Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Inbertsio estrategiak azaltzerakoan arriskuei aurre egiteko dibertsifikazioak zuen garrantzia ikusi genuen. Batez ere, aurrezkiak inbertsio mota desberdinetan banatzea komeni zela ikusten genuen, baina mota beraren barruan baita aukera desberdinetan ere. Bestalde, komisioei aurre egiteko, ikusi dugu baita ere inbertsio bakoitzeko gutxieneko kopuru bat erabiltzea komeni dela. Baina, orduan, ez al da sekulako dirutza beharko aurrezkiei etekina ateratzeko? Adibidez, 60/40 estrategia erabili nahi badugu, errenta finkoko inbertsio bakoitzeko 5.000 euro komeni badira, eta dibertsifikatzeko 10 jaulkipen desberdin behar baditugu, orduan 50.000 euro behar ditugu gutxienez errenta finkoaren zatirako, eta 125.000 euro estrategia osorako. Eta nork du aurrezki guzti hori? Zorionez, askoz kopuru txikiagoekin estrategia berberak erabiltzea ahaltzen diguten tresnak aurki ditzakegu: inbertsio funtsak.

Inbertsio funtsak inbertsore multzoak dira, beren aurrezkiak batu eta inbertsio jakin batzuk egiteko bildu diren inbertsore multzoak. Gainera irekiak izan ohi dira, hau da, edonor gehitu daiteke inbertsio funts batera. Horretarako aski izango da funtseko partaidetzak harpidetzea.

Funtsetako partaidetzak enpresetako akzioak bezala ikus daitezke: balio aldakorra dute, funtsaren inbertsioen bilakaeraren araberakoa. Baina akzioen kasuan saltzaile bat behar bada funtsen kasuan ez da horrela. Nahi adina partaidetza harpidetu daitezke, eta nahi den aldi guztietan; ez dago mugarik. Eta funtsa uzteko aski izango da partaidetzak itzultzea; nahi denean, eta nahi diren kopuruan. Erosle beharrik gabe hemen ere.

Ehundaka inbertsio funts daude, eta berauei esker aurrezki gutxirekin ere gure inbertsio estrategia betetzeko gai izango gara. Izan ere, gure aurrezkia beste inbertsore batzuenarekin pilatuta kopuru handiagoak osatuko dira, eta horri esker komisioen eragina gutxitu ahal izango dugu. Hala ere, kontu izan behar dugu funtsak aukeratzean, ez baitute denek balio. Horrela, inbertsio funts bat ondo datorkigun ala ez jakiteko, gutxienez funtsaren inbertsio politika eta gastuak begiratu beharko ditugu.

Inbertsio estrategia bat gure aurrezkiak inbertitzeko gida bat da, aurrezki guztiak inbertitzeko gida bat. Beraz, ez du zentzurik aurrezkiak estrategia desberdinetan banatzeak. Bat aukeratu behar dugu, erosoen sentiarazten gaituena, eta dena estrategia horren arabera inbertitu. Jakina, dauzkagun aurrezkien arabera ez digute estrategia guztiek berdin balioko. Adibidez, aurrezten hasi berriak bagara zentzu handiagoa izango dute kostu bataz besteratzeak eta Twinvestek zorro iraunkorrak baino. Eta aurrezki multzo eder bat badugu orduan hobe 60/40 eta horrelakoak. Hala ere, adibidez, posible da Twinvestekin hasi, eta behin amaierara iritsita, edota aurrezki multzo polit bat lortuta, inbertsioa zorro dibertsifikatuko estrategia batera aldatzea. Baina horrelako aldaketaz aparte ez da komeni noiznahi estrategia batetik bestera mugitzen aritzea. Estrategia guztiak epe luzera inbertitzeko pentsatuta daude, epe motzeko arriskuak kontuan hartuz gainera. Beraz, ez kezkatu noizbait inbertsioek aldi txar bat izaten badute, utzi urteetan lasai, segi aurrezkiak pilatzen, beharrezkoa denean berrorekatu, eta estrategiak egin dezala bere lana. Horixe da aurrezkiei etekina ateratzeko modurik hoberena.

