko lukete, eta orduan gure funtsaren emaitzak ere sufritu egingo luke. Azken batean gure inbertsioak lurralde bakarrera mugatzea arriskutsua da; hobe askoz gehiago zabaltzea.

Mundu osoko errenta aldakorra jarraitzen duen funtsik ezagutuko bagenu horixe izango litzateke errenta aldakorra guztiz dibertsifikatzeko aukerarik sinpleena. Baina horrelakorik ezagutu ez arren lortu daiteke gauza bera funts bat baino gehiago erabiliz. Adibidez, erabil ditzagun ondorengo hiru funtsak: ING Direct Fondo Naranja Standard & Poor’s 500, BBVA Bolsa Indice Euro, eta Kutxabank Bolsa Emergentes.

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
ING Direct Fondo Naranja S&P 500 %4,7 %19,0 %2,3 %-7,7 %-34,5 %19,3 %21,3 %3,7 %12,5 %24,6 %4,95
BBVA Bolsa Indice Euro %8,5 %23,3 %17,2 %8,8 %-42,2 %25,3 %-3,5 %-14,5 %17,7 %20,5 %3,75
Kutxabank Bolsa Emergentes %14,2 %50,9 %21,7 %20,2 %-48,5 %83,8 %21,7 %-16,4 %14,8 %-5,6 %10,16

ING eta BBVAren funtsak pasiboak dira. Lehenak S&P 500 indizea jarraitzen du, Estatu Batuetako errenta aldakorrarena, eta bigarrenak EURO STOXX 50, Europakoarena. Kudeaketa pasibokoak izanik gastu baxuenak dituztenak direlako aukeratu ditut. Azkenak, Kutxabankenak, garatzeko bidean dauden herrialdeetako errenta aldakorrean inbertitzen du. Mota honetakoen artean ez dut funts pasiborik aurkitu, beraz, etxetik gertuen dudana hartu dut. Azken aukeraketa hau ez da oso profesionala, baina tira. Horrela, hiru funts hauen bidez ia mundu guztiko errenta aldakorrean inbertitu ahal izango dugu.

Errenta finkoarekin ere antzera egin dezakegu. Adibidez, orain arte erabili dugun funtsari beste bat gehi diezaiokegu, adibidez epe luzeko errenta finkoko bat, dibertsifikazioa handitzeko. Caja Laboral Renta Fija a Largo hartu dut, bat aukeratzeagatik.

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Bankinter RF Corto Plazo %1,8 %1,7 %2,8 %3,4 %3,2 %1,3 %0,8 %1,8 %3,5 %5,2 %2,54
Caja Laboral RF a Largo %2,7 %2,1 %0,5 %1,0 %7,3 %3,8 %-0,3 %4,5 %3,1 %8,0 %3,24

Gure aurrezkiak bost funts hauetan berdin banatuta azkenean 60/40 estrategia jarraitzen arituko gara (20+20+20/20+20). Eta funts guztien artean urtero berrorekatuta errentagarritasun hauxe lortuko genukeen azken 10 urteetan:

2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
%6,38 %19,4 %8,9 %5,14 %-22,94 %26,7 %8,0 %-4,18 %10,32 %10,54 %6,01

Emaitza bikaina. Dibertsifikazioa handitzeari esker urte gutxiagotan izan ditugu galerak, eta azkenean gainera bi funtsekin bakarrik baino errentagarritasun hobea lortu dugu. Eta berriro ere berrorekatzeak errentagarritasuna handitzen lagundu digu, berau gabe %5,27ko UTB lortuko baikenuen.

Bestalde, garbi izan behar dugu ez dela nahitaezkoa funts guztien artean berdin banatzea. Adibidez, oso ohikoa da Estatu Batuetako errenta aldakorrari zati handiagoa ematea, munduko ekonomian duen garrantziarengatik. Eta mota bakoitzerako funts bat baino gehiago ere erabil daiteke. Adibidez, herrialde garatuetarako funts pasiborik aurkitu ez dugunez mota horretako funts pare baten artean bana daiteke beraien zatia, arriskua bataz besteratzeko. Eta berdin errenta finkoarekin ere. Azkenean aukerak milaka dira, eta eroso sentiarazten gaituen bat erabiltzea da kontua.

