Dirutan

Aurrezkiei etekina ateratzeko sasigida

Orain arte aurrezkiak inbertitzeko aukera desberdinak ikusi ditugu: ezaugarriak, abantailak, fiskaltasuna, eta abar. Orain gure aurrezkiekin zer egin erabaki behar dugu.

Hasiera batean erabakiak sinplea dirudi, izan ere, gure egoerara hobekien egokitzen den produktua zein den aurkitzea besterik ez dugu, ondoren aurrezkiak horretan inbertitzeko. Adibidez, aurrezkiak epe luzean behar ez baditugu errenta aldakorrean inbertituko dugu, berau baita inbertsio errentagarriena. Eta aurrezkietaz noiznahi behartuko bagara, orduan hobe gordailuak erabiltzea, nahiz eta gordailuen errentagarritasuna baxuenetakoa izan.

Tamalez, egoera aldatu egin daiteke, bai gurea, baina baita inguruarena ere. Beraz, uneko egoeraz gain, etorkizunean etor daitezken arriskuei aurre egiteko moduan inbertitu behar dugu.

Eta nola dakigu etorkizunean zer gerta daiteken? Ezinezkoa da etorkizuna aurreikustea, noski. Orduan, nola egin diezaiokegu horri aurre? Honek ere ezinezkoa dirudi, baina, zorionez, badira arrisku guztiei aurre egiten lagunduko diguten bi neurri: dibertsifikazioa eta bataz besteratzea.

Urreak eta zilarrak berezko etekinik sortu ezin dutenez gutxi erabiltzen dira inbertsio gisa. Hala ere, ezin da ukatu bi metal horiek historian izan duten garrantzia, beraz, berauek erabat baztertzea ez litzateke zuzena izango.

Metal preziatuen etekina aztertu genuenean urrea eta zilarra inflazioari aurre egiteko tresna aproposak izan daitezkela aipatu genuen. Gaur egun, ordea, inflazioa oso baxua da, eta ez dirudi, oraingoz behintzat, arrisku handia bilakatuko denik.

Dena den, 2008 urteaz geroztik izandako finantza krisiak argi erakutsi du diruarenganako konfidantza gutxitu denean metal preziatuak babesgune bikaina izan direla. Urte horretatik aurrera urreak eta zilarrak izan duten gorakada itzela ikusi besterik ez dago. Beraz, munduko finantzen egoera duda-mudakoa den bitartean urreak eta zilarrak baliagarriak izaten jarraituko dute.

Urrea nahiz zilarra erosteko hoberena beraiek saltzen dituzten erakunde espezializatuetara jotzea da. Horrelako erakundeek urrea eta zilarra lingote edo txaponetan erosteko aukera ematen dute. Bitxidenda batzuk ere aritzen dira urre eta zilarraren salerosketan. Eta azkenik edonon aurki ditzakegu Compro Oro motako dendak, nahiz eta hauek urrea erosteaz bakarrik arduratu ohi diren.

Akzioek bezala metal preziatuek beren merkatuak dituzte, erosneurria merkatu horietan erabakitzen delarik. Erosneurria pisuaren araberakoa izaten da —hainbat dolar ontza bakoitzeko—, eta osatzen diren salerosketekin aldiero aldatuz joaten da. Urrea edo zilarra erosterakoan merkatu horietako salneurriak ordaindu beharko ditugu guk ere, ehuneko txiki bat gehituta. Ehuneko hori handixeagoa izaten da txanponen kasuan, eta baita lingoteen pixua txikiagoa denean ere. Bestalde, ez ahaztu zilarrari %21eko BEZ gehitzen zaiola. Eta gure urrea eta zilarra saltzerakoan ere merkatuko erosneurria ordainduko digute, baina ehuneko txiki batean gutxituta. Gutxitze hori handiagoa izango da baita ere txanponetan eta pisu txikiagoko lingoteetan.

Adibide gisa, urrea eta zilarra saltzen dituen erakunde bat Dinoro da. Dinorok urrezko eta zilarrezko txanpon eta lingoteak saltzen ditu, guri urrea eta zilarra erosteko aukera ematen du, eta nahi izanez gero segurtasun kutxa zerbitzua ere eskaintzen du. Dinoro Bilbon dago, baina Internet bidez eros daiteke bere web gunetik.