Zorro iraunkorrak aurrezkiak lau zati berdinetan banatzen ditu: aurrezkien laurden bat errenta aldakorrean inbertitzen da, beste laurden bat epe luzeko errenta finkoan, beste laurden bat urrean, eta azken laurdena gordailuetan uzten da. Dibertsifikazio muturrenetakoa ia, beraz. Eta, jakina, banaketa asko aldatzen bada orduan berrorekatu egiten da, beharrezkoa dena saldu eta erosiz.

Banaketa honekin edozein arriskurako prest egotea lortzen da. Adibidez, inflazio garaietan errenta aldakorra eta urrea izango ditugu lanean, krisi garaian errenta finkoa eta gordailuak, eta beste edozer gertatuta ere edukiko dugu seguruenik ondo joango den zatiren bat.

Twinvest

Comments off

Twinvest estrategia kostu bataz besteratzearen hobekuntza gisa ikus daiteke. Twinvestekin ere hutsetik hasten gara, aldiero diru kopuru bera aurreztuz, baina aurrezten duguna erabat errenta aldakorrean inbertitu beharrean aldi bakoitzeko kopuru hori bitan banatzen da, dibertsifikazioa hobetuz. Hain zuzen, zati bat errenta aldakorrean inbertitzen da, eta bestea gordailuetan uzten da. Gainera, aldiroko aurrezkiaren banaketa aldatu egiten da.

Lehen aldian aldiroko kopuruaren %75 erabiltzen da akzioak erosteko, gainerako %25a gordailuetan utziz. Adibidez, demagun hiru hilean behin 500 euro aurreztea erabaki dugula. Orduan lehen aldi horretan 500 x 0,75 = 375 euro erabiliko genituzke akzioak erosteko, gainerako 500 – 375 = 125 euroak dirutan gordez.

Hortik aurrera, ordea, akzioen hasierako erosneurriaren aldaketaren alderantzizko proportzioak emango digu errenta aldakorrera bideratu beharreko zatia. Beraz, lehen aldiz akzioak erosten ditugunean akzio bakoitzaren erosneurria zenbatekoa den gogoratu beharko dugu hurrengo aldi guztietan.

Adibidez, demagun lehen aldi horretan akzioak 5 euro balio zituela. Balio horrekin 75/25 banaketa egin dugunez hurrengo batean berriro 5 eurotan badago orduan 75/25 banaketa erabiliko dugu baita ere. Baina, adibidez, akzioak 6 euro balio baditu orduan 5 x 75 / 6 = %62,50 bideratu beharko dugu errenta aldakorrera. Hau da, 500 x 0,625 = 312,50 euro. Baina, adibidez, 4 euro balio baditu orduan 5 x 75 / 4 = %93,75, hau da, 500 x 0,9375 = 468,75 euro.

Alderantzizko proportzio honi esker askoz gehiago erosten da akzioen erosneurria jeisten denean, eta gutxiago erosneurria igotakoan, bataz besteratzea askoz nabarmenagoa eginez.

Gerta daiteke, ordea, akzioen balioa asko jeisteagatik aldiroko aurrezkia behar adinekoa ez izatea. Adibidez, aurreko adibidearekin jarraituz, demagun akzioa 3 eurotara jeitsi dela. Orduan 5 x 75 / 3 = %125 erabili beharko genuke akzioak erosteko, hau da, 500 x 1,25 = 600 euro. Kasu honetan bi aukera dauzkagu: aldiroko kopurura mugatu, ala faltako litzatekena gordailuetan daukagunarekin aterata osatu. Hau da, gure aurrezkia hiru hilean behin 500 eurokoa zenez horixe erabiliko genuke gehienez aldiero. Ala, aurrezkiaren zati bat gordailuetan dugula aprobetxatuz, falta diren 600 – 500 = 100 euroak gordailutik atera, eta errenta aldakorrera pasa, horrela estrategia zorrotz jarraituz. Bi aukerak dira onak; norberaren lehentasunen arabera erabaki daiteke.