Inbertsio funtsei esker inbertsio estrategiak aurrera eramatea oso erraza da. Diru gutxirekin inbertsioa dibertsifikatzeko aukera ematen digute, eta horri esker inbertsio estrategien arriskua are gehiago gutxitu dezakegu.

Adibide gisa har ditzagun bi funts: ING Direct Fondo Naranja IBEX 35, eta Bankinter Renta Fija Corto Plazo. Lehena ikusi dugu dagoeneko aurretik, IBEX 35 indizea jarraitzen duen metaketa funts pasiboa da. Bestea epe motzeko errenta finkoan inbertitzen duen metaketa funts bat da. Hauek izan dira azken hamar urteetan izan dituzten errentagarritasunak:

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
ING Direct Fondo Naranja IBEX 35 %19,3 %20,4 %34,2 %9,3 %-36,8 %36,2 %-13,9 %-8,5 %1,5 %26,3 %6,24
Bankinter Renta Fija Corto Plazo %1,8 %1,7 %2,8 %3,4 %3,2 %1,3 %0,8 %1,8 %3,5 %5,2 %2,54
Inflazioa %3,3 %3,2 %2,4 %3,5 %2,8 %0,4 %2,1 %2,8 %2,7 %0,7 %2,39

Taulan ikus daiteken bezala errenta finkoko funtsak ozta-ozta gainditu du inflazioa, beraz, bere horretan ez digu errentagarritasun handiegirik eman. Hala ere, gutxienez aurrezkien eroste ahalmena mantentzeko balio izan du, eta oso tresna aproposa izan da noiznahi diru beharrean ibili izan bagina. Errenta aldakorrak, noski, errentagarritasun handiagoa lortzen du epe luzera, baina dituen gorabeherak ikusita oso arriskutsua izan daiteke dena errenta aldakorrean jartzea. Noizbait diru beharrean bageundeke, eta burtsaren garai okerrenekin tokatuko balitz, gerora zaila litzateke galdutakoa berreskuratzea. Eta bi funtsak konbinatuz gero? Adibidez, 60/40 estrategiarekin, urte hasieran berrorekatuz?

Ikus dezagun 10.000 euroko aurrezkiak zein bilakaera izango zukeen 2004tik aurrera bi funts horiekin 60/40 estrategia erabilita:

Urte hasieran Urte amaieran
Errenta aldakorra
(%60)
Errenta finkoa
(%40)
Guztira Errenta aldakorra Errenta finkoa Guztira Aldaketa
2004 6.000,00 4.000,00 10.000,00 7.158,00 4.072,00 11.230,00 %12,30
2005 6.738,00 4.492,00 11.230,00 8.112,55 4.568,36 12.680,92 %12,92
2006 7.608,55 5.072,37 12.680,92 10.210,67 5.214,39 15.425,07 %21,64
2007 9.255,04 6.170,03 15.425,07 10.115,76 6.379,81 16.495,57 %6,94
2008 9.897,34 6.598,23 16.495,57 6.255,12 6.809,37 13.064,49 %-20,80
2009 7.838,69 5.225,80 13.064,49 10.676,30 5.293,73 15.970,03 %22,24
2010 9.582,02 6.388,01 15.970,03 8.250,12 6.439,12 14.689,23 %-8,20
2011 8.813,54 5.875,69 14.689,23 8.064,39 5.981,46 14.045,85 %-4,38
2012 8.427,51 5.618,34 14.045,85 8.553,92 5.814,98 14.368,90 %2,30
2013 8.621,34 5.747,56 14.368,90 10.888,75 6.046,43 16.935,19 %17,86
UTB %5,41

Oraindik ere errenta aldakor hutseko estrategia hobea izango zela ikus daiteke, baina 60/40 ez da hain urrun geratu. Gainera, 60/40ekin galera urteak errenta aldakor hutseko estrategiarekin baino leunagoak dira. Hori oso garrantzitsua da, guztiek ezin baitute galera bortitzen ondoren lasai lo egin. Bestalde, adibide honetan 60/40 estrategian urte hasieran berrorekatu da bakarrik. Gogoratu nahi den guztietan berrorekatu daitekela, urtean kopuru jakin batean nahiz edozein desoreka handiren ondoren.