Dinoro

Aipatu dugu jada metal preziatuek ez dutela etekinik sortzen, eta irabazia lortzeko modu bakarra salerosketa bidezkoa dela. Horrela, metal preziatuekin egindako eragiketak ondare irabazi edo galera gisa izango dira Ogasunarentzat. Beraz, urrea edo zilarra saltzerakoan akzioak saltzerakoan adierazi behar den informazio bera adierazi beharko dugu PFEZ aitorpenean, hau da, eskuratze eta eskualdatze egunak, eta eskuratze eta eskualdatze balioak. Hala ere, ZergaBidea programan R kodea erabiliko da ondare aldaketa hauentzat.

Metal preziatuen salerosketak ez du atxikipenik, eta akzioen eskuratze balioei eragiten dieten eguneratze koefiziente berberak eragiten diete hauei ere. Eta metal preziatuekin ere gainerako ondare irabazi eta galerak konpentsatzeko aukera dugu, akzioekin jarraitu beharreko arau berberekin. Hori bai, akzioetan bi hilabeteko araua bagenuen metal preziatuetan urtebetera luzatzen da epe hori.

Metal preziatuen inbertsioak ez du aparteko gasturik. Urrezko edo zilarrezko txanpon bat edukitzeagatik ez dugu zerga, komisio edo ezer ordainduko. Ikusi dugu, hori bai, metal preziatuak erosterakoan urreak besteen aldean duen abantaila, BEZ ez dela ordaindu behar, alegia. Hala ere, kontuan izan behar dugu BEZ ez ordaintzeko inbertsiora bideratutako urrea izan behar duela, hau da, ez du balio, adibidez, urrezko bitxi batek. Urrea inbertsiorako izateko legeak %99,5 edo gehiagoko purutasuneko lingoteetan, edo %80 edo gehiagoko purutasuneko txaponetan izatea eskatzen du.

Zilarrak ez du abantaila hori. Ez du axola zein motako zilarra den, zilarra erosterakoan %21eko BEZ gehitu beharko diogu erosneurriari beti, eta saltzerakoan BEZ kobratu ezin dugunez, zilarrarekin irabazia lortzea gehiago kostako da.

Bestalde, bada metal preziatuetan inbertitzerakoan aztertu beharreko beste zerbait. Non gorde lingote eta txanponak? Etxean gordetzen baditugu lapurren aurkako sistema edo segurtasun kutxa bat jartzea pentsatu behar da. Horrek gastuak sortuko dizkigu, noski. Bestela, banketxe bateko segurtasun kutxa bat alokatu genezake. Gastua hori ere.

Aurreko bidalketan aipatu bezala metal preziatuek ez dute etekinik sortzen. Adibidez, kilo bat urre badugu urteak igaro ondoren ere kilo bat urre besterik ez dugu izango; urreak ez du interesik, dibidendurik edo bestelakorik sortuko. Beraz, metal preziatuekin irabazia lortzeko modu bakarra salerosketa bidezkoa da: erosterakoan ordaindutakoa baino salneurri handiagoan salduta lortuko da bakarrik irabazia.

Hortaz, metal preziatuetan inbertitzen badugu metalen erosneurriaren baitan geratuko da gure inbertsioa. Hona hemen, adibidez, urre ontzaren balioak azken hamar urteetan izan duen bilakaera:

Urrea

Eta hauxe zilar ontzaren balioak izan duena:

Zilarra

Bi irudi horiek ikusita zaila da metal preziatuetan inbertitzeak irabazirik sortuko digula ziurtatzea. Izan ere, zerk mugitzen du etekinik sortzen ez duen zerbaiten erosneurria? Bi dira arrazoi ohikoenak: kopurua eta inflazioa.

Mundu guztian dagoen urre eta zilar kopurua mugatua da. Egia da urtero-urtero meatzetatik metal preziatu gehiago ateratzen dela, baina gehikuntza hori pixkanakakoa da. Horrela, urre edo zilar eskaera gogor igoko balitz dagoenaren balioa ere igo egingo litzateke. Urrea eta zilarra bitxigintzan erabiltzen dira, eta zilarra industrian ere asko erabiltzen da. Ikusteko dago, ordea, bi erabilera horietatik etor daiteken eskaera gogor igoko litzateken.