Bestalde, Twinvest estrategiak badu amaiera ere. Hain zuzen, errenta aldakorrera bideratu beharreko zatia %25era iristean estrategia amaitutzat ematen da. Zati hori hainbeste gutxitzeko akzioaren balioak asko igo behar izan du, beraz, irabaziak jasotzeko aprobetxa daiteke. Edo nahi izanez gero beste Twinvest bat hasteko. Edo beste estrategia bat. Norberak nahi duena.

Cuenta de Reinversión BBVA

BBVAren Cuenta de Reinversión kostu bataz besteratze estrategia aurrera eramateko aukera interesgarri bat da. Estrategiarako oinarria BBVAren akzioak dira, noski, eta inbertsio aldia hiru ala sei hilean behin. Aukera honek duen abantaila, ordea, inbertsio unea iritsi arte aurrezkiari %8 UTBko interesa ematen diola da. Hau da, nahiz eta akzioak hiru ala sei hilean behin erosi, hilero-hilero kopuru jakin bat aurrezteko aukera jasotzen du, eta horri %8ko interesa ematen dio. Horretaz gain, akzioek dibidenduak banatzen dituztenean dibidendu horiek kontu honetara doaz, eta horiei ere %8ko interesa gehitzen die. Bestalde, BBVA beraren akzioak direnez, ez digu akzioen mantentze, zaintza eta bestelako gasturik kobratzen.

Kostu bataz besteratzea, batez ere, errenta aldakorraren arazoak gainditzeko pentsatutako estrategia da. Aurrezten hasteko bide bat bezala ere ikus daiteke.

Estrategia honetan hutsetik hasten da, baina aldiero kopuru jakin bat aurrezteko konpromisoarekin. Adibidez, hilean 50 euro aski izan daitezke. Aldia eta kopurua erabakita, aldiero kopuru bera inbertitzen da akzio berdinean. Euro kopurua beti berdina denez akzioaren erosneurria altua bada orduan akzio gutxi erosiko dira, baina erosneurria baxua bada orduan akzio asko erosiko dira. Horrela, kostua bataz besteratzen joango da, eta errenta aldakorraren hegakortasunari aurre egitea lortuko da. Bestalde, estrategia epe luzean mantenduta errenta aldakorraren errentagarritasunak bete-betean lan egin ahal izango du.

Estrategia honen puntu ahulena dibertsifikazio eza da. Horregatik ondo aukeratu behar da zein akzio erabili. Hobe enpresa sendo eta iraunkor bat aukeratzea, nahiz eta errentagarriena ez izan. Bestalde, gogoratu akzioak erosterakoan komisioak ordaindu behar direla, eta badakigu kopuru txikiko inbertsioetan komisoak oso kaltegarriak izan daitezkela.

60/40 da seguruenik gehien erabiltzen den inbertsio estrategia. Estrategia honetarako aurrezkiak bitan banatzen dira: aurrezkiaren %60 errenta aldakorrean inbertitzen da, eta gainerako %40 errenta finkoan.

Banaketa honen helburua bataren arriskua bestearekin konpentsatzea da. Adibidez, errenta aldakorra oso hegakorra da, eta errenta finkoa egonkorragoa, beraz noizbait dirurik beharko bagenu errenta finkoa saldu genezake galera saihesteko. Errenta finkoa, ordea, ez litzateke hain aproposa izango inflazioa igoz gero. Kasu horretan errenta aldakorra izango genuke babes gisa, askoz hobeto moldatzen baita inflazio garaietara.