Ez dugu gutxietsi behar berrorekatzeak duen garrantzia. Adibidez, kasu honetan inoiz berrorekatu ez balitz, hau da, hasieran 6.000 euro errenta aldakorrean eta 4.000 euro errenta finkoan jarri, eta berrorekatu gabe hamar urte pasatzen utzi balira, orduan etekinen UTB baliokidea %4,90 izango zen, berrorekatuta baino gutxiago, alegia.

Inbertsio politika, gastuak, kudeatzailea, aktibo/pasibo… informazio ugari ezagutu behar dugu inbertsio funtsekin aritzeko. Nondik atera guzti hori?

Modu asko daude inbertsio funts bati buruzko informazioa eskuratzeko. Lehena inbertsio funtsa saldu nahi digun berari eskatzea da. Inoiz banketxe batera joan, eta inbertsio funts bat saldu nahian hasten bazaizkigute, eskatu inbertsio funtsaren liburuxka. Bertan aurkituko dugu beharko dugun informazio guztia. Eta ez konformatu erakutsiko diguten errentagarritasun taularekin bakarrik. Ikusi dugu, jada, taula hori ez dela fidatzekoa.

Beste informazio iturri bat Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen (CNMV) web gunea da. Errenta finkoaren kasuan ikusi genuen bezala, inbertsio funtsak ere CNMVk arautzen ditu, eta bertan aurki dezakegu Espainian merkaturatzen diren inbertsio funts guztiei buruzko informazio osoa.

Azkenik, weg gune ugari aurki daitezke inbertsio funtsei buruzko informazioarekin. Adibidez, ezagunenetakoa Morningstar da.

Inbertsio funtsen arriskuak funts horren inbertsioek dituzten berberak izango dira, noski. Baina horietaz gain badira inbertsio funtsek berezkoak dituzten beste zenbait arrisku.

Adibide sinpleena gordailuetan inbertitzen duen inbertsio funtsa genuke. Gogoan baduzue gordailuek 100.000 euro arteko bermea zuten Gordailuak Bermatzeko Funtsaren bidez. Bada, inbertsio funts batek gordailuetan inbertitzen badu akabo berme hori. Izan ere, bermea pertsona bakoitzeko da, baina inbertsio funtsek ez dituzte gordailuak banan bana partaideen izenean irekitzen, baizik eta dena batera jartzen dute. Horrela eginda kopuru handiak bildu, eta interes hobeak lortzeko gai izaten dira, baina Gordailuak Bermatzeko Funtsaren bermea ezerezean geratzen da.

Beste arrisku bat kudeatzaileari lotutakoa da. Baina ez kudeatzaileak lor ditzaken emaitzei lotutakoa, baizik eta kudeatzailearen jokabide maltzurrari lotutakoa. Adibidez, duela urte gutxi oso ezaguna egin zen Bernard Madoffen kasua. Bernard Madoff Estatu Batuetako kudeatzaile arrakastatsuenetako bat zen, eta bere funtsek izugarrizko etekinak lortzen zituzten. Gerora jakin zenez, ordea, inbertsioak ez ziren benetakoak; horren ordez partaideen aurrezkiak bere onerako erabili, eta kudeakeda datuak faltsutzen zituen. Egia jakin zenerako partaideek ia aurrezki guztiak galdu zituzten.