Aipatu bezala, bigarren arrazoia inflazioa da. Gogoratu inflazioa erosneurrien gorakada orokorra dela. Horrek, jakina, metal preziatuen erosneurriaren gorakada ere esan nahi du. Bestalde, metal preziatuek mendeetan berdin-berdin irauteko gaitasuna dute, beraz, ez dugu berauek mantentzeaz kezkatu beharko, eta oso-osorik jasoko lukete erosneurrien gorakada hori.

Gordailuak, errenta finkoa, errenta aldakorra, eta higiezinak dira orain arte ikusitako inbertsio aukerak. Metal preziatuak izango dira ikusiko dugun azkena. Egia esan metal preziatuak, berez, ezin dira inbertsiotzat hartu, ez baitute etekinik sortzen, baina diru kontuei oso lotuta daudenez derrigorrezkoa da beraiei buruz zerbait jakitea. Izan ere, metal preziatuak —urrea eta zilarra, batez ere— diru bezala erabili dira mendeetan zehar, eta gaur egun hori galdu egin den arren, balio handiko gai gisa onartzen dira oraindik ere.

Metal preziatu garrantzitsuena urrea da, hain garrantzitsua legeak berak inbertsio gaitasuna aitortzen diola. Horrela, urrea erosterakoan ez dugu BEZik ordaindu beharko. Eta urrearekin bakarrik gertatzen da hau; adibidez, metal preziatuetan hurrengoa dela esan genezaken zilarrak ez du inbertsio aitorpen hori, eta berau erosterakoan BEZ ordaindu beharko dugu.

Urrea eta zilarraz gain badira beste hainbat metal preziatu. Adibidez, platinoa eta paladioa ere erabili ohi dira inbertsio munduan. Baina berauek eskuratzeko zailtasunak direla eta, ez ditut blog honetan aipatuko.

Higiezinetan inbertitzea ez da erraza: diru asko eskatzen du, ez dakigu ziur alokairua ondo aterako zaigun ala ez, gastu ugari ditu, salmentara jo beharrean izanez gero auskalo zenbat berreskuratu dugun, alokairuaren fiskaltasuna ez da hain ona, eta abar.

Duela zenbait urtera arte arazo guzti horiek ez zuten garrantziarik, higiezinen balioak beti gora eta gora egiten baitzuen. Burbuila hori lehertu da, ordea, eta gaur egun hobe dugu egoera ondo aztertu higiezinetan inbertitzera bagoaz. Adibidez, alokairu bidezko urteko etekin garbia inbertsioaren %5era iristen ez bada, askok ez dute higiezinen bidezko inbertsioa begiratu ere egiten.

Gainerakoetan bezala, garajean inbertitutakoa berreskuratu nahi izanez gero, garajea saldu egin dezakegu. Ikusi ditugu, jada, garajea erosteko pausoak zein diren. Ez da zaila, hortaz, saltzeko pausoak zein izango diren asmatzea. Hala ere, zenbait ohar salmentaren inguruan:

  • Garajea saltzeko higiezin agentzia batera jotzen badugu honek bitartekaritza gastuak kobratuko dizkigu. Gastu hauek salneurriaren ehuneko txiki bat izan ohi dira.

  • Garajea saltzeagatik Hirilurren Balioaren Gehikuntzen gaineko Zerga ordaindu behar da. Zerga hau, udal plusbalioa bezala ere ezaguna, lurzoruaren balio katastralaren araberakoa izan ohi da. Garajearen jabetzak iraun digun urteetan lurzoruaren balioa handituz joan dela suposatzen da, eta balio gehikuntza horren zati bat garajea dagoen herriko udalari ordaindu behar zaio. Herri batetik bestera zertxobait alda daiteke, baina kasu guztietan salmenta burutu denetik 30 eguneko epea dago berau ordaintzeko.

Bestalde, salmentarengatik izan dugun irabazi edo galera PFEZ aitorpenean jaso behar da. Higiezinak ondaretzat hartzen ditu Ogasunak, beraz, garajearen salmenta ondare galera/irabazi bezala aitortu behar da, akzioen salmentarekin egiten den bezala. Gainera, akzioen antzera ere, garajearen eskuratze eta eskualdatze balioek eragiketa burutzeko jasan ditugun gastu eta zerga guztiak har ditzakete kontuan.