Gerta daiteke denbora aurrera doan eran gure inbertsioen banaketa aldatzea. Kasu horretan inbertsioa berrorekatu egiten da. Adibidez, demagun burtsan urte ona izan dela, eta errenta aldakorraren balio igoera dela eta, errenta aldakorraren zatia inbertsio osoaren %75 izatera iritsi dela. Orduan errenta aldakorraren gehiegizko %15 hori saldu, eta errenta finkoa erosiko dugu, berriro 60/40 banaketa berreskuratzeko. Horrela, batetik irabaziak egonkortzen ditugu, eta bestetik erosketak bataz besteratzen ditugu. Ohikoena gutxienez urtean behin berrorekatzea da.

100 ken adina deitutako estrategia 60/40ren aldaera bat da. Aurrezki guztiak errenta aldakor eta finkoan banatzen ditu baita ere, baina beti banaketa berdina mantendu beharrean gure adinaren araberako banaketa egiten du. Hain zuzen, errenta aldakorrera bideratutako ehunekoa 100i gure adina kenduta emango lukena litzateke. Gainerakoa errenta finkora joango litzateke. Eta adina aldatuz doanez banaketa adinaren arabera berrorekatuko da baita ere.

Estrategia honen atzean dagoen ideia gure bizimoduan izan ohi dugun portaera da. Gazteak garenean lan egiteko gaitasun handiagoa dugu, eta normalena lanaren etekinetatik bizitzea da. Garai honetan inbertsioak saldu behar izateko arriskua txikiagoa da, beraz, ez dugu hainbeste kezkatu behar errenta aldakorraren hegakortasunaz. Horrela, garai aproposa da errenta aldakorrerako, eta epe luzera bere errentagarritasunaz ahalik eta gehien baliatzeko. Adinean aurrera goazen eran, ordea, epea laburtuz doa, eta etekin egonkorrak ziurtatzea komeni zaigu. Horretarako, jakina, hobe errenta finkoa.

Pertsona bakoitzaren egoera desberdina da, eta gehien eragiten dioten arriskuak ere bai. Horregatik, ez dago denentzako balio duen inbertsio estrategia bakar bat. Hala ere, urteetan zehar hainbat proba egin ondoren, badira kasu gehienetarako aproposak suertatu diren oinarrizko estrategia batzuk.

Hauek dira ikusiko ditugun adibideak:

  • 60/40
  • 100 ken adina
  • Kostu bataz besteratzea
  • Twinvest
  • Zorro iraunkorra

Beraien artean zenbait desberdintasun dauden arren, denek dute dagoeneko ezagutzen ditugun bi ezaugarrietako bat, normalean biak gainera: dibertsifikazioa eta bataz besteratzea.

Bataz besteratzea aurrezkiak zatikatzeko beste modu bat da. Dena batera inbertitu beharrean inbertsioa aldi desberdinetan osatzean datza.

Inbertsio produktuen errentagarritasuna denboran zehar aldatu egiten da, eta gerta daiteke une jakin batean hain aproposa ez izatea. Inbertsioa zatituz eta aldi desberdinetan inbertituz ez dugu une aproposa zein den asmatu beharko. Bataz besteratuz une onek eta txarrek orekatzera joko dute, eta inbertsioari errentagarritasun aproposa aterako diogu.

Bestalde, bataz besteratzeak gure inbertsioa pixkanaka osatzen lagunduko digu baita ere. Horixe izaten da, adibidez, ohiko aurrezki planek egiten dutena. Plan hauek aldiero kopuru bat inbertitzeko eskatzen dute, eta horri esker inbertsioa denboran zehar osatzeaz gain inbertsioaren errentagarritasuna bataz besteratu egiten da.