Ez dira ohikoak horrelako kasuak, baina badaezpada ez gehiegi fidatu sekulako etekinak iragartzen dituzten funts exotikoekin. Gainera, funtsaren enpresa kudeatzailea Espainiako bada, beti begira dezakegu FOGAINek babesten duen ala ez, eta gutxienez 100.000 eurora arte babestuta geundeke kudeatzailea maltzurretan maltzurrena izanda ere.

Kudeatzaileekin lotutako beste arrisku bat kudeatzaile aldaketarena da. Inbertsio funtsen kudeatzailea enpresa bat izaten den arren enpresa horretako talde jakin batek kudeatzen du funts bakoitza. Beraz, inbertsio funts bat bere kudeaketarengatik aukeratu badugu, hobe dugu funtsaren kudeatzaile taldea ez dela aldatu ziurtatzea, nahiz eta enpresa kudeatzaile berarekin jarraitu. Adibidez, oso ezaguna izan da azken hilabete hauetan Bestinver enpresa kudeatzailearekin gertatutakoa. Zuzendaritzarekin izandako hainbat gorabeheren ondoren bertako kudeatzaile ospetsuenek Bestinver utzi dute, eta zalantza da orain nagusi Bestinverrek kudeatzen dituen funtsen etorkizunean.

Azkenik funtsen inbertsio politiketan egoten diren aldaketak daude. Funts bakoitzak inbertsio politika jakin bat izaten duen arren, gertatu ohi da politika horretan kudeatzaileek noizean behin aldaketak egitea. Adi egon behar dugu horrelakoetan, gure inbertsioek guk nahi ditugun moduan jarraituko dutela ziurtatzeko.

Kudeaketa aktibo eta pasiboko funtsak aztertzerakoan aurkitutako kasu bat aipatu nahiko nuke bidalketa honetan, BBVAren kudeaketa enpresak kudeatutako hiru inbertsio funts, hain zuzen ere. Funts horiek BBVA Bolsa, BBVA Bolsa Plus, eta BBVA Bolsa Indice dira. Hiruek Espainiako errenta aldakorrean inbertitzen dute, baina lehen biak kudeaketa aktiboko metaketa funtsak dira, eta hirugarrena kudeaketa pasiboko metaketa funtsa.

Hona hemen azken hamar urteetan izan dituzten errentagarritasunak:

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
BBVA Bolsa %17,6 %17,6 %31,7 %9,5 %-39,5 %37,1 %-15,4 %-14,2 %4,8 %25,4 %4,67
BBVA
Bolsa Plus
%19,1 %20,6 %34,2 %12,5 %-38,7 %34,8 %-14,8 %-15,4 %5,2 %26,4 %5,56
BBVA
Bolsa Indice
%19,3 %20,2 %33,7 %3,4 %-37,2 %36,7 %-14,1 %-8,3 %1,4 %26,1 %5,54

Emaitzak lotsagarriak dira. Gogoratu IBEX 35 indizeari dibidenduak gehitzen badizkiogu urtean %7 baino handiagoko errentagarritasuna emango zuela bataz beste. Hori jakinda sinesgaitza dirudi kudeaketa enpresa baten lan kaskarra zein nabarmen gera daiteken.

Okerragoak dira, ordea, hiru funtsek dituzten kudeaketa gastuak. BBVA Bolsarena funtsaren %2,2 da urtean, BBVA Bolsa Plusena %1,35, eta BBVA Bolsa Indicerena %1,5. Nola liteke funts pasibo batek funts aktiboak baino kudeaketa gastu handiagoak izatea? Lapurreta garbia.

Inbertsio funtsen gastuak azaldu genituenean funtsek kudeatzaile bat izaten dutela ikusi genuen. Kudeatzailea funtseko aurrezkiak behar bezala inbertitzeaz arduratzen da, beraz, bere erabakiak oso garrantzitsuak izango dira funtsaren errentagarritasunari begira.