Ohar bat, hala ere, garajearen eskuratze balioa aitortzerakoan. Garajearen alokairuaren aitorpena ikusi genuenean eraikuntzaren balioa amortizatzeko aukera genuela ikusi genuen. Bada, amortizaziorik egin badugu, amortizatutako horrek garajearen eskuratze balioa gutxituko du. Amortizazioari, gainera, eguneratze balioari aplikatzen zaizkion eguneratze koefiziente berdinak aplikatzen zaizkio eguneratutako eskuratze balioa gutxitzeko.

Adibidez, demagun 2010ean garaje bat erosi genuela, zerga eta gastu guztiak kontuan hartuta 14.915 euro ordainduta. Demagun, baita ere, alokatuta eduki dugula zenbait alditan, eta alokairuarekin ondorengo kopuruak amortizatu ditugula: 350,00 euro 2011an, 405,65 euro 2013an, eta 330,30 euro 2014an. Orduan, azken eguneratze koefizienteen arabera, garajearen eguneratutako eskuratze balioa 14.915,00 x 1,086 – 350,00 x 1,053 – 405,65 x 1,010 – 330,30 x 1,000 = 15.089,13 eurokoa izango da. Bestalde, aitorpena ZergaBidea programaren bidez eginez gero, amortizazio kalkulu hauek jasotzeko aukerarik ematen ez duenez, 15.089,13 / 1,086 = 13.894,23 jarriko dugu jatorrizko eskuratze balio gisa, programak egiten dituen eguneraketa eta kalkuluek azken kopuruarekin bat egin dezaten.

Demagun apirilaren batean garajea urte baterako alokatu dugula, hilean 85 euroko errentarekin. Berez, alokairu osoa 85 x 12 = 1.020 eurokoa izango litzateke, baina PFEZ aitorpenean ekitaldiko etekinak bakarrik jaso behar direnez, abendura arteko errentak bakarrik aitortu ahalko genituzke, eta, beraz, 85 x 9 = 765 euro izango litzateke alokairuarengatik lortutako etekin osoa.

Bestalde, demagun garajeak 8 euroko komunitate kuota duela hilean, eta OHZ 35 eurokoa izan dela urtean. Gerta daiteke alokairuaren baldintzak erabakitzean gastuak maizterraren kontura izatea adostu izana. Horrela balitz gastu horiek aitorpenerako ezingo lirateke erabili. Baina demagun gastu horiek gure kontura izan direla. Orduan, 9 hilabeteko alokairua aitortzen ari garenez (275 egun) gastu kengarriak horren proportzioan aitor ditzakegu. Horrela, aitortuko dugun komunitate gastua 8 x 9 = 72 euro izango da, eta OHZri dagokiona 35 x 275/365 = 26,74 euro.

Azkenik, demagun garajearen amortizazioa jasoko dugula PFEZ aitorpenean. Garajearengatik guztira 16.200 euro ordaindu baditugu, gehienez amortizatu dezakegun kopurua jakiteko lurzoruaren balioa kendu behar diogu horri. Demagun ez dakigula zenbatekoa den, baina azken katastro balioak 11.700 euro eta 1.050 euro direla balio osorako eta lurzoruaren baliorako hurrenez hurren. Beraz, garajearen eraikuntza balioa 16.200 – (1.050 x 16.200/11.700) = 14.746,15 eurokoa izango litzateke, eta gehienezko urteko amortizazioa 14.746,15 x 0,03 = 442,38 eurokoa. Alokairua 275 egunekoa izan denez 442,38 x 275/365 = 333,30 euroko amortizazioa aitortuko dugu.

Horrela, 765,00 – 72,00 – 26,74 – 333,30 = 332,96 euro izango litzateke garajearen etekin garbia.

Azkenik, demagun 18.250 euroko lan etekinak ditugula. Ondorioz, alokairuarekin batera 18.250 + 332,96 = 18.582,96 euroko etekin orokorra izango genuke, eta hortik Ogasunarentzako zatia 15.550 x 0,23 + (18.582,96-15.550) x 0,28 = 4.425,73 eurokoa izango litzateke.

Aitorpena ZergaBidea programaren bidez egiten badugu gastuen proportzioak guk kalkulatu behar ditugu. Ogasunarentzako zatirako gainerako kalkulu guztiak, ordea, programa berak egiten ditu.

Tresna-barrara saltatu