Bataz besteratzea dibertsifikazioarekin ere lotzen da. Dibertsifikatzerakoan inbertsioa produktu mota desberdinetan banatzen dugu, arriskuei modu orekatuan aurre egin ahal izateko. Denborarekin, ordea, gerta daiteke zatien balioa aldatu, eta inbertsioak oreka galtzea. Kasu horretan berriro orekatuko dugu, inbertsioa zatien artean mugituz. Adibidez, oso ohikoa da dibertsifikazioa urtean behin berrorekatzea. Honekin, azken batean, zati bakoitza bataz besteratzen ari gara.

Jakina, inbertsioen unerik aproposena aurreikusteko gai bagara bataz besteratzeak ez du zentzurik. Horrelakoetan inbertitu dena kolpetik.

Dibertsifikazioa aurrezkiak inbertsio bat baino gehiagotan banatzea da. Guretzako inbertsiorik hoberena zein den argi badaukagu orduan dibertsifikazioak ez du inolako zentzurik, baina normalean inbertsio hoberena zein den aurreikustea ezinezkoa denez, dibertsifikazioari esker, arrisku desberdinen eragina gutxitzea lortzen dugu.

Adibidez, garbi izan dezakegu inbertsio hoberena errenta aldakorra izango dela, baina epe motzera diru beharrean izango garela uste badugu arriskutsuegia izan daiteke dena errenta aldakorrean inbertitzea. Horrela, dena errenta aldakorrean inbertitu beharrean zati bat gutxienez gordailuetan jar dezakegu, eta dirua behar izanez gero badakigu gordailuetara jo ahal izango dugula, errenta aldakorraren gorabeherek duten arriskua gutxituz. Jakina, dena errenta aldakorrean jarrita baliteke errentagarritasun handiagoa lortzea, baina orduan errenta aldakorraren arrisku guztiak jasango genituzke oso-osorik.

Produktu mota bakarrean inbertitzerakoan ere dibertsifikazioa onuragarria da. Adibidez, errenta finkoan inbertitu behar badugu inbertsioa jaulkitzaile bat baino gehiagoren artean bana dezakegu, epe desberdinetako errenta finkoan, eta abar. Horrela, batek huts eginez gero besteak izango ditugu etekinak jasotzen jarraitzeko. Edo berdin egin dezakegu errenta aldakorrean ere, adibidez, inbertsioa lurralde desberdinetako enpresetan, sektore desberdinekoetan, eta abar banatuz.

Dibertsifikatzeko garaian hartu beharreko lehen erabakia aurrezkiak zein produktu mota desberdinetan banatu behar diren da. Horretarako zein arrisku dituzten begiratuko dugu, eta gehien eragin diezaguketen arriskuei aurre egiten lagunduko digun banaketa aukeratu. Adibidez, oso ohikoa da aurrezkiak gutxienez errenta finkoan eta errenta aldakorrean banatzea.

Baina produktu moten arteko banaketarekin ez da nahikoa, produktu mota bakoitzean ere dibertsifikatzea komeni da. Adibidez, errenta aldakorreko inbertsioa gutxienez hamar enpresa desberdinetan banatzea gomendatu ohi da. Eta desberdinak izan behar dutela esatean, guztiz desberdinak esan nahi da. Hau da, ez du ezertarako balio, adibidez, akzio guztiak hamar eraikuntza enpresa desberdinetakoak izateak, hamar enpresa deesberdin izan arren eraikuntza sektoreak huts egiten badu orduan enpresa guztiak joango baitira gaizki.

Dibertsifikazioak galerari aurre egiten laguntzen digu. Beraz, ez larritu porroten bat badugu, horretarako ari gara dibertsifikatzen; gainerako inbertsioak ondo badoaz gure aurrezkien osotasuna ere ondo joango da, eta hori da balio duena. Hori bai, hasieran aipatu bezala, inbertsio hoberenak aurreikusteko gai bagara orduan ez dugu dibertsifikazioarekin denborarik galdu behar, horrelakoetan errentagarritasun handiena emango digun inbertsiora bakarrik jo.

Tresna-barrara saltatu