Kudeatzaileak funtsaren inbertsio politika jarraitu beharko du, noski, baina politika hori oso zehatza izanik ere, beti egin beharko du aukeraketa bat. Eta horretarako, enpresak aztertu, aurreikuspenak osatu, inbertsioen garapena jarraitu, eta abar egingo du. Jakina, lan guzti horrengatik ordainsaria jasoko du, inbertsio funtsaren gastu gisa azalduko den kudeaketa gastua, hain zuzen. Horrela, kudeaketa gastua kudeatzailearen jakinduriaz baliatzeko ordaintzen dugun gastua bezala ere ikus daiteke. Inbertsioak gure kabuz egin beharko bagenitu auskalo zer emaitza lortuko genukeen, beraz, hobe dakien bati ordaindu inbertsioak aproposak suertatuko direla ziurtatzeko.

Baina kudeatzaileen lana benetan da ona? Asmatzen dute beren inbertsioekin? Kudeatzaileek horrela dela erantzungo digute, noski, eta hori frogatzen duten hainbat datu erakutsiko dizkigute. Baina ikus dezagun adibide bat, ea egia den.

Inbertsio funtsa 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 UTB
Bankia BP
RV España
%18,4 %17,4 %31,7 %9,3 %-36,4 %33,0 %-13,9 %-7,1 %4,0 %30,8 %6,30
Bankinter
Bolsa España
%18,1 %17,3 %28,8 %11,2 %-23,8 %34,5 %-19,4 %-11,7 %5,7 %30,7 %7,17
Bestinver Bolsa %30,0 %27,1 %37,4 %4,8 %-35,2 %34,6 %3,7 %-12,7 %14,9 %29,7 %10,84
Caja Laboral Bolsa %16,5 %16,1 %27,9 %6,5 %-34,2 %33,3 %-13,1 %-8,8 %2,0 %20,9 %4,68
Foncaixa Bolsa Gestion España %16,6 %22,3 %33,3 %14,3 %-44,3 %27,6 %-3,2 %-13,5 %7,7 %29,2 %6,05
GVCGaesco Bolsalider %24,9 %16,7 %38,4 %0,8 %-36,7 %24,0 %-20,3 %-15,0 %-7,6 %29,0 %2,57
ING Direct
F. Naranja
IBEX 35
%19,3 %20,4 %34,2 %9,3 %-36,8 %36,2 %-13,9 %-8,5 %1,5 %26,3 %6,24
Kutxabank Bolsa %18,8 %18,1 %28,3 %6,9 %-33,8 %31,5 %-11,5 %-8,2 %4,2 %24,8 %5,87
Popular BP
Bolsa España
%16,4 %18,3 %32,4 %2,5 %-37,7 %33,7 %-13,1 %-9,8 %-0,8 %24,2 %4,16
Renta 4 Bolsa %17,3 %18,4 %26,3 %9,8 %-36,5 %33,0 %-11,8 %-7,6 %0,1 %27,5 %5,40
Santander
Acciones Españolas
%18,5 %19,1 %30,1 %8,2 %-37,2 %33,9 %-13,7 %-10,1 %1,4 %25,4 %5,12
IBEX 35 %17,4 %18,2 %31,8 %7,3 %-39,4 %29,8 %-17,4 %-13,1 %-4,7 %21,5 %2,52

Aurreko taulan Espainiko errenta aldakorrean inbertitzen duten hainbat inbertsio funtsek azken 10 urteetan izan duten errentagarritasuna ikus dezakegu: urtetik urtera, eta UTB baliokidea. Azken lerroan, Espainiako burtsaren bilakaera neurtzeko erabiltzen den IBEX 35 indizearen aldaketak ikus daitezke.

Emaitza oso garbia da: ia funts guztiek IBEX 35ek baino emaitza askoz hobeak lortu dituzte. Eta ez da harritzekoa, azken hamarkadan IBEX 35en emaitza ez baita beste mundukoa izan. Horra hor, bada, kudeatzaileen gaitasuna frogatuta.

Ezta hurrik eman ere! Harrigarria da horren taula soilak bere baitan izan ditzaken gezur eta faltsukeria pila. Eta okerragoa da horrelakoxe taulak erabiltzen dituztela inbertsio funtsak saldu nahi dizkigutenek.

Lehen gezurra funtsaren izenean egoten da ia beti. Bolsa, España, eta horrelako hitzak edukita Espainiako errenta aldakorrean bakarrik inbertitzen duten inbertsio funtsak izatea espero genezake. Baina ez da horrela izaten. Egia da inbertsioen gehiengoa Espainiako errenta aldakorrean egiten dutela, baina inbertsio politika aztertu, eta Espainiako errenta aldakorraz gain beste edozertan ere inbertitzeko aukera edukitzen dutela ikus dezakegu. Eta orduan, zergatik alderatzen dute beren errentagarritasuna IBEX 35ekin? Alderaketa zuzena izateko beren inbertsio aukera guztiak jasotzen dituen indize bat erabili beharko lukete.

Hurrengo gezurra kudeatzailearen meritua azaltzerakoan egoten da. Urte mordo bateko emaitzak batu, eta azkenean beti irabazle. Baina urtetik urtera aztertzen badugu egoera hain erosoa ez dela ikus dezakegu. Nola liteke horrelako aldaketa handiak edukitzea urte batetik besterako errentagarritasunean? Urte txar bat eta sekulako jipoia gure aurrezkientzat. Egia da IBEX 35 ere oso gorabeheratsua izan dela, baina zertarako dago orduan kudeatzailea?

Baina benetan gezur itzela dena IBEX 35en berezkotasun batetaz egiten duten erabilera da. Zerrendako inbertsio funts guztiak metatze funtsak dira, hau da, beren etekinak funtsean bertan pilatzen dituzten funtsak. Beraz, funtsen inbertsioek dibidenduak ematen badituzte dibidendu horiek funtsera doaz, eta, ondorioz, funtsaren errentagarritasuna handitzen dute. IBEX 35 indizea, ordea, akzioen balioetaz osatuta dago, eta, beraz, ez du dibidendurik jasotzen, dibidenduak banatzean akzioen balioa gutxitu egiten baita.

Dibidenduak azaldu genituenean IBEX 35eko enpresek bataz beste urtean %4 edo gehiagoko dibidenduak banatzen zituztela ikusi genuen, beraz, funtsen errentagarritasuna alderatzerakoan IBEX 35i dibidenduak gehitu beharko litzaizkioke gauzak behar bezala egiteko. Eta hor hasten dira kudeatzaileen estuasunak, bapatean IBEX 35eko enpresetan inbertitze hutsak %2,52ko UTB eman beharrean %7 baino gehiagoko UTB ematen baitu.

Baina, orduan, zertarako kudeatzaile bat? Zergatik ez kudeaketaz ahaztu, eta zuzenean IBEX 35eko enpresak erosiko dituen funts soil bat? Gainera, horrelako funts baten kudeaketak ezin du batere zaila izan, eta kudeaketa gastuak ezerezean behar lukete, funtsaren errentagarritasuna ahalik eta gutxien kaltetuz. Eta dibertsifikazioa ziurtatuta izango genuke, gainera.

Horixe da, hain zuzen, kudeaketa aktibo eta pasiboaren artean dagoen aldea. Inbertsio funts batek kudeaketa aktiboa duela esaten da inbertsio hoberenak aukeratzen saiatzen den kudeatzailea duenean. Aldiz, kudeaketa pasiboa duela esaten da kudeatzaileak indize edo zerrenda jakin bat jarraitu besterik egiten ez duenean, aukeraketa lanetan aritu gabe.

Goiko taulako ia funts guztiak kudeaketa aktibokoak dira. Salbuespen bakarra ING Direct Fondo Naranja IBEX 35 da, IBEX 35 indizea jarraitzen duen funts pasibo bat. Eta harrigarria badirudi ere, hoberenetakoa da. Eta hori %1eko kudeaketa gastuak dituen arren —gehiegizkoa kudeaketa pasiboko funts batek sortzen duen lanerako—.

Jakina, kudeatzaile onak ere badaude. Adibidez, txundigarria da Bestinver Bolsa funtsaren emaitza. Egia da Espainiako errenta aldakorraz gain Portugalekoan ere inbertitzen duela, baina hala ere. Lastima Bestinver Bolsako orain arteko kudeatzaileek duela gutxi funtsetik alde egin izana.

Inbertsio funtsen etekinak funtseko aurrezkiekin egindako inbertsioenak dira: aurrezkiak gordailuetan jasotzen badira, interesak; errenta finkoan inbertitzen bada, kupoiak; errenta aldakorrean bada, dibidenduak; eta abar. Eta errenta finkoa edo aldakorra erosi eta saltzen badira, orduan ondare irabazi edo galerak ere lortuko dira.

Inbertsio funtsaren etekinak, ordea, ez zaizkie zuzenean funtsaren partaideei banatzen. Horren ordez normalean funtsean bertan pilatzen dira, berauek ere inbertitu eta etekin gehiago lortzeko. Horri esker funtsaren balioa handituz joaten da etengabe. Jakina, inbertsioetan galerak eduki badira funtsaren balioa txikiagotu egingo da, eta baita gastuen eraginez ere. Beraz, funtsaren balioa aldiero aldatuz doa inbertsio eta gastuen arabera.

Inbertsio funtsaren balioa partaidetza guztien artean banatzen denez partaidetza bakoitzaren balioa erabil dezakegu funtsaren errentagarritasuna neurtzeko. Eta etekinak jaso nahiko bagenitu aski izango genuke partaidetzak itzuli eta aurrezkiak berreskuratzearekin. Azken batean, akzioekin bezalatsu da.

Normalean inbertsio funtsek egunero argitaratzen dute bere partaidetzaren balioa, eta ordutegi zehatz bat izaten dute harpidetzak eta itzulketak balio horrekin egiteko.

Bestalde, badira baita ere etekinak partaideen artean banatzen dituzten funtsak. Honelako funtsek, aldi batean pilatzen joan ondoren, partaidetza guztien artean banatzen dituzte etekinak. Hori egiterakoan, noski, partaidetzaren balioa banatutako etekinen arabera txikiagotzen da. Akzioen dibidenduen antzekoa litzateke hau.

Funts ohikoenak etekinak etengabe pilatzen dituztenak dira, metaketa funts izenez ezagutzen direnak, alegia. Besteei, hau da, noizean behin etekinak banatzen dituztenei, banaketa funts deitzen zaie.

Funts bakoitzak gastu desberdin ugari izan ditzakenez, funtsen arteko alderateka errazteko, inbertsio funts bakoitzari bere TER kalkulatzen zaio. Funts baten TER funts horrek urtean zehar dituen gastu arrunten batura da, eta funtsaren balioaren ehuneko gisa adierazten da. Beraz, inbertsio funts batek zenbat eta TER txikiagoa eduki, orduan eta gastu gutxiago izango ditu, eta interesgarriagoa izan daiteke inbertsio gisa.

Bestalde, funts baten TER ezagutzeak funtsaren egokitasuna aurreikusteko ere balio diezaguke. Adibidez, demagun funts baten inbertsio politika Euroguneko epe motzeko errenta finkoan inbertitzea dela, eta bere TER %2 dela. Errenta finkoa ezagututa badakigu datozen urteetan inbertsio politika horren etekinak oso mugatuak izango direla, funtsaren kudeatzailea munduko hoberena izanda ere. Seguraski etekin guztiak gastuetan joango lirateke, gainera. Beraz, funts hori oso inbertsio kaskarra litzateke.

Itxura batean inbertsio funtsengatik ez dugu gasturik ordainduko. Hau da, funts bateko partaidetzak harpidetzean, mantentzean edo itzultzean ez digute zuzeneko komisiorik ordaindu araziko. Beraz, gasturik ez dutela irudituko zaigu. Baina gauzak ez dira horrela. Inbertsio funtsek gastuak dituzte, eta uste baino handiagoak gainera. Gertatzen dena gastuak zeharkakoak izaten direla da. Hau da, gastuak zuzenean guri ordaindu arazi beharrean —adibidez errenta finko eta aldakorreko eragiketetan gertatzen den bezala—, inbertsio funtsean pilatutako aurrezkietatik kentzen dira. Hortaz, garbi eduki: inbertsio funtsek badituzte gastuak.

Inbertsio funtsen gastuetako bat zaintzarena da. Zuzeneko inbertsioekin gertatzen den bezala, inbertsio funtsetako inbertsioak ere erakunderen batean gorde behar dira —gordailuzaina—, eta horrek zaintza gastuak sortzen ditu. Ez da gastu handia izaten, normalean funtsaren balio osoaren %0,1 inguru urteko, baina gastua azken finean. Ez dugu ahaztu behar, gainera, nahitaezkoa dela gastu hau txikia izatea, gastuen eragina gutxitzeko ari baikara inbertsio funtsak aztertzen.

Inbertsio funtsen beste gastu bat kudeaketarena da. Funtsek aurrezkiak inbertsio politikaren arabera inbertituko dituen pertsona edo talde bat izaten dute, funtsaren kudeatzailea, alegia, eta kudeatzaile honek bere lanarengatik kobratu egiten du, noski. Honi kudeaketa gastua deitzen zaio, eta inbertsio funtsen gastu handienetakoa izan ohi da. Kontu handiz begiratu behar dugu gastu hau, sekulako astakeriak ikusten baitira. Adibidez, oso ohikoa da funtsaren balio osoaren %2 kobratzea urtean, kudeatzailearen lana hutsalaren hurrena izan arren.

Zenbait inbertsio funtsetan harpidetza eta irteera gastuak ere egoten dira, hau da, funtseko partaidetzak harpidetu edo itzultzeagatik ordaindu beharrekoak. Ez da ohikoa, baina hobe horrelako kontuekin adi ibiltzea.

Lortzen diren irabazien gaineko komisioak ere aurki daitezke zenbaitetan. Hau da, irabazien zati bat kudeatzailearentzat eman beharra. Baina hau ere ez da oso ohikoa.

Beraz, kontu izan inbertsio funtsen gastuekin. Ezkutuan geratu ohi dira, eta askotan daudenik ere ez gara konturatuko, baina kalte handia eragin diezaiekete gure aurrezki eta etekinei, eta arrazoi nahikoa izan daitezke funts bat edo beste baztertzeko.

Inbertsio funts baten inbertsio politikak aurrezkiak zein eratan inbertituko dituen esaten digu, hau da, zein motako produktuak, nongoak, zein epetakoak, eta abar erabiliko dituen. Funts bakoitzak bere politika izaten du, eta politika hori jarraitzen duen kudeatzaile bat.

Horrela, errenta aldakorreko funtsak aurki ditzakegu, errenta finkokoak, mistoak, aurrezkiak gordailuetan jasotzen dituztenak, eta abar. Mugatuagoak ere izan daitezke, adibidez, Espainiako errenta aldakorrean inbertitzen dutenak, Euroguneko epe luzeko zor subiranokoak, espekulaziorako bonoetakoak, Estatu Batuetako finantza erakundeen akzioetakoak, eta abar luze bat. Denetik aurki dezakegu.

Honi esker inbertsio funts bat egokia zaigun ala ez begiratu hutsarekin jakin ahal izango dugu. Adibidez, 100 ken adina estrategia jarraitu nahi badugu ez digu ezertarako balioko metal preziatuak aipatzen dituen inbertsio politika duen funts batek. Baina, horren ordez bi funts nahikoa izan litezke, bata errenta aldakor dibertsifikatukoa eta bestea errenta finko dibertsifikatukoa.

Adibide gisa, hona hemen Laboral Kutxaren CL Crecimiento funtsaren inbertsio politika:

Laboral Kutxa CL Crecimiento

Tresna-barrara saltatu